Ligaxkak ez du batere momentu onean harrapatu Iruñeko taldea. Lesioek jota dago. Denboraldia hasi zenetik zoritxarra izan du alboan Portlandek erizaindegian. Eta bolada txarra ez da amaitu. Gainera, Asobal ligako bigarren itzuliaren aurreneko partidan huts egin berri dute nafarrek: 31-30 galdu zuten Pilotesen aurka, eta iruindarren kontrario nagusiek ere huts egin zuten jardunaldi horretan. Portlandek ez du profitatu aukera. Kolpeak zenbaterainoko eragina izanen duen gaur argituko da, Hanburgon (Alemania), ligaxkako lehen partidan. Errusiako Txehovskie eta Danimarkako FCK Handbold dira taldeko bertze aurkariak.
Egoera zein den kontuan hartuta, Villaldeak argi eta garbi jo ditu alemaniarrak faborito. Ez du kerik saldu nahi. «Hanburgo, une honetan, gure gainetik dago. Hagitz zaila izanen da Hanburgori irabaztea, ia ezinezkoa. Ia talde erdia dago lesioek jota, eta, horrela, ezin diogu Hanburgoren gisako talde bati irabazi».
Tomas Svensson atezainak senda-agiria jaso du, belaunean ebakuntza egin ondoren, baina erizaindegia oraindik ez da hustu. Dominikovic, Nikcevic, Kjelling eta Mindegia daude min hartuta. Malmagrok, gainera, kolpea du eskumuturrean, eta Jakobsen gaixo dago. Alemanian dira, hala ere, azken biak. Denen beharra du taldeak.
Alemaniarrek utzi zuten Portland Txapeldunen Ligatik at aurreko sasoian, lehiaketako bigarren ligaxkan. Alemanian jokatu zuten partidan 32-29 galdu zuten nafarrek, eta etxean, berriz, berdinketa baino ezin izan zuten lortu. Nafarrek, beraz, badakite zein neurritako aurkaria izanen duten gaur aurrez aurre pistan.
Villaldeak joan den igandeko hutsak zuzentzen hasteko eta, neurri batean, galdutako konfiantza berreskuratzeko baliatu nahi du norgehiagoka. Taldea bide onean jartzeko, behintzat. «Partida ona jokatu behar dugu, egoerari buelta ematen hasteko. Hanburgo, hala ere, ez da hori lortzeko talderik egokiena». Lesioek eta hutsek min hartuta utzi dute Portland, baina sasoiak ez du atseden hartzeko tarterik uzten, eta Villaldeak badaki Asobal liga zain dutela berriz larunbatean.
Arazoak arazo, taldeak erakutsi du orain arte ahalegin berezia behar denean neurria emateko gai badela. Baina nekea pilatzen hasi zaie nafarrei. Bai eta etsipena ere, zoritxarraren aurka ez baitute deus egiterik. Hori dela eta, berdinketa sari handia izanen litzateke. Bai eta porrota ere, alemaniarren errenta hagitz handia ez bada. Ezusteko emateko aukera, halaber, inoiz ezin da baztertu.
Benetan aurkari indartsua
Portland San Antonion izan dira aldaketak iragan sasoiarekin alderatuta. Beste horrenbeste Hanburgon. Martin Schwalbek zuzentzen duen taldearen bizkarrezurrak, hala ere, bere horretan jarraitzen du: Johannes Bitter, Gille anaiak, Pascal Hens, Torsten Jansen, Krzysztof Lijewski...
Bost jokalarik utzi dute taldea: Jurgen Muller atezain alemaniarrak, Iwan Ursic pibot suitzarrak, Bruno Souza ezker alboko brasildarrak, Andreas Rastner pibot alemaniarrak eta Kyung-Shin Yoon eskuin alboko korearrak. Yoonen hutsunea da aipagarriena. Portlanden oraindik gogoratzen dira iragan sasoian korearrak Hanburgon jokatutako partidan eragin zuen triskantzaz: hamabost gol sartu zituen.
Alemaniako taldeak lau jokalari bikainekin indartu du taldea: Flensburgotik iritsi dira Blazenko Lakovic ezker alboko kroaziarra eta Marcin Lijewski eskuin alboko poloniarra, Mindetik Arne Niemiyer ezker alboko alemaniarra, eta Hammarbytik Nicklas Grundsten pibot suediarra.
Hanburgok ez zuen aurkaririk izan lehen ligaxkan: lehena izan zen, D multzoan, jokatutako sei partidak irabazita. FCK Handbold (Danimarka), Tatran Presov (Eslovakia) eta Crvena Zvezda (Serbia) izan zituen aurkari. Alemaniako Ligan, berriz, laugarrena da. Hemezortzi partida jokatu ditu: hamahiru irabazi ditu, bat berdindu eta lau galdu.Abenduaren 28an jokatu zuen azken partida ofiziala.
Cristian Malmagro.Portland San Antonioko jokalaria
«Ongi ateratzen ez bagara,ez dugu aukerarik izanen»
E. E. IruñeaPilotesen kontrako Asobal Ligako azken uneko porrotak amorratuta utzi ditu Portlandeko jokalariak. Halaxe onartu du Cristian Malmagro gazteak (Granollers, Herrialde Katalanak, 1983). Jokalariak argi du, hala ere, Txapeldunen Liga bertze kontu bat dela eta gaur horretan jarri behar dutela burua. Burua eta gogoa. Onartu du, hala ere, zaila izanen dela. Lesioei ez die ihes egin Malmagrok. Eskumuturra minduta dauka, eta ez dago argi gaur jokatzerik izanen ote duen.
Pilotesen kontrako porrotak Ligako laugarren postura eraman du Portland; kolpe handia izan da?
Bai, bai. Partida txarra jokatu genuen. Gaizki hasi genuen, 7-1 galtzen. Emaitzari buelta eman genion gero. Baina, azkenean, galdu. Tonto aurpegiarekin gelditu ginen denak. Gogorra izan zen, eta eragin digu. Minduta gaude.
Munduko Txapelketak eraginik izan duela uste duzu, etenaldiak eta hainbat jokalariren nekeak kalte egin dizuela?
Ez dut uste, ez. Erdi lo atera ginen pistara, ez genuen neurria eman. Bertzerik ez.
Munduko Txapelketatik at gelditu zinen zu, lesioen ondorioz. Penatuta?
Bai. Aurrenekoz joan behar nuen Munduko Txapelketara, eta, azkenean, ezin. Baina kirolak horrelako egoerak ditu. Ilusioa nuen.
Eta orain zer moduz zaude?
Nahiko ongi. Bizkarra ongi dut, hainbatetan min ematen dit, baina ongi nago. Pilotesen kontrako partidan eskumuturrean hartu nuen min. Oinazea badut, normala denez. Baina ez dut uste jokatzeko arazorik izanen dudanik. Ea hemendik aurrera gauzak ongi ateratzen zaizkidan.
Portlanden zoritxarrak amaierarik ez duela ematen du.
Bai, lesioek min handia egin digute. Dominikovic eta Nikcevic gabe gaude; Mindegiak ere min hartu du, Kjellingek ere bai, bai eta nik ere. Beti gertatzen da zerbait. Ez da normala hainbertze lesio izatea, baina ezin dugu deus egin egoera aldatzeko. Ea bolada behingoz amaitzen den.
Arazo fisikoak nabariak dira; animoz, berriz, zer moduz zaudete?
Igandeko partidak gaizki utzi gaitu denok. Baina aurrera egin behar dugu. Txapeldunen Liga hemen dugu, eta ezin gara lokartu.
Aurkaririk indartsuena egokitu zaizue ligaxkaren hasieran.
Hala da. Hagitz talde sendoa da, are gehiago bere pistan. Pilotesen kontra bezala ateratzen bagara pistara, zazpi gol jaso beharrean, hamabost jasoko ditugu kolpe batean. Ezin dugu horrelakorik egin. Ahalik eta emaitzarik onena lortzen saiatu behar dugu.
Hanburgo izan zenuten borrero aurreko sasoian.
Bai. Talde handia da, kalitate handikoa. Zaleen presioa handia izaten da haien pistan. Oso partida gogorra izango da.
Ligaxka nola ikusten duzu?
Gauden egoeran, edozeinen kontra irabazten edo galtzen ahal dugu. Ez dut batere erraz ikusten. Ongi bagaude, egin ahal izanen dugu zerbait; baina, bertzela, ongi ateratzen ez bagara, ez dugu aukerarik izanen.