Jakina zena gauzatu egin da: Tornike Xengelia badoa Baskoniatik, eta datozen hiru denboralditan Moskuko CSKA taldean ariko da. Kontratua zeukan Georgiako jokalariak Baskoniarekin, baina eteteko tratua egin dute. Sei denboralditan jokatu du Gasteizeko taldean, eta ACB liga bat irabazi, duela bederatzi egun lorturikoa, hain zuzen.
Baskonian 318 partida jokatu ditu: 180 ACB ligan, eta 138 Euroligan. Azken hiru denboralditan taldeko kapitaina izan da. Gasteizen taldekide izan dituen beste hiru jokalarirekin egingo du bat Moskun: Mike James, Darrun Hilliard eta Johannes Voightman.
Shavon Shields ere badoa
Xengeliarena ez da Baskoniak gaur iragarri duen baja bakarra. Shavon Shields hegalekoak ere taldea utziko du, bi denboraldirako izenpetu zuen kontratua amaitu ondoren. Bi sasoi horietan 122 partida jokatu ditu. Milanek fitxatu du datozen bi denboraldietarako.