Zailtasunak zailtzen du

Bilbo Basketek irabazi egin nahi du gaur Real Madrilen etxean, horrek indarra emango baitio talde handien aurka

Andoni Urbistondo.
2011ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Bizkaia Bilbo Basketek talde handi sentitu nahi du, eta talde handien pare jarri eta onartzeko, handi goitizen hori duten taldeei irabaztea baino ezer hoberik ez. Joan den igandean izan zuten lehen aukera bizkaitarrek, Valentziaren aurka, eta ez zuten baliatu. Aukera ezin hobea zen, Valentzia baita gaur-gaurkoz ligan ondoena jokatzen ari diren taldeetako bat. Valentziakoa joan da, eta, zorionez, izen handiko beste aurkari bat izango du aurrez aurre Katsikarisen taldeak: Real Madril.

Zorionez, edo zoritxarrez. Real Madril sasoiko unerik gozoenean dagoelako eta, aspaldiko partez, talde itxura ematen ari delako. Liga eta Euroligako Top16a batuta, hamar partida irabazi ditu jarraian Ettore Messinaren taldeak, eta bolada on horren gakoa etxean jokatzen dituen partidetako sendotasuna da. Izan ere, Real Madrilek ez du ligako partida bakar bat galdu bere etxean. Hamarnorgehiagoka jokatu ditu, eta denak irabazi. Horregatik, beldur pixka bat ematen du oraintxe Real Madril aurkari izateak.

Kontrako iritzia dauka, ordea, Fotis Katsikarisek. Neurri batean, behartua, berari gustatu edo ez, Bilbo Basketek partida jokatu egin beharko duelako. Madrilgoa erronka polita da entrenatzailearentzat, «Valentziakoa bezala». Greziarraren ustez, lehen itzulian Bartzelonari eta Real Madrili irabazteko zorian egon zen taldea, «eta Baskoniaren aurka irabazi egin genuen. Horrek erakusten du gai garela, eta jokalariak ere gai dela sinetsi behar du».

Beste modu batera esanda, zailtasunak zailtzen duela talde bat. Talde handien aurkako garaipenek ematen dutela eskarmentua eta kemena haiekiko dagoen tartea txikitzeko. Bilbo Basketek pentsatzen du tarte hori murrizteko lehengaia duela, eta intentzio horrekin kantxaratuko da Kutxa Magikoan. Garaipen soila baino gehiago dago jokoan Madrilen. Ate-joka dago Kopa, eta garaipenak konfiantza handia emango lieke bilbotarrei. Lortuko ez balute, zalantza giroa dezente indartuko litzateke Baskoniaren aurkako final-laurdenari begira.

Nola irabazi, ordea? «Ez da erraza, zertarako ukatu. Real Madrilek banan-banan Europako talde onenetako bat zuen liga hasieran, eta orain, ukitu pare batekin, multzo sendoa osatu dute. Dinamika garailean sartu dira, eta partida zaila izango da». Katsikaris, dena den, azken unera arte lehiatuko direlakoan dago: «Egin ezean zortzi onenengandik kanpo geratuko garelako».

Katsikarisek istripu txiki bat bezala definitu du Valentzian gertatutakoa: «Jarrera txarra izan genuen oso, eta oraindik ez dut zergati zehatza bilatu. Jokalariei esan diet antzera kantxaratzen bagara sekulako muturrekoa jasoko dugula, eta tentsio handiagoarekin hasteko partida».

Arrisku anitz

Kazetariek Real Madrileko arrisku garrantzitsuenak aipatzeko eskatu zioten teknikariari, eta galdera umoretsu hartu zuen greziarrak. «Agian bi koaderno beharko dituzue denak apuntatzeko. Hiru pibot bikain dituzte. Tomic izaten da euren abiapuntua, baina Felipe Reyes ondo eta azkar mugitzen da, eta Fischer ere erreboteatzaile aparta da, txapelak jartzen-eta abila oso. Carlos Suarezekin ere asko jokatzen dute saskipean, garaia eta gorpuzkera zabalekoa delako, eta Alex Mumbruri Suarez zorrotz zaintzeko eskatu diot». Prigioni ere ondo gogoan eduki zuen Katsikarisek: «Hilabete eta erdi egin du kantxetatik urrun, min hartuta, eta ondo etorri zaiola esango nuke. Fresko ikusten dut, eta Prigioniren adimena daukan jokalari bat fresko baldin badago, kontuz».

Bilbo Basketek zalantza bakarra dauka. Aaron Jacksonek kolpe mingarria hartu zuen masailezurrean lan saio batean, baina jokatzeko prest egotea espero da.

REAL MADRIL-B. BASKET

Txapelketa. ACB ligako20. jardunaldia.

Real Madril. Sergio Rodriguez, Prigioni, Llull, Vidal, Tucker,Carlos Suarez, Velickovic, Mirotic, Reyes, Fischer, Tomic eta Begic.

Bizkaia Bilbo Basket. Jackson, Fischer, Blums, Vazquez, Vasileiadis, Warren, Mumbru, Banic, Hervelle, Mavroeidis eta Hernandez-Sonseca.

Sailkapena. Real Madrilbigarren postuan dago: 16-3; Bilbo Basket zazpigarrena da: 11-8.

Lekua. Madrilgo Kutxa Magikoa (12.700 ikusle).

Ordua. 18:00 (Teledeporte).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.