Zaleei azken poza emateko aukera

UEFA Kopa jokoan duen Atletico Madril hartuko du Osasunak gaur Iruñean, Ligako azken partidan

2007ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Osasunak etxean jokatu zuen azken partidan gauza arraroak jasan behar izan zituzten Iruñeko taldeko jokalariek zelaian zeuden bitartean. Mailari eusteko lehian betebetean sartuta zegoen Reala zuten aurkari gorritxoek partida hartan, eta osasunazale batzuek txistuka agurtu zituzten nafarrak, eta iraindu ere egin zituzten jokalari gorritxoak harmailetatik. Gaur, ordea, egoera oso bestelakoa izango da. Reala gustuko taldea da Iruñean, baina Atletico Madril ez. Espainiako hiriburuko bigarren taldea ezin dute begi aurrean ikusi ere egin zale askok eta askok, eta sasoi honetan Atletico Madrilen Javier Aguirre izanagatik, gauzak ez dira aldatu. Espainiako Kopan ikusi zen bere talde berriarekin Aguirrek ez duela ongietorririk izango Nafarroako Erresuman. Eta gaur arratsaldekoa taldearen eta zaleen arteko harremana sendotzeko baliatu nahi dute gorritxoek. «Realaren aurkako egunean gertatu zena ez zen oso atsegina izan, baina argi dago zale hauek benetan maite dutela Osasuna. Gainera, peñen eguna ere bada, eta seguru nago taldea behar bezala animatu eta gozatzera etorriko direla zaleak Atletico Madrilen aurkako lehian», esan zuen atzo Jose Angel Zigandak.

Gainera, lehen itzulian Vicente Calderonen jasotako porrot mingarria ez dute ahaztu Osasunako jokalariek. Partida gogorra eta zikina izan zen, Osasunako lau jokalari egotzi zituen epaileak eta 1-0 irabazi zuen Javier Aguirreren taldeak -hiru egun lehenago Osasunak Kopatik at utzi zuen Atletico Madril-. «Kitatu beharreko zorrik ez daukagu Atletico Madrilekin, kirol mendekua izango litzateke gehienez ere. Itxura ona eman nahi dugu, eta bide batez gure zaleei poza eman nahi diegu, denboraldiko azkena. Horretarako, noski, irabazi egin nahi dugu». Ez du sutara gasolina botatzeko asmorik. Ez da hori Larraintzargo entrenatzailearen estiloa. Baina Hector Fontek argiago hitz egin zuen astelehenean: «Partida hark ondorioak izan zituen, lau jokalari egotzi zizkiguten, eta egia esateko, gogoan daukagu, bai. Ea orain irabazi ahal diegun».



AGURREN EGUNA. Zigandak ez du oraindik hasierako hamaikakoa erabaki, baina Osasunaren elastikoarekin azken aldiz ariko den jokalari bat baino gehiago izan daiteke hasierako hamaikakoan. Iñaki Muñoz eta Savo Milosevic, esaterako. Bi horiez gain, Valdo eta Juanlu ere agurtu egingo dira gaur, eta ikusteko dago Raul Garciarentzat, David Lopezentzat, Soldadorentzat, Romeorentzat eta Weborentzat ere azken eguna izango ez ote den. Raul Garciaren kasuan, gainera, zurrumurru guztien arabera, datorren denboraldian bere taldea izango denaren aurka jokatu beharko du gaur, Zigandak hala erabakiz gero. Eta Osasunak gaur Atletico Madril mendean hartzen badu, espainarrek ez dute datorren denboraldian UEFAko Kopa jokatuko. Zigandak laudorioak izan zituen atzo Raul Garciarentzat: «Kluba bere buruaren gainetik jarri du Raulek une oro».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.