ALDAKETA ATHLETICEN

Zaharrak berri

Jose Luis Mendilibar kendu eta Javier Clemente aukeratu du entrenatzailetarako Fernando Lamikizek; presidentea haserre dago, hedabide batzuen jarrera dela eta

haritz gallastegi
BILBO
2005eko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Athletic ezberdina da gauza askotan, baina beste askotan, gainerako talde profesional guztien gisakoa. Talde zuri-gorrian ere emaitzek agintzen dute. Partidarik irabazten ez bada, konponbidea aurkitu behar izaten da. Gainerako taldeetan bezala, Athleticen ere entrenatzailea aldatzea izan da egoera txarrari buelta emateko hartu duten lehen neurria. Ondorioz, Jose Luis Mendilibar bota eta Javier Clemente fitxatu du Ibaiganeko klubak.

Talde zuri-gorriko zuzendaritzak hartutako erabakia aintzat hartuz gero, Mendilibar da Athleticen egoeraren erantzule nagusia. Mendilibarren porrota, baina, Lamikizen porrota da. presidenteak egin zuen Zaldibarko entrenatzailearen alde eta presidentea da entrenatzailea taldea aurrera eramateko gai ikusten ez duena.

Bere burua babestearren edo aitzakia merke bat aurkitzeko asmotan, hedabideei eraso zien Lamikizek. Mendilibarren agurreko prentsa agerraldia hasi bezain laster eraso zien. «Komunikabide batzuen jarrera lotsagarria izan da. Ez dira konturatzen zer egiten duten. Ez dute errespetatu Mendilibar. Lekuz kanpoko eraso pertsonalak egin dizkiote. Eurek jakingo dute zer egiten duten eta zer ez», adierazi zuen Lamikizek. Zenbait hedabidek egindako kritika neurrigabeak nabarmendu zituen, baina beste hedabide batzuek erakutsi dioten babes neurribakoa aipatzea falta izan zitzaion Lamikizi.

«Egun triste eta gogorra da gaurkoa. Seguruenik, Atleticen nagoenetik tristeena», esan zuen lehendakariak. Ezkerrean zegoen Mendilibar, eta harentzat ere ez zen hobea izango. Umetatik maite izan duen taldea Lehen Mailan entrenatzeko aukera izan eta hamar jardunaldi besterik ez irautea gogorra izan behar da derrigorrean. Athletic entrenatzeko aukera eman ziotenei eskerrak eman ondoren, atzo arte bere aginduetara egon ziren jokalariek aurrera egingo dutela esan zuen. «Zuzendaritzak hartutako erabakia izan da. Nire egoerak ez nau kezkatzen; taldearenagatik nago triste. Minduta nago, emaitzak ez direlako onak izan. Halere, ez daukat dudarik Athleticek gora egingo duela eta ez duela inolako arazorik izango mailari eusteko».

Mendilibar irteneta Clemente sartu

Prentsa agerraldi motza izan zen Mendilibarrena. Zaldibarkoak esan beharrekoak esan ostean, Clemente agertu zen prentsa aretoan. Entrenatzailea bota aurretik ordezkoa lotuta egon behar da, eta Lamikizek denbora gutxi behar izan zuen Javier Clementeren baiezkoa jasotzeko. Barakaldokoaren aurkezpenean ere berba egiteko gogo gutxi agertu zuen Lamikizek. «Gure alternatiba bakarra Clemente izan da. Entrenatzaile egokia da. Taldea maite du eta ondo ezagutzen du», azaldu zuen presidenteak.

Hirugarren aldiz jarriko da Clemente San Mameseko aulkitxoan. Athleticek irabazi zituen azken txapelketetako entrenatzailea da Clemente. Dena dela, talde zuri-gorrian egin zuen bigarren egonaldia ez zen horren ona izan. Medilibarrek hartu berri duen bide berbera hartu behar izan zuen orduan; etxerako bidea, alegia. Ordutik hamalau urte eta erdi pasatu dira. Tarte horretan, makina bat talde entrenatu ditu. Reala, Tenerife, Betis eta Marseilla jaitsierako postuetan zeudenean hartu zituen. Athleticekin ere lan bera izango du, baina erronka bikoitza izango da. «Orain arte izan dudan beharrik gaitzena da. Beste taldeetan egin nuena profesional gisa bete behar nuen lana zen. Athleticen arlo profesionala eta sentimenduak uztartuko dira. Debalde ere etorriko nintzateke», esan zuen Barakaldokoak.

«13 lehia irabazi behar dira»

Denboraldi birako egin diote kontratua Barakaldoko ilehoriari, 2007ko ekainaren 30 artekoa. Manolo Delgado Meco izango da prestatzaile fisikoa, eta Karmonak zein Iñaki Bergarak taldean jarraituko dute (Jose Mari Argoitia bigarren entrenatzaileak eta Toni Ruiz prestatzaile fisikoak utzi egingo dute lehen taldea).

Arlo teknikoan gauza gutxi aldatuko dira eta ezer ez taldean. Athleticen eskaintza onartzen duen entrenatzaileak argi izan behar ditu zuri-gorrien bertute eta mugen berri. Horregatik, jokalariek orain arte baino hobeto jokatzea da Clementeren xedea. «Harmailatik begiratuta erakutsi duguna baino hobeak garela esan dezaket. Halere, 28 partidatik 13 irabazi behar ditugu eta ez da samurra izango».Lamikizen urduritasunak ez zuen zerikusirik Clementeren lasaitasunarekin. Hedabideen aurrean eroso sentitzen dela jakinekoa da, baina sekula baino jarrera baketsuagoa erakutsi zuen. «Oraina eta etorkizuna dauzkat, baina batez ere, iragana. Aldekoak eta kontrakoak ditut, baina batuta egon behar dugu». Clemente itzuli da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.