Bi mila eta zazpian dezenteko arrakasta lortu zuen Coen anaien No country for old men filmak. Erretirotik gertu zegoen herrixka bateko sheriffa da protagonistetako bat. Hilotz arrasto amaiezina uzten duen hiltzaile krudelaren kasuari aurre egin behar dio, eta ezgai ikusten du bere burua. Ez du gaizkilearen indarkeria basati hori ulertzen, eta bizi duen garaian tokiz kanpo sentitzen da. Adinean aurrera doan lagun batekin duen elkarrizketatik ateratako da izenburua. Indarrik ez zaio falta. Zaharrentzako herrialde egokia ez dela esatera dator, gutxi gorabehera. Realarentzako ez du balio, ordea. Buelta eman beharko litzaioke. Izan ere, aipatzekoa izaten ari da jokalari beteranoenen ekarpena.
Gaztetasuna eta gaztetasunak dakarrena da gaur egun gehien gurtzen den balioetako bat: sasoia, edertasuna… Futbolak ere ez dio joera horri ihes egiten: aurpegi berriak eskatzen dituzte zaleek, etengabe, eta arreta pizten dute gazterik nabarmentzen diren jokalariek. Zenbat eta gazteago nabarmendu, orduan eta ikusmin handiagoa. Ilusioa, kemena, freskotasuna eta abiadura darie hasiberriei. Denborarekin, dohain horietako batzuk galdu egiten dira, baina baita bestelakoak irabazi ere. Nola eta non kokatu, norbere gabeziak ezkutatu, partidak eta jokoa irakurri, aurkaria indargabetu… halakoak eta gehiago ikasten dira, balio preziatua baita eskarmentua.
Realak Ligako talde gazteenetakoa du, Espanyol, Real Madril eta Athleticekin batera: 25,4 urteko batez besteko adina du. Hori gutxi balitz bezala, zortzi jokalarik debuta egin dute denboraldi honetan Lehen Mailan: Carlos Martinezek, Alberto De la Bellak, Paco Sutilek, Antoine Griezmannek, David Zurutuzak, Markel Bergarak, Borja Viguerak eta Asier Illarramendik. Beste batzuk, Gorka Elustondok eta Dani Estradak, esaterako, oso gutxi jokatutakoak ziren maila nagusian. Bost jokalarik baino ez dute gainditzen 30 urteko adinaren langa: Mikel Labakak eta Diego Rivasek aurten beteko dituzte 31, Mikel Aranburuk bihar beteko ditu 32, Joseba Llorentek azaroan egingo du urte kopuru bera, eta Raul Tamudok, azkenik, urrian egingo ditu 34. Kataluniarra da taldeko beteranoena.
Horietatik hiru, Rivas, Aranburu eta Llorente, gehien jokatu duten 11 jokalarien artean daude. Minutu kopurua, ordea, ez da haien lanaren adierazlerik onena. Tamudo eta Aranburu, esaterako, onenak izan ziren Osasunaren aurkako garaipen garrantzitsuan. Oso zaila zirudien zaleek Llorente ahaztea, baina Tamudo lortzen ari da. Bi gol sartu ditu azken hiru jardunaldietan, Almeria eta Osasunari; eta Real Madrilen aurka ere gertu eduki zuen. Ehiztari senari eusten dio: ia beti dago egon behar duen tokian eta egon behar duen unean, errematerako prest. Presioan ere indartsu ari da, eta areaz kanpo jokatzeko eta gorputza erabiltzeko askok uste zutena baino gaitasun handiagoa ari da erakusten. Aurkarien txartelak bilatzen maisua da.
Zelai erdian, Rivas eta Aranburu dira nagusi. Gehien jokatu duten bi euskarriak dira: 1.726 minutu espainiarrak, eta 1.288 azpeitiarrak. Aranburuk protagonismoa galdu du hamaikakoan azken boladan Elustondoren mesedetan, baina, agian horregatik, inoiz baino freskoago sumatu zitzaion Osasunaren aurkako partidan. Ate aurrean ere oso fin dabil, lau gol sartu baititu. Rivasi dagokionez, ia dena esanda dago. Partida guztiak jokatu ditu hasieratik, bi izan ezik. Martin Lasartek konfiantza osoa du harengan, eta ez dago hori baino laudorio handiagorik. Realaren orekarako ezinbesteko osagaia da, eta kirol arduradunek kontuan hartu beharko lukete.
Llorentek ere ez du aurkezpenik behar. Denboraldi txukuna egiten ari zen lesionatu zen arte. Bere gol kopurua ez zen ikusgarria —bost gol sartu zituen—, baina beste alor askotan laguntzen zuen, goleko paseak ematen eta defentsan, besteak beste. Askotan Realari falta izan zaion jarrera beroa ematen dio, eta zaleak berpizten dituen horietakoa da. Labakaren jarduna, azkenik, oharkabean igaro da Llorenterenarekin alderatuta, baina eskarmentua eta goiko baloietan ahala eman dizkio taldeari jokatu duenean, eta Mikel Gonzalezek ezker hegalean aritzea ahalbidetu du, Vadim Demidov jokatzerik izan ez duen bitartean. Azken partidan deialditik kanpo gelditu zen aurreneko aldiz Azpeitiko erdiko atzelaria.
Betiko errezeta
Jokalari beteranoek berebiziko garrantzia izan dute historikoki Realean, jokalari gazteak babesteko, haien ikasketa prozesua errazteko, eta garai delikatuetan heldulekua eta lasaitasuna eskaintzeko. Hasiberri eta eskarmentudunen uztartze horrek emaitza oparoak eman dizkio klubari, eta identifikazio sentimendua transmititzen ere lagundu du. Puertollanoko garaitik gelditzen ziren jokalarien ekarpena oso garrantzitsua izan zen Ligak irabazi zituen taldea eraikitzeko. Talde hartan, berriz, Kortabarriak eta Olaizolak Lopez Ufarte, Jose Mari Bakero edo Uralderen egokitzea erraztu zuten. Eta 90eko hamarkada hasieran, Gorriz, Gajate, Larrañaga, Oceano eta Carlos Xavierrek ahalbidetu zuten John Toshackek Alkizari, Imanoli, Luis Perezi, Guruzetari eta Pikabeari aukera ematea.
Geroago, Lorenek, Fuentesek eta Albistegik osatuko zuten, besteak beste, bizkarrezur sendo hori luzaroan. Eta txapeldunordetzaren denboraldian, beste horrenbeste egin zuten Kvarmek, Schurrerrek, Aranzabalek edo De Pedrok. Askorentzat, beteranoen egitura sendo baten falta izan zen jaitsieraren arrazoietako bat, hain justu. Gehienetan, atzelariak izan dira eskarmentuaren oinarri hori osatu dutenak. Gaur egun, paradoxikoki, aurrealdean eta zelai erdian ditu beteranoak Realak. Defentsa, aldiz, gaztetasunagatik nabarmentzen da. Hala ere, nahasketa bitxi horrek, jokalari askoren heldutasunari batuta —Prieto, Ansotegi, Mikel Gonzalez, Bravo…—, emaitza bikainak ekarri dizkio oraingoz.
Zaharrek badute tokia
Realarentzat oso garrantzitsua ari da izaten Labaka, Rivas, Aranburu, Llorente eta Tamudoren ekarpena. Bostek dituzte 30 urtetik gora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu