Indiako Sari Nagusia eta beste hiru lasterketa gelditzen dira denboraldia amaitzeko. Horiek dira Fernando Alonsok eta Sebastian Vettelek dituzten aukerak egoerari buelta eman, edo dagoen moduan lehia amaitutzat jotzeko. Itxura handiagoa du bigarrenetik lehenengotik baino. Alonsoren itxaropena Ferrarik dituen berrikuntzetan dago, lasterketa erritmo polita eman baitiote.
Erritmo bizian dator denboraldi amaiera, datozen lau asteetan korrituko baitira azken lau lasterketak. Indiakoari Abu Dhabik emango dio segida astebete ondoren; bi aste barru Amerikako zirkuituen txanda iritsiko da. AEBetako lasterketa Texasen korrituko da estreinakoz; astebetera Brasilgoak amaituko du denboraldia.
Ferrarik abantaila guztia galdu ondoren, taldean ondo dakite egoera irauli behar dutela txapelketako burua berreskuratzeko. Aspaldiko berrikuntza sorta handiena eraman du Ferrarik Indiako Buddha zirkuitura, ustez haize tunelean zituzten arazoak konpondu ondoren. Normalean halako eguneraketa batek denbora behar du pistan haren etekin guztia lortzeko, eta, horregatik, litekeena da bihar goizean oraindik guztiz prest ez egotea.
Red Bullek bere aldetik ukitu gutxi batzuk soilik egin dizkio azken hiru lasterketak irabazi dituen autoari. Atzo Vettel izan zen bi saioetan azkarrena, eta bigarrenean Webber taldekidea bakarrik gerturatu zitzaion. Lasterketa erritmoan Ferrari ongi kokaturik dagoela badirudi ere, itzuli bakarrera Red Bull nagusi da momentuz. Haien atzetik Ferrari eta McLaren ibili ziren, baina segundo erdira. Hamiltonek zeregin gutxi du jada, azken lasterketetan tarte handia galdu baitu. Taldeak eta berak, ordea, ez dute amore eman eta urtea amaitu arte borrokan segitu nahi dute.
Webber eta Hamiltoni begira
Horregatik ingelesaren emaitzak eragina izan dezake txapelketaren azken sailkapenean, bati edo besteari ken diezazkiokeen puntuengatik. Atzo, ordea, kezkatua irten zen zirkuitutik, Red Bullengandik hain urrun amaituta. Haren itxaropen bakarra zen halako aldea erregai kargaren diferentzia baten ondorio izatea. Zirkuitua berez ez da Red Bullentzat nabarmenki abantailatsua, baina dagoeneko iazko sindromea itzuli dela ematen du, non Vettel den aurretiko erreferentzia, kontrakoa frogatzen ez den artean.
Webberrek ez du itsu-itsuan bere taldekidearen alde egiteko asmorik; edo, behintzat, hori da jendaurrean dioena. Australiarra ez da inozoa, eta inork ez dio gogorarazi behar bere taldearentzat egokiena zer den. Halako egoera gertatzeko lehen baldintza Webber bera posizio erabakigarri batean egotea da, eta, haren erritmoa ikusita, hori litekeena da. Arrisku baino gehiago, benetako garaian Webber lagungarri izango du Vettelek. Massak ere zeregin bera bete beharko luke, baina horren abiadurak zalantza gehiago eragiten ditu.
Xedea: Vettel gelditzea
Indiako Sari Nagusia bihar jokatuko da, eta Ferrarik berritasun ugari eraman ditu autoa hobetzeko asmoz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu