Zain geratu eta kolpea eman

Valverdek zuzentzen duen taldearen erasoko jokoa kontrolatzea du xede Athleticek gaur Montjuicen

haritz gallastegi
2007ko azaroaren 11
00:00
Entzun


Valverdek zuzentzen duen taldearen erasoko jokoa kontrolatzea du xede Athleticek gaur Montjuicen
haritz gallastegi

Bilbo

Futbolak zerikusi gutxi izaten du errealitatearekin sarri askotan. Eguneroko bizitzan zuria dena beltza izaten da futbolean. Bada, gaur, perikitoak eta lehoiak izango dira aurrez aurre Montjuicen. Oihanean ez legoke dudarik. Perikitoak ez luke lehoiarekin borrokatu gura izango. Ahal izanez gero, ihes egingo luke. Galtzaile gisa agertuko litzateke. Futbolean alderantziz gertatuko da. Montjuicen lehoiak izango du txoriaren beldur. Aspaldian lehoiaren orroa indar gutxikoa baita. Ez du inor ikaratzen. Valverderen Espanyol, berriz, hazita dago. Liga hasiera ikusgarria egin du. Lehen jardunaldietan kili-kolo aritu ostean, zazpi jardunaldi daramatza galdu barik. Bidean goi mailako taldeak gainditu ditu gainera: Real Madril, Valentzia eta Sevilla, besteak beste. Ondorioz, Europan jokatzeko txartela ematen duten postuetan kokatu da Kataluniako taldea.

Espanyolen kasuan, emaitzak bat etorri dira taldeak egin duen jokoarekin. Futbol erasokorra, alaia eta erritmo handikoa baliatu du aurkariak mendean hartzeko. Espanyolen helburua ez da aurkariak golik ez sartzea ----ez badu lortzen, askoz hobeto----, kontrarioak baino gol bat gehiago sartzea baizik. Horregatik, ez du arazorik defentsan arriskatzeko, horrek erasoan abantaila ematen badio. Bide hori baliatuta ari da emaitza bikainak eskuratzen. Luis Garcia, Riera, Tamudo, Valdo eta enparauen erasoko gaitasuna ari da aprobetxatzen.

Bide batez, duela gutxira arte erretiroa hartzeko zeudela esaten zuten Tamudo eta Riera modako jokalari bihurtu ditu entrenatzaile gasteiztarrak. Beraz, entrenatzaileak taldean dituen jokalarien ezaugarriak baliatu ditu talde sendoa osatzeko. Jokalariek, berriz, teknikariak euren talentua erakusteko eman dien aukera aprobetxatu dute. Hori da futbolaren giltza, elkarrekin zorretan egotea.

Kontrako bidea hartu duten talde bat izango du aurrean Espanyolek. Duela hiru denboraldiko Athletic egungo Espanyolen antzeko taldea zen. Erasoko jokoa zen talde zuri-gorriaren arma nagusia. Egun, berriz, defentsako beharra ganoraz egitea da zuri-gorrien lehentasuna. Mailari eusteko zailtasunak dituen talde baten bidea zuzentzeko ezinbestekoa baita atea ongi zaintzea. Horretarako, entrenatzaile eta jokalari egokiak fitxatu ditu talde zuri-gorriak.

Montjuicen ere arma horiek baliatzeko asmoa dauka Caparrosen taldeak. Eta ez dirudi bide txarrena denik Espanyol mendean hartzeko. Izan ere, goi mailako taldeekin izan duen erraztasunik ez baitu izango Athleticekin. Ligako talderik onenak behartuta egoten dira lehen minututik gola sartzera. Jokalari onak dituzte eta ez dute beste helbururik. Horien aurka ikaragarri ongi aritu da Espanyol. Talde apalekin, ostera, ez ditu emaitza berberak eskuratu. Atzean sartzen diren taldeekin arazoak izan ditu: Valladoliden, Recreativoren eta Murtziaren aurka ezinean aritu zen Valverderen taldea.



ALDAKETA BAT EDO BI. Athleticek ere aipatutako taldeek egin zuten antzeko planteamendua egingo du: atzean sendo egon eta, aukera izanez gero, Kameniren atearen bila abiatu. Horretarako, kontraerasoak eta estrategia jokaldiak baliatu beharko ditu talde bizkaitarrak. Orain arte, bietan ari da txarto.

Hamaikakoari dagokionez, Caparrosek bi aldaketa egingo ditu gehienez. Txartelak tarteko partida bateko zigorra bete ostean Fernando Amorebieta taldera bueltatuko da. Caparrosek oso gustuko du Iurretako erdiko atzelaria. Beraz, Ustaritzentzat ez da nahikoa izan Recreativoren aurka jokatu zuen partida biribila.

Atzeko lerroaren erdian jarraitzeko aukera gutxi izan arren, hamaikakoan jarrai dezake Abadiñoarrak. Eskuin hegalean joka dezake. Ez da lehen aldia Caparrosek hegalean zelairatzen duena. Milanen aurkako lagunartekoan ere eskuinean jokatu zuen. Bada, baliteke partida ofizialean jokatzeko aukera izatea (Zubiaurre eta Esposito taldean izanda ez dirudi oso logikoa, baina Caparrosek horrelako erabakiak hartzen ditu). Ustaritzek jokatzeko Iraolak aurreratu egin beharko du bere postua. Usurbildarra erdilariekin entrenatu da aste barruan. Halere, ez da lehenengo aldia izango zelai erdikoekin entrenatu eta atzealdean jokatzen duena. Gainera, Recreativoren aurka denboraldi hasi zenetik merezita eskuratutako lehen garaipena lortu ostean aldaketak egitea ere ez dirudi logikoa. Halere, futbolean ez dago logika handirik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.