Raul da bere izena. Raul Gonzalez. Espainiako Ligako talderik aberatsenean erretiroa hartzera behartu zuten. Ez zuen balio. Zahartuta zegoela zioten denek. Taldekideei aulkitik begira igaro zuen joan den denboraldiaren zatirik handiena. Baina jokatu egin nahi zuen berak. Gaia bazeukala uste zuen berak. Maleta egin, eta Alemania aldera joan zen, gaztetu nahian. Hasiera ez zen erraza izan, baina hasi zen golak sartzen, bihurtu zen etxekoen kuttun. Eta Espainiako Ligako talde baten aurka jokatzea egokitu zitzaionean —atzo—, zelaian hitz egitea erabaki zuen. Schalke 04k 1-1 berdindu zuen atzo Valentziaren aurka, Txapeldunen Ligako final-zortzirenetako joaneko partidan, eta bere aldera desorekatu du kanporaketa.
Egiari zor, bete-betean ekin zion Valentziak partidari. Astean zehar Soldadok esan du jokalari askorentzat atzokoa zela orain arteko neurketarik garrantzitsuena. Eta lehen minutuetan argi geratu zen hori. Hori bai, etxekoak gogotsu ari ziren arren, Schalke 04k aukera argia eduki zuen 9. minutuan. Korner baten aldaratzean Huntelaar bakar-bakarrik geratu zen area txikiaren ertzean, baina aurrelariak huts egin zuen.
Barkatzeak zigorra izaten du opari askotan, eta alemaniarrei horixe gertatu zitzaien. 17. minutuan Metzelderrek baloia galdu zuen, Tino Costak Adurizi eman, hark Mathieuri, frantziarrak erdiratu, eta Soldadok, lehen zutoinera mugimendu ona eginda, barrura. 1-0. Kontraerasoan jokatzeko partida erosoa geratu zitzaien etxekoei. Baina 9. minutuan gertatu bezala, 26.ean ere eskura eduki zuen Schalkek gola. Farfanek eskuinetik erdiratu, eta Klugek buruz egindako errematea kanpora joan zen Guaita atezainak eta langak ukitu ondoren.
1-0ekoarekin amaitu zen lehen zatia, eta bigarrena ero-ero hasi zen. Lehen hamar minutuetan hiru aukera on eduki zituzten etxekoek, Aduriz eta Banegaren eskutik. Baina, beste behin, alemaniarrena izan zen aukerarik argiena. Valentziako atzelariek huts egin zuten baloi luze batean, eta Raulen jaurtiketa ozta-ozta geratu zuen Guaitak. Golaren atariko abisua izan zen hori. Juradok ezkerretik erdiratu, eta Raulek sareetara bidali baitzuen baloia 64. minutuan. 1-1ekoarekin, eta Joaquin eta Vicenteren aldaketekin, hautsi egin zen partida, baina Valentzia ez zen gai izan bigarren gola sartzeko. Are gehiago, Haok gertu eduki zuen 1-2koa, 91. minutuan. Espainiako Ligan jubilatu zuten aurrelariaren golari esker, Schalkek eskura dauka final-laurdeneterako txartela.
Tottenhamen urratsa (0-1)
Peter Crouchek 80. minutuan sartutako golari esker, hanka bat eta erdi Txapeldunen Ligako final-laurdenetan dauka Tottenhamek. Milanek talentua dauka taldean, baina talde gisa jokatzea falta zaio. Eta atzo ere nabarmen geratu zen hori. Tottenhamek kontrolpean eduki zuen partida, eta 0-1ekoarekin, etxean berdinketa aski du aurrera egiteko.
Gaur beste bi partida jokatuko dira, eta, begiratu batera, oso ikusgarria da kanporaketetako bat: Arsenal-Bartzelona. Joan den denboraldian Bartzelonak utzi zuen Txapeldunen Ligatik at Arsenal, final-laurdenetan. Eta emaitzei erreparatuta, oraingoan ere Bartzelona da faborito argia, bi taldeek sei aldiz jokatu baitute elkarren aurka Europako lehiaketa nagusian, eta kasu guztietan kataluniarrek irabazi baitute. Erroma-Xaktar Donetsk izango da gaurko beste partida.
Zahartuta omen zegoen
Valentziak berehala sartu du 1-0ekoa, baina Raulek Schalkeren alde jarri du kanporaketa, gol garrantzitsuari esker
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu