Zakua bete nahi du Bizkaiak, esprint zailari ekin aurretik

Valladolid da Gescrapen azken aurkari erosoa (12:30); gero, Valentzia, CAI, Lagun Aro, Unicaja eta Baskonia datoz

Andoni Urbistondo.
2012ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Baserritarrek belarra biltzeko ohitura dute erauntsia sumatzen dutenean, euria datorrenean, eta antzeko egoeran dago Gescrap Bizkaia. Posizio onean sailkapenean, seigarren, baina egurrean jarraitzeko beharrean, kanporaketak ez daudelako erabat lotuta. Bizkaitarrek ligako azken esprintean izanen duten egutegiari begiratu, eta beldur apur bat sortzen da. Egia da gaurko norgehiagoka erosoa dela, Valladolid taldeko azkena datorrelako Miribillara, baina, hortik aurrera, aldapa besterik ez da ikusten, eta aldapa gaiztoak. Horregatik, zakua lehenbailehen betetzea onena, etor daitekeena txarra bada.

Funtsezkotzat jotzen da gaur 17. garaipena lortzea. Hala balitz, beste bat edo bi beharko lituzke Katsikarisen taldeak liga zortzi onenen artean bukatzeko, baina bi horiek non lor daitezkeen asmatzea zaila da. Gaur zortzi, Valentzian jokatuko du Bizkaiak, eta ia atsedenik gabe, CAI Zaragoza hartu apirilaren 25ean, asteazkenez. Euskal derbia iritsiko da gero, Donostian, eta Bilbon Unicajaren aurka jokatu ondoren, oso plaza gaiztoan bukatuko dute liga bizkaitarrek: Gasteiz, Baskoniaren aurka. Jakina, etxean geratzen zaizkion hiru partidetan eman behar dena.

Egutegiak egutegi, Bizkaia indartsu dago. Bost garaipen daramatza jarraian, eta bigarren itzulian ere talde onenetakoa da, 9-3 balantzearekin. Katsikarisek helburua laugarren postua lortzea dela esan du atarikoan, «azken laurdenetako partida erabakigarria etxean jokatzeko», eta, orain arteko bideari eutsiz gero, lortuko dutela dirudi. Bizkaiak talde guztia prest edukiko du aspaldiko partez. Marko Banic kapitainak espero baino denbora gehixeago eman du belaunean zeukan kolpe mingarria osatzen, baina arazorik gabe aritu da lan saioetan, eta minutu batzuk jokatzeko gertu.

Valladolidi dagokionez, mirari bat beharko du datorren sasoian Endesa ligan mantentzeko. Hiru garaipenera du mailari eusteko langa, eta sei partida bakarrik falta direla, ezinezkoa dirudi. Darius Songaila lituaniarra fitxatu dute, baina, itxura guztien arabera, ez da nahikoa izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.