Zalantza zuenarentzat

Mark Cavendishek beste behin argi utzi du Munduko Txapelketan bera dela egungo esprinterrik onena

unai zubeldia
Donostia
2011ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Nork esango dio orain Mark Cavendishi (Erresuma Batua) aldaparik txikienean ere atzean geratzen dela? 500 metroko aldapatxo batean amaitu zen herenegun Munduko Txapelketako gizonezkoen errepideko proba; hamalau aldiz igaro zuten 500 metroko aldapatxo batean —%5ekoa zen batez besteko aldapa—. Atariko guztietan gauza berbera entzun eta irakur zitekeen: Cavendish ez da gai izango aurrekoen erritmoari eusteko. Man uharteko esprinter handiak errepidean hitz egiten du, ordea. Igaro zuen orain bi urte aurrekoen parean Poggio gogorra, eta irabazi zuen Milan-San Remo klasikoa. Eta, herenegun bezala, talde oso bat ondoan daukanean, edozertarako gai da Cavendish.

Man uhartekoaren izena agertuko da batean eta bestean, baina Erresuma Batuko selekzio guztiak merezi zuen urrezko domina. Hori da lasterketa une oro kontrolpean izatea. Kopenhageko errepide lauak belodromo bihurtu zituzten. Morrosko handiak dira denak, eta kilometro asko egurrean egiteko gai dira. Bradley Wiggins, David Millar, Christopher Froome... Potentzia handia dago gorputz horietan. HTC taldean zeukan Cavendishek arriskua, Matthew Goss taldekidea zuelako herenegun txirrindularirik arriskutsuenetakoa. Baina australiarrak barrualdetik pasatzen utzi zion Man uhartekoari. Berez ona denari garaipena eskura jarriz gero... Bigarren postuarekin etsi zuen Gossek, eta Andre Greipel alemaniarrak osatu zuen podiuma —orain gutxi arte taldekideak ziren hirurak—.

Oscar Freire taldeburuari laguntzera joan ziren Juanma Garate eta Imanol Erbiti, eta biek dotore egin zuten lana, nahiz eta Freirek huts egin zuen gero. Bederatzigarren sailkatu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.