Bihar ekingo die bere ibilbideko lehen mailako aurreneko finalerdiei, Jose Javier Zabaletarekin batera, Iñaki Artola eta Jon Ander Albisuren aurka, Donostian. Ezkurdiak (Arbizu, Nafarroa, 1991), halere, ez dirudi urduri dagoenik, gauean, lokartu aurretik, partida burura datorkion arren.
Zer moduz zaude? Finalerdietan kontua asko aldatzen al da?
Ongi; ongi sentitzen naiz. Eskuak ondo, fisikoa ere... Azken asteetan nekatu egin gara lan fisikoarekin, baina sasoi onean gaude. Ilusio ikaragarria dut; nire lehen finalerdiak dira.
Dena den, etxeko lanak egin dituzue.
Lehen helburua hor sartzea zen. Iaz sufritu egin genuen, eta aurten arantza atera nahi genuen. Guk irudi ona eman nahi genuen, eta, ahal bazen, finalerdietarako sailkatu. Baina, tira, behin hor sartuta, anbizioa izan behar dugu.
Ligaxkan bi bolada izan dituzue. Lehen itzulian partida guztiak irabazi zenituzten. Bigarrenean, aldiz, zazpitik bi, eta azken biak, galdu. Arduratzen al zaitu?
Arduratu ez, ez zaio bueltarik eman behar. Sailkapena ondo bideratu genuen, gero hiru galdu genituen, bi irabazi... eta azken bietan ez gara gustura gelditu. Lehen zazpiak irabazita bagenekien beste zazpi irabaztea ezinezkoa izango zela, dena ez zela polita izango. Zorionez, une txarrari buelta eman diogu, eta orain berriz hasten da txapelketa.
Iaz ere elkarrekin aritu zineten, maila apalagoan. Jauzia elkar hartzeari esker eman duzue, baina nola lantzen da hori?
Uneak ere asko egiten du. Iaz oso gaizki hasi ginen: biok gazteak; nik lehen txapelketa... Konfiantza galtzen duzu. Aurten, berriz, ezberdina da, eta iazkoak asko lagundu digu. Gehiago hitz egiten dugu, kantxatik kanpo eta barnean, eta hobeto elkar ulertzen dugu. Konfiantza puntuak ere laguntzen du bikote egiteko. Entrenamenduetan hitz egin dugu: «Zuk hau egiten baduzu, nik hau...». Komunikazioa eta esperientzia dira gakoak. Denak gehitzen du, eta nabaritzen da.
Aztertu ligaxkako aurkariak mesedez. Hasteko, Artola-Albisu.
Botere handiko bikotea, atzera asko jotzen dute eta abiada handiz. Artolak erakutsi du defentsan eta erasoan trebea dela. Ez du beldurrik, gainera; ausartu egiten da... Ez dirudi debutaria denik.
Bengoetxea VI.a-Untoria.
Bengoetxea une ikaragarrian dago. Paretik pasatzen zaion guztia bukatzen du, eta Untoriak oso ondo laguntzen dio. Pilotaleku osoa estaltzen dute, eta haiei tantoa egitea oso zaila da.
Berasaluze II.a-Zubieta.
Berasaluzek gora egin du bigarren itzulian, eta bikote oso arriskutsua osatzen dute. Zubieta oso maila altuan dago, eta horrek asko laguntzen dio Pablori.
Zu ondo aritu zara. Egun inor gutxik jartzen du auzitan jartzen lehen mailan tokia duzula.
Ez dakit... Orain txapelketan nago, eta ikusiko da gero zer tankeratako partidak jokatzen ditudan. Garrantzitsuena neure buruarengan sinestea da, eta enpresari erakustea ahalik eta maila altueneko partidetan joka dezakedala.
Hiru urte profesionaletan. Bilakaera nabarituko zenuen.
Jokoz goraka egin dut, defentsan eta erasoan. Hobekuntza handiena partida irakurketan egin dudala uste dut, noiz sartu eta noiz ez sartu erabakitzen. Iaztik hona hor nabaritu dut aldea. Iaz ,tantoa bukatu behar horrekin, ez nuen asmatu. Aurten, aldiz, lasaiago joaten naiz, eta pilotak hobeto aukeratzen ditudala uste dut.
«Ezkurdiaren defentsa hori...» Entzuten al duzu oraindik?
Beti esango dute zerbait, eta, aizu, hala den bitartean, hor gaudenseinale! Baina, nik uste, debutatu berriko bideoetatik oraingoetara badagoela aldea. Horretarako sartzen ditugu orduak.
Joseba Ezkurdia. Aspeko pilotaria
«Zabaletak eta biok gehiago hitz egiten dugu aurten; iazkoak lagundu digu»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu