Zurrunbilo arriskutsuan sartu da Reala zazpi jardunalditan puntu bakarra atera eta gero. Konfiantza geruza erabat pitzatuta, berez diren baino traketsago ari da. Erraztasun handiak ematen kontrarioari, akatsak errepikatuz, baloi ibilian makal, bizitasun gutxirekin eta goian-behean ahulezia nabarmena erakutsiz. Hitz bitan esateko, izaera lehiakorrik gabe dabil. Dagoeneko, jarraitzaile multzo handi batek Philippe Montanierren ahalmena eta egokitasuna jarri du ezbaian. Joateko eskatu diote. Vallecasen bildutakoen oihuek agerian utzi moduan. Gehiengo zabalak, Loren kirol zuzendaria hartu dute begitan. Bistan da, emaitzen bermerik ezean, nekez gauza daitekeela epe luzerako plangintzarik. 11 jardunaldiren ondoren pazientzia amaitu bada, ezinezkoa da. Horixe salatu nahi izan zuen Jokin Aperribaik batzar egunean, eta herenegun, Madrilen bertan, egun gutxiren buruan bigarren aldiz entrenatzailea babestuz. «Taldea eraikitzen ari gara, eta horrek denbora eskatzen du. Montanierrek taxuz egiten du lan, eta ez da errudun bakarra». Giro urdurian topatu beharko ditu irtenbideak teknikariak. Mallorcan, irabazteko merituak soberan bildu arren, ekin zion ibili okerrari, eta harrezkero, herren hura ezkutatu ezinik jarraitzen du taldeak. Jokalariek onartu dutenez, ez dute ahaztu Athleticen kontrako porrota. Esnatzeko, bolada ezkorretik berandu baino lehen irteteko, zorabioa eragin duten faktoreak atzeman behar dira.
1.Golak aise jaso eta golak ezin sartu
Martin Lasartek ez zuen asmatu aurreko sasoian Bravoren atea sendotasunez babesten. Almeriaren eta Malagaren ondoren beste inork baino gol gehiago jaso zituen Realak: 66. Zorroztasun gutxirekin aritu zen, inondik ere. Zoritxarrez, lehengo lepotik dute burua txuri-urdinek, jarioak ez baitu etenik Montanierrekin. Ez du konponbiderik topatu. Hemezortzi jaso ditu jada, Osasunak (24) eta Zaragozak (22) baino ez dituzte gehiago euren zakuan, eta azken zazpi partidetan arazoa areagotu egin da: hamahiru aldiz atera behar izan du sare barrutik baloia atezain txiletarrak. Batez beste, ia bi gol neurketako. Kopuru handiegia gauza onerako. Larriena, ordea, taldearen samurtasuna da, gogortasunik eza. Gutxi eginez asko lortzen baitu aurkariak. Hegaletan aritzen direnek atzerantz egiteko ohitura txarra dute, metroak emanik erasoko jokalariei eta banakako lanean trakets aritu dira atzelari gehienak une garrantzitsuetan. Esaterako, Demidovek ez ditu kate motzean lotu Victor, Fernando Llorente eta Michu, eta hirurek buelta erdian antzeko golak sartu dituzte. Horrela ezinezkoa da.
Atzeko biguntasuna goian ere bereiz liteke. Lau gol zazpi partidatan datu urria da oso. Agirretxek sasoi betean ekin zion denboraldiari, baina azken hiru partidetan bost minutu baino ez dizkio eman entrenatzaileak. Ez da ulergarria golegilerik onena era horretara estaltzea. Griezmannek eta Prietok zazpi eta sei gol sartu zituzten, hurrenez hurren, joan den denboraldian, baina sasoi honetan ezdabiltza fin, eta horrek jakina zerikusi zuzena dauka. Sormenik gabe, aurrelariak ez du errematerako baloi aproposik. Zenbat gol aukera izan ditu Velak hasieratik jokatu dituen hiru partidetan? Alerik ez. Joseba Llorenteren grinaren beharra du multzoak, eta honbarribiarra bete-betean ikustea litzateke neguko fitxaketarik onena. 54 minutu baino ez ditu jokatu orain artekoan. Oso gutxi.
2.Bizkarrezurra pitzatuta
Montanierri eta jokalariei askoz gehiago exijitu behar zaie, batik bat, taldea koska bat gorago igotzeko ahalmena duten horiei. Atetik hasita, Bravok hutsegite larriak egin ditu, larrutik ordaintzen diren horietakoak. Mariga eta Zurutuza erritmorik gabe daude, baloia mugitzean motel eta lapurtzean gose gutxirekin. Illarramendiren lesioak min egin dio taldeari, inor nabarmendu bada txapelketaren lehen herenean hori mutrikuarra izan baita. Horretaz jabetuta, hasierako planteamendutik aldendu da entrenatzailea bestelako jokamoldeak erabiliz. Nolanahi ere, txuri-urdinek ez dute zelai erdia mendean hartu. Hor egon liteke gakoa. Baloiarekin txukun molda daitekeela erakutsi dute, ibiliak bizkorragoa behar du izan, baina berreskuratzean hasten dira komeriak. Presioa eskasa ari da izaten, eta aurkaria eroso badabil, sufritzera kondenatua zaude.
Aranburu azken zazpi jardunaldietan 140 minutuz izan da zelaian, Zaragozaren eta Levanteren kontrakoetan banatuta. Haren esperientzia eta kalitatea ezin baliagarriagoak izan litezke egoera korapilatsua desegiteko. Hortik aurrera, hegaleko erasoko jokalarien ezintasuna dago: Griezmann eta, batik bat, Prieto itzalita daude. Frantziarrak ezin izan zuen denboraldi-aurrea egin, bere selekzioarekin zegoelako, eta gainera, beste nonbait izan du burua Donostiara itzuli denetik. Prieto, berriz, txikitu egin da, bere benetako mailatik urrun. Buruz burukoetarako ausardiarik gabe, motel, eskas, ez dago ez sasoiko. Horien ekarpenik gabe, Realak jai du. Argi eta garbi.
3.Ez du transmititzen
Jokatzeko ideia garbi batekin iritsi zen Montanier Zubietara. Ez da sistema erraza jokalarientzat, gauza asko eskatzen baititu: elkar ongi hartzea, goian indartsu presionatzea, lerroz lerroko distantzia tentuz zaintzea eta jokalari guztiak mugimenduan izatea ahalik eta espazio gehien betetzeko. Ez dio, ordea, apustuari eutsi, eta aldaketa gehiegi egitea leporatu diote. Nora ezean ibiliko balitz bezala. Nortasunik ez izateak zertara jokatzen ari ote zaren galdera dakar berarekin. Zaila baita deszifratzea Realak zer proposatu nahi duen. Markeli, Cadamurori eta Ifrani gertatu zaie hasierako hamaikakotik harmailetara igarotzea, aste batetik bestera, urrutira joan gabe. Azken jardunaldian sakonduz, galdera ikur gehiago utzi zituen Vallecasekoak: Illarramendik bi entrenamendu baino egin ez dituenean, lesio batetik atera berritan zen, zergatik aukeratzen du bera Aranbururen partez? Nolatan sartu zuen Estrada ezker hegalean Mikel Gonzalez aulkian izanik? Ez dira erabaki ulerterrazak.
Mugimendu horiek nahasmena dakarte; nahasmenak, egonezina, eta egonezinak, zalantza. Entrenatzaileari dagokio argudio sendoa finkatzea, eta horren baitan has dadila taldea ahazten. Uneotan ziurtasunen aldean zalantza gehiago daudelako.
Hori bai, ikuspegia iluna izan arren, ez da munduaren amaiera. 11 jardunaldi igaro direnean, histerikoa eta goiz litzateke entrenatzailea kentzea. Are gehiago, presidenteak entrenatzailearen alde sendo-sendo egin ostean. Lanean ederki asko ari bada, denbora eman behar zaio. Lan horrek, ordea, eraginkorragoa behar du izan, zerbaitek ez duelako funtzionatzen. Bi aste izango ditu Montanierrek aurretik makina olioztatu eta garaipen batekin bolada hausteko. Espanyolek neurtuko ditu agintarien benetako pazientzia eta taldearen hobetzeko gaitasuna. Azken horrek derrigorrean behar du izan.
Zalantzak, ziurtasunen gainetik
Sailkapeneko azken postuan dago Reala, 33 puntutatik zortzi bakarrik lortu osteanMontanierri eta jokalariei dagokie ibilia zuzentzea, zergatiak topatzea; eta horretarako, bideko sasiak garbitu behar dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu