Valladolid 70. Gescrap Bizkaia 76

Zaintza eta Vasileiadis

Valladolid menderatu du Gescrap Bizkaiak, eta bolada onari eutsi; eskolta greziarrak 24 puntu on saskiratu ditu

Andoni Urbistondo.
Donostia
2012ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Valladolid. Hunter (3), Renfroe (9), Jordi Grimau, Mohammed (3) eta Nacho Martin (10) -hasierako bostekoa-; Vytenis (1), Tripkovic (24), Davis Navarro, O'Leary (10) eta Sinanovic (10).

Gescrap Bizkaia. Zisis (4), Vasileiadis (24), Mumbru (10), Hervelle (4) eta Hamilton (12) -hasierako bostekoa-; Raul Lopez (14), Pilepic, Rakovic (4), Roger Grimau (4) eta Moerman.

Markagailua laurdenka. 13-19, 31-43 (atsedena); 49-56 eta 70-76.

Epaileaxk. Conde, Perez eta Martinez. Faltengatik kanporatuak: Valladolideko Alex Renfroe (39. m.).

Esne mamitan jarraitzen du Gescrap Bizkaiak. Laugarren garaipena lortu zuen atzo errenkadan Valladoliden, eta gero eta sendoago ikusten du bere burua sailkapeneko zortzi onenen artean. Faboritoa zen Valladoliden, baina lan egin behar izan zuen, oso bideratuta zeukan norgehiagokak ihes egin ez ziezaion. Etxekoak, askoz ere mugatuagoak sosez eta baliabidez, garesti saldu zuten porrota, eta bizkaitarrek azken jokaldira arte saiatu behar izan zuten. Laugarren garaipena bi gakotan oinarritu zen: zaintza lan ona eta Vasileiadisen tiroa.

Bizkaiak 60-65 puntura mugatu zuen etxekoen erasoko jarduna, hori lortuz gero garaipena lortuko zuela jakitun, eta hala izan zen. Gaztelakoek oso portzentaje pobreak izan zituzten jaurtiketetan lehen zatian, eta Gescrapen defentsak emandako hamar baloi behartu zituen. Katsikarisen taldeak ez zuen luze gogoratzeko moduko joko onik egin, baina serio jokatu zuen, bikoetan %53 asmatuz eta hirukoetan burua galdu gabe: hiru jaurtiketa egin, eta bi saskiratu.

3-7, 5-11, 8-19, 21-29, 29-36 eta 31-43 aurreratu zen lehen zatian Bizkaia, baina Valladolid hurbildu egin zen tarteka. 13-19 lehen laurdenean, eta 19-23 bigarrenean. Bi taldeetako jaurtitzaileak fin-fin ari ziren lanean. Hamar puntu Valladolideko Tripkovicentzat, eta bat gehiago Bizkaiako Vasileiadis greziarrarentzat: 11. Bizkaitarrek lan erditan pilatu zuten errentaren antzekoa: hamabi puntu.

Ez da errenta txarra, altxorra ondo kudeatu eta zailtasunik ez edukitzeko, baina beste taldeak ere jokatzen du, eta Valladolidek lanak eman zizkion Bizkaiari. 8-0eko partziala lortuta itzuli zen aldageletatik, eta partidan sartu zen 23. minuturako: 39-43. Aldea bospasei punturen bueltan mantendu zen, Vasileiadisen hirukoak berriro 11 puntuko zuloa ireki zuen arte: 43-54.

Tripkovicek ere protagonismoa eskatu zuen, eta hamaseigarren puntua saskiratuta, 49-54 hurbildu zen hamar minuturen faltan. Azken hamar minutukoa ondo hasi zen, Vasileiadisek bere hirugarren hirukoa saskiratuta, 54-65. Asko falta zen, baina, partida bukatzeko. Hainbesteraino, Tripkovicek 70-73koa jarri zuen hogei segundoren faltan. Raul Lopez eta Vasileiadis, ordea, bikain aritu ziren puntu bateko jaurtiketetan, eta eraginkortasun horretan ito zen Valladolid.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.