Gaur arratsaldean (17:00), Olaizola I.a eta Berasaluze VIII.a elkarren aurka arituko dira Bilboko Bizkaia pilotalekuan, eta partida horretatik irabazle irteten dena txapelketako final-laurdenetako ligaxkan arituko da. Bi aurrelariak ez dira inoiz iritsi txapelketako finalerdietara. Bizkaitarrak 2010. urtean egin zuen txapelketarik onena: final-laurdenetara iristea lortu zuen. Joan den sasoian, berriz, final-zortzirenetara iritsi eta Olaizola II.aren aurka ezin izan zuen ezer egin.
Asier Olaizolaren kasua ere antzekoa da. Iaz, Asegarce enpresak ez zuen aukeratu lau t'erdiko txapelketa jokatu zezan. Joan den denboraldiko ezusteko hori ahaztu nahi du goizuetarrak, eta hasi berri den txapelketan itxura ona eman nahi du. 2010. urtean jokatu zuen azkenekoz lau t'erdiko txapelketa eta goizuetarraren parte hartzea ez zen ona izan, final-hamaseirenetan Diazen aurka galdu baitzuen. Partidaren irabazlearen zain, Martinez de Irujo eta Barriola izango dira final-laurdenetako B multzoan —zuzenean sailkatutako pilotariak—. Multzo horretako laugarren pilotaria, Saralegi-Retegi Bi partida irabazten duena izango da.
Eskarmentu handiko bi pilotari dira. Titin III.arekin batera, pilotarien artean esperientzia hadiena Olaizola I.ak eta Berasaluze VIII.ak dute. 37 eta 35 urteko aurrelariak bigarren gaztaroaren bila arituko dira gaurko partidan. Horren adibide dira goizuetarrak pilotak aukeratu ostean eginiko adierazpenak: «Nikhasiberri baten ilusioa dut, eta txapelketa honetan gustura ari naiz».
Beste denboraldietako emaitzak hobetzeko aukera dute, eta lehen pausoa final-laurdenetako ligaxkan sartuta emango lukete. Hala ere, erronka zaila izango du final-laurdenetara sailkatzen denak. Izan ere, multzoan Barriola eta Irujo pilotari bikainak egonda, zailtasuna areagotu egingo da. Gaurko partidan garaile ateratzen denak lan gogorra egin beharko du lau t'erdiko finalerdietan egon nahi badu.
Asteazkenean pilotak aukeratu ostean, pilotari bakoitzak bestea jo zuen faboritotzat. Nahiz eta dirua alde izango duen, Berasaluze VIII.aknabarmendu nahi izan zuen goizuetarrak Idoateren aurka egindako partida txukuna eta uda guztian emaniko itxura ona.
Zakur zaharrak kantxan
Olaizola I.ak eta Berasaluze VIII.ak elkarren aurka jokatuko dute gaur, lau t'erdiko final-zortzirenetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu