Zaharberritzea, etsi-etsian

Realak aurrerantzean erabiliko omen duen hamaikakoak zerikusirik ez du Liga hasierakoarekin

Xabier Lopetegi.
2007ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Zaharberritzea, berrikuntza, birmoldaketa, garbiketa... Eraikuntza arlorako horren erabiliak diren hitzok gero eta gehiago erabiltzen ari dira futbolean, eta arazo larriak dauzkaten taldeen adierazle dira sarri. Baita Realean ere, azken denboraldietan epe motzean murgilduta bizi izan delako kluba. Entrenatzaile dantzarekin batera, etengabekoak izan dira garbiketak: Clementeren taldea garbitu zuen Toshackek; Toshackena Denoueixek; Amorrortuk dirurik ez, eta Bakerori egokitu zitzaion hurrengoa, eta hamaikagarren garbiketa ari da egiten Lotina orain. Helburua, mailari eustea. Hamaika garbiketa egin dira azken urteetan, baina ezin izan zaio taldeari distirarik atera.

Bakero ordezkatu zuenean, esku artean zeukanarekin pozik zegoela eta fitxaketetan ez zuela pentsatzen esan zuen Lotinak. Gidoiak behartutako adierazpenak izango ziren, edota esku artean zeukana gutxi zela konturatuko zen gero, laster ekin baitzion jokalari berriak eskatzeari. Arrazoi osoz, gainera. Hamazortzi partida Liga erdia dira ia, eta Liga erdia denbora nahikoa da talde baten jarduna epaitzeko. Reala talde mugatua da, bereak eta bi kosta izan zaio jokatzea eta banan-banan zein talde gisa ez du erakutsi behar adinako mailarik, ez fisikoa, ez psikologikoa, ezta teknikoa ere. Konfiantza falta edo lesioak aitzakia gisa erabiltzeak ez du zentzurik, horiek beheko lehian dauden guztiei eragiten baitiete. Eta gauzak bere kabuz hobetuko direla pentsatzea arriskutsuegia da.

Entrenatzailea eta klubeko agintariak dira aipatutakoaz jabetu diren lehenak, inoiz baino jokalari gehiago fitxatu dituztelako neguko azokan: Jesuli, Victor Lopez, Herrera eta Savio. Litekeena da beste bat iristea, fitxa bat libre dagoelako oraindik, nahiz eta atzo Luis Ansoalde kontseilariak jokalaririk ez dietela eskatu esan.



NEGUKO ITXAROPENA. Fitxatutakoek hasieratik jokatuko dutela pentsatzekoa denez, hamaikako erdia aldatu egingo da, eta Lotinarenak Bakerok erabilitakoarekin ez du izango antzik, taldean zeudenen artean ere beste jokalari batzuk ari delako erabiltzen meñakarra. Gogorra da salbatzeko aukeren zati handi bat neguko azoka zailaren menpe egotea, baina beste aukerarik ez zaio geratu Realari. Hil edo bizi jokatu, etsi-etsian.

Berriek zer ematen duten ikusi arte, batere jokatzen ez zuten futbolarien truke protagonismo handia izango ei dutenak lortzeko balio izan dio ahaleginak Lotinari. Zama arintzeko, alegia. Cifuentes eta Rossatoren egoerak irtenbidea behar zuen. Ez dute ekarpen handirik egin eta, entrenatzaileak aintzat hartzen ez zituenez, logikoa zen baja ematea. Felicioren salmenta, berriz, ustekabean iritsi zen, nolako jokalaria den erakusteko ia denborarik eman ez bazioten ere tankera oneko futbolaria zirudielako. Baina zerbait ikusiko zuen Lotinak entrenamenduetan haren postuan jokalari eskuinak jarri baditu. Rossato zein Felicio, ezkerrak biak, Bakeroren apustuak ziren. Orain, Savio da zelai-erditik aurrera taldeak daukan ezker bakarra.

Nolanahi ere, klubak bulegoetan jardun behar izan duen askotan gertatu den bezala, gorabeherak ez dira falta izan. Lotinak ahalik eta azkarrena nahi zituen jokalari berriak bere aginduetara egotea, baina klubak lanak izan ditu lotzeko, eta taldearentzat erabakigarriak suerta daitezkeen bi partidatan ezin izan ditu zelairatu. Herrerarekin gertatutakoa da horren isla: Racingen aurkako partidaren deialdian sartu eta ordu batzuetara jakin zuen entrenatzaileak argentinarrak Donostian geratu beharko zuela. Dirudienez, Valentziaren aurka hirurak izango dira jokatzeko moduan.

Fitxatutakoek ikusmin handia sortu zuten, eta ikusmin hori zapuztu ez ezik, zalantza handiak sortu dira. Inork ez du Savioren izena eta izana zalantzan jartzen. Munduko jokalari onenen artean egoteko kalitatea erakutsi du, baina bere gorpuzkera ahulak eta lesionatzeko joerak ez diote utzi. Hala ere, ibilbide arrakastatsua egin du, Real Madrilen batez ere, eta 33 urterekin iritsi da Realera, dena irabazi ondoren. Gogotsu eta inplikatzeko asmoz etorri dela dirudi, baina adinak ez du barkatzen. Urriaz geroztik ez du jokatu eta ikusi beharko da nolako maila fisikoa hartzeko gai den. Fitxaketak badu arriskurik. Aspaldian derrigor konpondu beharreko gabezia konpontzera dator: zelai-erdiko ezker hegalekoa.



GOZOKIRIK GABE. Victor Lopezen fitxaketak ere ez du ilusio handirik piztu, Argentinako talde apaletan jokatu duelako beti, erdiko atzelari bat ekartzeak lehentasuna zuela ez zirudielako eta Ansotegi merezi ez duen tokian utzi duelako. Beste horrenbeste esan daiteke Herreraren inguruan: klubaren zerrendan bizpahiru jokalari omen zeuden haren aurretik, eta Higuain edo Barosen gozokiak ahoan eduki eta gero, zaleek jokalari ezagunago bat espero zuten. Argentinan ere ez dauka Herrerak izen handirik eta, gainera, berak zein Lopezek atzerritar tokia betetzen dute, eta beste tankera bateko jokalari bat fitxatzeko aukerak mugatzen dituzte. Kovacevicekin, hamaikakoan hiru atzerritar izango lituzke Realak.



Banatzaileaedo aurrelaria?

Fitxatutako jokalariek lehia ikaragarria ekarriko dute hamaikakoan sartzeko. Labakak eta Ansotegik, esaterako, zaila izango dute jokatzea. Uranga lan txukuna egiten ari da, bere neurrian betiere, baina oso litekeena da hasierako hamaikakoan postua galtzea. Izan ere, erasoan izango du non hautatu Lotinak, lesiorik ez baldin badago behintzat: Savio eztabaidaezina dela dirudi eta ikusteko dago Prieto, Herrera eta Kovacevici tokia nola egiten dien. Zelai-erdian jokatzea ere garesti egongo da Alonso edo Rivasen gisako jokalarientzat, Lotina ez dagoelako gustura bere euskarriekin eta libre geratzen den fitxa joko banatzaile bat ekartzeko erabiliko duelako klubak, itxuraz. Bitan pentsatu beharreko erabakia da, oso zaila baita ezaugarri horietako jokalari on bat topatzea eta Realak orain arte izan duen joko ereduarekin ez datorrelako bat. Beste aukera aurrelari bat fitxatzea litzateke: Cardozoren izena aipatu zuenean tankera horretako jokalariak bazeuzkala esan zuen Lotinak (Kovacevic eta Skoubo), baina, baten maila eskasa eta bestearen gorabeherak kontuan hartuta, ez da komeni aukera hori baztertzea. Edonola ere, ausart jokatu eta aldea ezartzen duen jokalari bat fitxatzera derrigortuta dago Reala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.