Bost hilabetean zenbat alda daitezkeen gauzak. Maiatzaren 18an zen. Miarritzeko jokalariak Londresko Twickenham Stoop zelaian zeuden, haien zalez inguratuta Europako Challengeko garaipena ospatzen. Orduan, dena ongi zihoan Miarritzen. Sasoi hastapen beltzaren ondotik, ziklo biziki ona biribildu zuen Europako txapelak. Lapurtarrak beren buruaz segur ziren, eta haien jokoan sendo ari ziren.
Kasik bost hilabete geroago, miarriztarrek erabat beste izpiritu batean zapalduko dute, beste behin, Twickenham. Aldi honetan, aurkaria ez da Toulon izanen, Harlequins baizik, etxeko taldea eta Ingalaterrako txapelduna. Aldi honetan, Miarritze ez dago gehiago arrakastaren olatuan. Top14ko lehen lau partidak irabazi ondotik, jarraian beste lau galdu ditu. Azkena, Toulonen aurka (9-36).
Udaberrian, mundua jateko moduan iritsi zen Miarritze Ingalaterrara. Larrazkenarekin batera, baina, orduko mitxa itzali zaio, eta apal aireratu da Londresera. «Gure egoeran, Ingalaterran sekulakoa eginen dugula erratea ez litzateke egokia», esan du Serge Milhas Miarritzeko entrenatzaileak. «Ez dakigu sobera zertan garen, Top14ko azken ziklo txarraren ondotik», erantsi du Fabien Barcellak. «Oso partida garrantzitsua da, lau porrot jarraian hartu baititugu», gehitu du, berriz, Damien Traillek.
Biarnoko jokalaria bere taldearen irudiko dabil azken egunetan. Sasoi hastapen gogorra izan du, eta astero-astero berdegunean izan da, Imanol Hariñordoki itzuli bitartean taldeko kapitain bihurtu baita. Erritmo gogorrak, baina, eragina izan du, eta fisikoki ahul dabil. Toulonen aurka anitz sufritu zuen, eta aste honetan osteguna arte lan saiorik ezin eginda ibili da. Haren akidura ikusiz, entrenatzaileek Traille aulkian uztea erabaki dute.
Bolada txarrean dago Miarritze, eta ez da aise izanen Ingalaterrako ligako talde gihartsu eta gogorren aurka burua altxatzea. Itxaropenerako tartea badago, ordea. Heineken Kopa ez da Top14a, eta Miarritzek ederki erakutsi du azken urteetan lehiaketa batetik bestera egon daitekeen aldea. «Berriz hutsetik hastea plazer bat da, non eta Ingalaterrako txapeldunaren zelaian. Gure jokoa berriz moldatu dugu oinarri berri batzuetatik hasteko», azaldu du Magnus Lundek, Trailleren lekua hartuz kapitain izanen den hirugarren lerro ingelesak.
Azken urteetan, liga hasiera txarretatik ateratzeko baliatu izan du Miarritzek Heineken Kopa. Iragan sasoian ez zuen lortu lehen fasetik ateratzea, baina orain arte beti emaitza onak erdietsi ditu euskal taldeak lehiaketa honetan: «Ingalaterrako talde onenetariko baten aurka, gure maila nolakoa den ikusten ahalko dugu», dio Serge Milhasek. «Iragan sasoian indar handiak utzi genituen Heineken Kopa jokatzeko. Ez dugu aukera hau alferrik galtzen utziko», jarraitu du Traillek.
Noski, Harlequinsek Miarritzek bezainbeste anbizio dauka, eta argi eta garbi erran du zein izanen den bere helburua. «Final-laurdenak jokatu nahi ditugu. Horretarako, ez dugu etxean galtzeko aukerarik», aitortu du zintzo Simon Robshaw Harlequinsen kapitainak. Londreskoek talde indartsua dute, eta garaipena izanen da xerkatuko duten bakarra. «Harlequinsek sekulako taldea du. Ingalaterrako eta, beraz, Europako talde onenetarik bat da. Baina guk ere grina handia erakutsiko dugu», azaldu du Fabien Barcellak. « Horrelako taldeen aurka aritzeak igoko du gure maila. Geure buruan konfiantza izan behar dugu», erantsi du Lundek.
Miarritzek oroitzapen onak ditu Heineken Kopan —2006an eta 2010ean finala jokatu zuen—, eta, aldi honetan ere, final-laurdenak jokatzea izanen da helburua. Multzoko beste aurkariak ikusiz, Miarritzek badauka aski talentu helburua betetzeko. Multzoko taldeetan indartsuena Londresko Harlequins da. Baina, ondotik, Irlandako Connacht eta Italiako Zebra Heineken Kopako talde apalenetarikoak dira. 3. multzo honek, beraz, Miarritze eta Harlequinsen arteko borrokaren itxura hartuko du. Alde horretatik, biziki garrantzitsua izanen da Londresen ahalik eta emaitza onena lortzea. Galduta ere, defentsako puntua eskuratzeak sekulako garrantzia izan dezake bukaerako sailkapenari begira.
Hutsune handiak
Horiek guztiak jakinda, pena izanen da Miarritze bere eskarmentu handieneko jokalariak gabe joan behar izana Twickenhamera. «Gure taldeko liderrik gabe joanen gara. Ikusiko dugu beste jokalariek nola erantzunen duten», azaleratu du bere atsekabea Serge Milhasek. Izan ere, falta direnen zerrenda luzea eta errespetua sortzeko modukoa da. Joan zen udan ebakuntza bana jasan ondoren, oraindik ere jokatu ezinda daude Imanol Hariñordoki eta Dimitri Yachvili. Bigarren lerroan bere pisua eta eskarmentua ezingo du ekarri Jerome Thionek. Toulonen aurkako borrokak min hartuta utzi zuen. Damien Traille, berriz, ez dago sasoi puntu onenean, eta aulkian izanen da.
Hutsune horiei erantsi behar zaizkie Lakafia —Toulonen aurka pattal aritu zen— eta Barraquena —sasoi hastapena ziztu bizian hasi ondoren itzaltzen joan da—. Haien ordez, Talala Grey samoar gaztea eta Mat Berquist zeelandarra ariko dira. Berquistek, Toulonen aurka, ez zuen bere eguna izan ostikoetan. Aldi honetan, martxa fite zuzendu beharko du.
Miarritzeko hamabostekoan, gutxitan ikusten diren izenak ikusiko dira. Aspaldiko partez, Burotu fijiarra hasieratik ariko da, barneko gisara. Haren ondoan Haylett-Pettyren esperientziaren alde egin dute entrenatzaileek. Thibault Dubarry gazte fitxatu berriak Jerome Thionen hutsunea beteko du. Orain arte bikain aritu da Dubarry, eta partida handia izanen da harentzat gaurkoa.
HARLEQUINS-MIARRITZE
Lehiaketa. Heineken kopako ligaxkako hirugarren multzoko lehen jardunaldia.
Harlequins. Marler, Buchanan, Johnston; Kohn, Robson; Fa'Asavalu, Robshaw (kap.), Easter; Care, Evans; Monye, Turner-Hall, Hopper, Williams; Brown.
Miarritze. Barcella, Hegi, Kodela: E. Lund, Dubarry; M. Lund (kap.), Lauret, Gray; Lesgourgues Berquist; Brew, Burotu, H.Petty, Ngwenya; Balshaw.
Epailea. George Clancy.
Lekua. The Twickenham Stoop (14.186 ikusle).
Ordua. 19:00 (Sport +).
Multzoko beste partida. Zebe-Connacht (gaur, 13:35).
Zailena, bidea hasteko
Miarritzek Heineken Kopa hasiko du gaur, final-laurdenetara sartzea helburu hartutaMultzoko aurkari zailena egokitu zaio lehen partidan, Harlequins Ingalaterrako ligako txapeldunaren etxean jokatuko baitu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu