Zalantza korapiloa

Gescrapek laugarren edo seigarren izan nahi duen erabaki behar du Gasteizera joan baino lehen; emaitzak etorkizuna baldintza dezakeGauzak normal, Baskoniak euskal talde bat izango du aurkari final-laurdenetan

Andoni Urbistondo.
Donostia
2012ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Banintz, banu eta balego... Euskarazko kazetaritzako lerroburu politenetakoa, gehien erabilietakoa da, kirol lehia bat hizpide, gerta litezkeen konbinazioak aztertzen direnean. «Hau egin izan banu», «beste erabaki bat hartu izan banu...», eta antzeko pentsaerak, behin egoerak bueltarik ez daukanean. Bueltarik ez daukalako hartu behar du erabakia Gescrap Bizkaiak. Erabaki garrantzitsua, erabaki horren baitan egon baitaiteke haren etorkizuna. Titulua lortzeko kanporaketetan, eta hurrengo denboraldian, Europan. Arrunt ezberdina baita Euroliga edo Eurokopa jokatzea.

Konparatu ezin diren lehiaketak dira arlo guztietan: ekonomikoan, oihartzun mediatikoan, zaleengan sortzen duten erakargarritasunean... Gaur, 18:00etan, Gasteizen, Caja Laboral Baskoniaren aurka jokatu beharreko derbiaren emaitzak ez du zehaztuko Gescrapek berriro Euroliga jokatuko duen edo ez, baina bai hori lortzeko bidea samurragoa izanen den edo ez. Zein da, ordea, bidea? Aukerak bi dira, baina ezin da esan garbi bide bat bestea baino samurragoa denik.

Laugarren edo seigarren posturako sailka daiteke Bizkaia. Bosgarrenerako ere bai, baina emaitza askotxok aldrebestu beharko lukete azken jardunaldian. Gaur irabazten badu, laugarren izango da Fotis Katsikarisek entrenatutako taldea. Akabo kontuak, zenbaki festa. Zer ekarriko du horrek? Final-laurdenetan partida erabakigarria etxean jokatzeko abantaila. Aurkariaren izena ere bai, ezusteko handiren bat gertatu ezean: Valentzia. Kanporaketetan Rafa Martinez eta Serhii Listxuk gabe jokatuko duen taldea, lesioak direla eta. Aukera ona, ezta?

Otorduek bi plater eta postrea izaten dituzte; lehen langa hori gaindituz gero, bizkaitarrek irentsi ezin den elikagaia izango dute platerean: Bartzelona ahaltsua. Miraria gerta liteke, baina kataluniarrei min egitea oso zaila da, eta %90an, liga finalerdietan bukatuko litzateke Gescrapentzat. Ondorioa, berehalakoa: Euroliga jokatzeko aukerarik ez, bulegoetan lortutako gonbidapenen bat iristen ez bada. Kontsolamendua? Euroligaren ahaide pobrea: Eurokopa. Finalak emanen lioke Euroligarako aukera Gescrapi, baina, horretarako, Bartzelona kanporatu behar du.

Baskonia eta Real Madril

Bigarren bideak ere korapilo handi samarra sortzen du. Gasteizen galduta etorriko litzateke. Seigarren posturako sailkatuko litzateke Gescrap, modu horretan, eta Caja Laboralekin parekatuko litzateke final-laurdenetan. Itxuraz, Valentzia baino aurkari sendoagoa da, baina ez du iraganeko beldurrik ematen. Gainera, arabarrak bide bazterrean utziz gero, Bartzelona saihestuko lukete, eta Real Madrilen aurka jokatu finalerdietan. Ze bide da onena? Valentzia eta Bartzelona edo Baskonia eta Real Madril? Erabakia ez da erraza, baina teknikari taldeak erabaki zailak hartu behar dituztelako jasotzen dituzte soldata mamitsuak. Gaur hartu behar dutena erabakigarria da.

Eta Baskoniak, zer? Arabarrek zer dute esateko iskanbila horretan guztian? Asko, jakina. Eurak ere final-laurdenetako aurkaria aukeratzeko egoeran daudelako. Ez dute publikoki aitortuko, halere. Inori ez zaio burutik pasatzen Dusko Ivanovicek Bizkaiaren aurka galtzea komeni zaiela esatea. Bizkaitarrak direlako arabarren aurkari kutun, zaleen grinaren erakarle nagusi, eta Baskoniak beti lortu behar duelako garaipena. Horrek final-laurden gaiztoak ekar ditzakeela jakitun izanda ere. Gescrapen aurkako hiru partidako kanporaketa bat oso gaiztoa delako. Gaur-gaurkoz, ligako edozein talderentzat.

Milaka emaitza gerta litezke azken jardunaldian, baina gauzak ondo joatera, euskal derbia egokituko da final-laurdenetan. Protagonista bat jakina da: Baskonia. Bigarrena, oraingoz ez. Bizkaia edo Lagun Aro izan liteke. Derbirik ez izateko, Lagun Arok etxean galdu beharko luke Kanaria Handiaren aurka, baina ez dirudi halakorik gertatuko denik. Garrantzitsuena, derbiak ez direla liga erregularrean bakarrik ikusten. Kanporaketetan ere bai, eta gero eta sarriago, denen onerako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.