Julen Martija. Aspeko pilotaria

«Zailena egin dugu: bizirik irautea. Baina asko falta da oraindik»

Lehen bederatzi partidetatik bakarra irabazita, ia aukerarik gabe zeuden Jaka-Martija. Baina azken biak irabazi dituzte, eta kanporaketa jokatzeko lehia betean sartu dira. «Azkeneraino borrokatuko gara», dio atzelariak.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2021eko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Azken bi garaipenek «konfiantza handia» eman dietela aitortu du Julen Martijak (Etxeberri, Nafarroa, 1997). Hala ere, zehaztu du «inoiz» ez dutela galdu sailkatzeko itxaropena, «ezta bolada txar bete-betean» zeudenean ere.

Lehen bederatzi partidetatik bakarra irabazi ondoren, azkeneko biak irabazi dituzue. Bada aldea, ezta?

Alde handia dago. Irabazten duzunean beste aldarte batekin hasten duzu astea; gogo handiagorekin entrenatzen zara, eta laburragoa egiten zaizu astea. Erraz joaten da dena, eta eskertu egiten da.

Irabaziak, bat; galduak, zortzi: hori ageri zen sailkapenean zure eta Erik Jakaren ondoan duela gutxi. Gogorra zen hori ikustea?

Min egiten zigun azkenak izateak, garaipen bakarrarekin, baina bolada batean gaizki jokatu izanaren ondorioa zen. Orain ere azkenak gara sailkapenean, baina ondo ari gara: azken bi partidak irabazi ditugu, eta garaipen bakarrera dugu bosgarren postua. Gauzak ezberdin ikusten ditugu orain.

Bolada txarrean zinetela, Jakak zioen «ondo» ari zinetela lanean eta «bolada kontua» zela. Haren ustez, «erabakigarria» izango zen «mugarri» izan zitekeen garaipen bat lortzea, «gora egiteko». Ezkurdia-Galarzaren aurkako garaipena izan da mugarria?

Bai. Mesede egin zigun, eta konfiantza eman; beharra genuen. Izan ere, bolada txarrean zaudenean, partidak galduz eta galduz, aldrebes joaten da dena. Gainera, zorte txarra ere izan dugu. Baina orain ondo ari gara, gustura.

Astelehenean Urrutikoetxea-Imazi irabazita, erakutsi duzue goraka zoaztela.

Aurreko astean eginiko lan onari segida eman genion. Oso gustura aritu ginen, eta horrek konfiantza handiagoa eman digu. Ea horrela jarraitzen dugun.

Zuen susperraldiari esker, izugarri estutu da sailkapena.

Lehia oso estua dago. Azkeneko bi partidak irabazi arren, zaila dago helburua: kanporaketarako sailkatzea. Baina zailena egin dugu: bizirik irautea.

Urrutikoetxea-Imazek eta Ezkurdia-Galarzak baino puntu alde hobea daukazue, eta nahikoa zenukete datorren astean Artola-Arangureni 22-20 irabaztea haiena baino hobea ere izateko. Dena horren estu dagoela kontuan hartuta, oso garrantzitsua da hori.

Funtsezkoa, itxura guztien arabera, dena oso estu egongo baita azkeneraino. Oso garrantzitsua litzateke Artola-Arangureni irabaztea; lortuko bagenu, gurekin batera lehian ari diren beste hiru bikoteek baino puntu alde hobea izango genuke. Baina aste pasatxo falta da partida horretarako. Beste bat jokatuko dugu tartean, eta hura irabazten ahaleginduko gara. Konfiantzaz gaude.

Itxaropentsu zaudete?

Bai. Inoiz ez dugu itxaropena galdu, ezta bolada txar bete-betean ginenean ere. Beti sinetsi izan dugu gure lana ondo eginez gero sailka gintezkeela. Orain, noski, eskurago ikusten dugu helburua, garaipen bakarrera baikaude, eta bi aurkarik baino puntu alde hobea baitugu. Baina lehen pausoa baino ez dugu eman, zailena agian; asko falta da oraindik.

Jendea animatuko zenuke zuen alde apustu egiteko?

Ez dakit. Nik gure alde esan dezakedana da ondo gaudela, gorantz goazela eta azkeneraino borrokatuko garela dauzkagun aukerak aprobetxatzeko.

Izan duzuen gorakadan zerikusia izan du zu zeu sasoikoago egoteak?

Bai, noski. Oso gustura eta pozik amaitu nuen aurreko binakakoa, Josebarekin [Ezkurdia] txapela irabazita; nire lehena zen. Baina luze joan zen txapelketa, eta horrek eragindako tentsioak indarrez hustuta utzi ninduen. Binakakoa amaitu osteko lehen asteak nahiko gogorrak izan ziren; kosta egiten zitzaidan entrenatzea. Eta berehala hasi zen hurrengo binakakoa. Ez nuen ia astirik izan atseden hartzeko, eta hori guztia sumatu nuen hasieran.

Bizkarreko minez ekin zenion binakakoari, eta, hori gutxi balitz bezala, hirugarren partidan min hartu zenuen eskuin eskuan, eta uko egin zenion hurrengo neurketa jokatzeari. Inoiz ez zenuen partida bat jokatu gabe utzi eskuko minagatik. Buelta asko eman zenizkion buruari?

Ez. Nahiko ondo eraman nuen eskuko mina: partida bat izan zen, besterik ez. Nekeak kezkatzen ninduen gehien, eta horren ondorioz ondo ez jokatzeak. Nekeza egiten zitzaidan entrenatzea, eta are gehiago, jokatzea.

Ondo zaude orain?

Bizkarra ondo dut, baita eskua ere, nahiz eta batzuetan kargatu egiten zaidan. Ondo jokatzen ari ez zarenean, argi ikusten da pilota ez zaizula ondo ateratzen eskutik, eta, aldiz, ondo zabiltzanean, erraz irteten dela. Eta orain errazago ateratzen zait pilota.

Ia hiru hilabete daramazu Jakarekin bikote gisa. Zer moduz ari zarete moldatzen?

Hasieratik ondo moldatu gara. Txapelketa hau jokatu aurretik ez ginen askotan aritu elkarrekin, eta, hasieran, kosta egin zitzaigun bikotea egitea. Baina entrenatzen beti aritu izan gara gustura. Arazoa zera izan da, binakakoaren hasierak ez gaituela sasoi onean harrapatu ez Erik, ez ni, eta sufritu egin genuela lehen partidetan. Zorionez, gora egin dugu, eta gero eta hobeto ari gara.

Jaka oldarkorra eta odol berokoa da; zu, ordea, lasaia. Ona da nahasketa hori?

Ezin da jakin. Batzuetan, bai, baina beste batzuetan, agian, ez. Garrantzitsuena da bikotearekin ondo konpontzea, biak gustura egotea elkarrekin, eta harreman ona izatea, hori gero kantxan islatzen baita. Eta gu oso gustura ari gara elkarrekin.

Etzi Olaizola II.a-Rezusta izango dituzue aurkari. Haiek jada sailkatuta daude kanporaketarako, eta oraindik badute aukera txikiren bat finalerdietako ligaxkara zuzenean pasatzeko. Lehen itzulian, 22-2 irabazi zizueten. Arantza hori atera nahi duzue?

Bai. Oso gogorra izan zen horrela galtzea. Ez dugu ahaztu, eta buelta eman nahi diogu, baina erronka zaila da. Oso ondo jokatu zuten azken partida [22-6 irabazi zieten Altuna III.a-Bikuñari], baina gu ondo ari gara. Ea bolada onari segida eman diezaiokegun. Argi dugu egitekoa: ni saiatuko naiz atzean eusten, eta Eriki aurrean errematatzeko aukerak ematen. Ea aprobetxatzen dituen. Oso ondo ari da azkenaldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.