Italiako Giroa

Yatesek hautsi, Bernalek eutsi

Biike Exchangeko txirrindulariak irabazi du 19. etapa, indarra eta ausardia uztartuz. 34 segundo atera dizkio Ineosekoari, hark hainbestean defendatu baitu lidergoa. Mendiko azken etapa jokatuko da bihar

enaut agirrebengoa
2021eko maiatzaren 28a
19:16
Entzun

Italiako Giroko txirrindularirik indartsuena da oraintxe Simon Yates (Bike Exchange). Hala berretsi du gaur, mendiko azken-aurreko etapan. Bere-berea duen gisan gailendu da, Alpe di Meran eraso ausarta jota. Gibelean utzi du berriro Egan Bernal (Ineos), lasterketako liderra. Kolonbiarrak hainbestean gainditu du azterketa: ahulezia zantzuak erakutsi ditu atzera ere, baina indar gabezia lasterketaren irakurketa aproposarekin orekatu du. Ez da aurkarien erasoekin itsutu, eta taldearen abaroan egin du azken igoeraren zatirik handiena. Azkenean, 34 segundo galdu ditu Yatesekin, gainsariak tarteko. Hirugarren izan da helmugan, Joao Almeidaren (Deceuninck) atzetik – azken metroetan gurpiletik atera du–. 

Biharko etapan hondoratu ezean, esku-eskura dauka Giroa Bernalek. Hori bai, azkenera arte estutu nahi du Yatesek. Jota utzi zuen Sega di Alan, eta gaur ere, liderra jokoz kanpo harrapatzen saiatu da. Bernalen arrapostua, ordea, asteazkenekoa baino hobea izan da, eta Yatesekiko 2.49ko errenta defendatuko du bihar. Ingelesak urrun du lidergoa, baina hurbil bigarren postua: 20 segundora gerturatu zaio gaur Damiano Carusori (Bahrain). 2.29ra dago italiarra.

Borrokatua izan da, berriz ere, ihesaldia osatzeko lehia. Sei txirrindularik lortu dute tropeletik ospa egitea: Larry Warbassek (AG2R), Giovanni Aleottik (Bora), Mark Christianek (Eolo), Quinten Hermansek eta Andrea Pasqualonek (Wanty) eta Nicola Venchiaruttik (Androni). Alpe di Merako helmugan balentria egiteko itxaropenez egin dute eraso, aurrez arrakasta izan duten hamar ihesaldiak gogoan. 

Abenturazaleentzako Giroa izaten ari da, baina gaurkoan tropela ez zegoen ezer oparitzeko. Bike Exchange berehala jarri da lanean, ihesaldiak lau minutuko aldea baino ez zuela. Yatesekin etapa irabazi, eta lasterketa hankaz gora jartzeko asmoa zuten. Deceuninck ere festa gogoz zegoen, eta soka tenkatu du Alpe Agognako, eguneko lehen mendateko jaitsieran –laugarren mailakoa–. Erdibitu egin da tropela, eta moztuta gelditu Daniel Felipe Martinez (Ineos). Susto txiki bat baino ez da izan: Filippo Gannaren laguntzaz itzuli da multzo nagusira. 

Passo della Colma zen hurrengo igoera, hirugarren mailakoa. Abaila batean pasatu du tropelak, besteak beste, Mikel Nieveren (Bike Exchange) gidaritzapean. Gainean, minutu eskaseko errenta gelditzen zitzaion ihesaldiari. Venchiarutti jada ez zen buruan ageri. Bada, Alpe di Meraren hasieran egin du lasterketa buruko boskotearenak. Patuari izkin egiten saiatu da Christian, bakarkako ahalegin batekin, baina 7,5 kilometroren faltan irentsi du oilarren multzoak. 

Deceuninckek oso erritmo gogorra jarri du lehen aldapetan, eta berehala piztu du sua Almeidak. Taldekideen gerizpean gelditu da Bernal; baita Yatesek eraso egin duenean ere, 6,5 kilometroren faltan, gurpilean Caruso eta Aleksandr Vlasov (Astana) zituela. Geroago, beste erritmo aldaketa bat egin du Yatesek, eta orduan bai, bakarrik abiatu da. Gainontzeko aurkariak harrapatuz joan da Bernal, Dani Martinezen laguntzaz. Apustua bikain ari zitzaion ateratzen. Yates, baina, katerik gabe zihoan. Liderrak haren bila jo du azken 2,5 kilometroetan, eta, 15 segundora hurbildu zaion arren, amore eman behar izan du azkenean.

Azken etapa menditsua izango da biharkoa. 164 kilometroko ibilbidea izango du, eta lehen mailako hiru igoera kateatuko dituzte bukaeran: San Bernardino, Passo della Spluga eta Alpe Motta.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.