Emporio Armani Milan. Cook (3), Hairston (19), Langford, Fotsis (3), Bourousis (22) —hasierako bostekoa— Stipcevic (3), Chiotti (1), Melli (7), Gentile (10) eta Hendrix (4).
Caja Laboral Baskonia. Heurtel (5), Oleson (7), Nocioni (12), N. Bjelica (20), Lampe (12) —hasierako bostekoa— Cabezas (11), Causeur (2), San Emeterio, M. Bjelica (6) eta Hdez. Sonseca (2).
Markagailua. 19-18, 44-43; 66-65; 85-95.
Epaileak. Jungerbrand, Boltauzer eta Mogulkok. baskoniako Oleso kanporatu zuten faltegatik.
Bestelakoak. 2.900 ikusle.
Ikusgarria. Denbora zen Baskoniak iraganean beragan hain ohikoak ziren erakustaldirik ematen ez zuela, eta hamaikagarrenez, une aproposenean eman du, premia handia zuenean, eta egoera ezin gaiztoagoa zenean. Nocionik bere indarra mugatu zuen adduktoreetako lesioarekin, norgehiagoka hasi eta gutxira. Gero etorri zen larria izan daitekeen lesioa, 25. minutuan, barneraketa batean lepoarekin Nemanja Bjelicaren aurka tupust egin ostean. Taldeko jokalari onenaren hutsuneari jokalari askok faltekin izan zituzten arazoak gehitu: Oleson 28. minutuan eseri zen aulkian, Langforden defentsan ezinean aritu eta bost falta pilatuta. Milko Bjelicak ere laugarrena egin zuen azken laurdena hasi aurretik. Baldintza gaizto horietan hazi egin zen Gasteizko taldea, eta San Emeteriok gidatuta, arnas handia ematen dion garaipen garrantzitsua lortu zuen.
Bi Baskonia ikusi ziren Milanen. Errebotean arazo franko erakutsi zituena lehen erdian, hirukoekin tematuta, eta defentsan erraztasun dezente emanda. Ezin hobe moldatu ziren egoera horretan Bouroussis pibota, 21 puntuko balorazioa pilatuz (13 puntu eta 8 errebote), eta Keith Langford eskolta bikaina. Lehen laurdena parekatu samarra izan zen, baina bigarrenean 35-24 ihes egin zuen Armanik. Aurrena 30-24 aurreratu zen Scarioloren taldea, eta hutsartea eskatu Ivanovicek. Akatsak konpontzeko minutuak fruiturik ez zuen eman, 5-0ko beste partzial bat lortu zuelako etxeko taldeak.
Partida hausteko une aproposa zen, baina Heurtelek hirukoa lortu zuen, Nemanja Bjelicak bikoa, eta odol hustea eten zuten. Lehen zatia bukatzeko segundo gutxi batzuk falta zirela, 0-7ko partziala lortu zuen Baskoniak, epaileek Fotsisi falta eta teknika adierazi ostean. Nocionik puntu bateko lau jaurtiketa sartu zituen errenkadan, eta Milko Bjelicak hiruko on batekin 42-43koa jarri. Milanok aurrea hartu zuen, halere, aldageletara joan aurretik: 44-43.
Bigarren zatia gaizki hasi zen. 48-43 aurreratu zen berriro Milano, baina Bouroussisek lau falta egin zituen tarte txikian, batzuk egin behar ez direnak, eta haren hutsuneak arnasa eman zien arabarrei. 55-50ekoarekin, Nocionik barneraketa egin zuen, eta Hairstonen falta gogorrarekin kontrola galduta, Nemanja Bjelicaren izterra kolpatu zuen lepoarekin. Lurrean etzanda geratu zen, oinazeak jota, eta erietxera eraman zuten. Lehen azterketa baten ostean, ornoetako zaintiratua dutela esan zuten taldeko medikuek.
55-52koarekin, dena zegoen galduta. Olesonek zazpi puntu sartu zituen aulkira joan aurretik, eta panorama iluna ez, beltza zen. 66-65 zen aurretik Milan, baina Baskoniak azken laurden ikusgarria egin zuen. San Emeterioren grinak gidatuta, Nemanja Bjelicak eta Cabezasek ere oso lan ona egin zuten, eta talde osoak defentsa bikaina. Zalgirisek Atenasen irabazita, multzoak oso bestelako itxura dauka orain.
E. Armani Milan 85. Caja Laboral 95
Zailtasuna maite du
Baskoniak oso garaipen garrantzitsua lortu du, Nocioni erietxean zela eta falta arazo latzekin; San Emeterio, bikain
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu