Zaleek lagunduko diote berriz ere

Osasunak gaur etxean Sportingi irabaziz gero, kontrarioari aurre hartu eta jaitsiera postuetatik irtengo da

Iruñea
2009ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Mallorcaren aurkako lehian, Valentziaren aurkakoan eta Numantziaren aurkakoan, zaleek bikain erantzun zuten. Osasunazaleek badakite etxeko norgehiagoketan dagoela salbazioaren atea zabalduko duen giltza. Eta gaur ere bete egingo dira Nafarroako Erresumako harmailak, ostegunaz geroztik sarrerak salduta baitaude. Etxetik at partida bakar bat ere ez du irabazi Osasunak sasoi honetan, eta Nafarroako Erresuman azken boladan erakutsi duen sendotasunari eustea ezinbestekoa izango da aurrerantzean ere. Etxean jokatu dituzten azken hiru partidak irabazi egin dituzte gorritxoek, eta oso garrantzitsua da gaur arratsaldeko lehian ere kale ez egitea. Sporting aurkari zuzena da, gainera, Mallorca eta Numantzia bezala. Manolo Preciadoren taldea gain behera doa azken jardunaldietan, eta gorritxoek baino bi puntu gehiago besterik ez dute Gijongoek une honetan. Irabaztea ezinbestekoa da Osasunarentzat. Irabaziz gero, Preciadoren taldea zuloan sartuko du eta jaitsiera postuetatik irtetea lortuko du.

«Azken boladako partida guztiak bezala, Sportingen aurkakoa ere oso partida garrantzitsua da», adierazi zuen atzo Jose Antonio Camachok Taxoaren, asteko azken lan saioa bete ostean. «Azken jardunaldietan mailari eusteko borrokan talde gehiago sartzea da asmoa. Irabaziz gero, Sportingi aurre hartzeaz gain, jardunaldi honetan Betisek eta Mallorcak elkarren aurka jokatzen dutenez, ezingo dute biek irabazi, eta beste aurkari bat ere hortxe izango litzateke borrokan».

Bigarren itzuliko sei jardunaldietan 12 puntu bildu ditu Camachoren taldeak. Lehen itzuli osoan 13 puntu bildu zituztela aintzat hartuz gero, badirudi, kostata izan arren, bide egokia eta zuzena aurkitu dutela nafarrek. Gaur arratsaldeko lehian ere bolada onari segida ematea da asmoa. Sailkapenaren goialdera hurbildu arren, Sporting gain behera doa azken hilabeteotan -azken zazpi partidetatik sei galdu dituzte Preciadok zuzendutako jokalariek-.

Oraindik ez dute partidarik berdindu denboraldia hasiz geroztik, eta Lehen Mailan gol gehien sartu dioten taldea da: 57 gol sartu dizkiete Gijongoei 25 jardunalditan; Numantzia azken sailkatuari baino zortzi gol gehiago. Osasuna, aldiz, sailkapeneko lehen hiruren ostean, gol gutxien jaso duen taldea da, Deportivorekin berdinduta (31 gol). Argi dago Osasuna talde orekatuagoa dela, baina horrek ez du ezer ziurtatzen, eta begi bistakoa da Sportingen arriskua: «Partida guztiak irabaztera zelairatzen da Sporting, eta horregatik ez du oraindik partida bakar bat ere berdindu», esan zuen atzo Camachok.

Walter Pandiani, prest

Aurreko sasoian eta sasoi honen hasieran Walter Pandiani min hartuta egoteak ez zuen kezkarik eragiten Osasunazaleen artean. Ia ez zuen jokatzen uruguaitarrak, eta, jokatzen zuenean, ez zuen ezer onik egiten. Egun, ordea, bestelako egoera batean da Pandiani. Bolada bikainean da. Ondo baldin badago, beti hasieratik jartzen du Camachok, eta taldeko golegile onena da; sei gol sartu ditu dagoeneko.

Horrexegatik, ez da harritzekoa azken egunotan jendea kezkatuta egotea Pandianirekin. Eskuin zangoko koadrizepsean gainkarga bat izan du aste honetan uruguaitarrak, eta asteazkenaz geroztik normal entrenatu gabe dago. Atzo ere ez zuen taldekideek egin zuten lan guztia egiterik izan. Baina, hala eta guztiz ere, hasieratik ariko da gaur, taldeak haren beharra daukala- ko eta golak erraz sartzen ari delako.



Indar Gorriko kideek gogor salatu dute Biolentziaren Aurkako Batzordearen epaia

Espainiako Biolentziaren Aurkako Batzordeak gogor zigortu ditu joan den asteburuan Santanderko Sardinero futbol zelaian Osasuna babesten izan ziren 57 lagun. Indar Gorri taldeko kideak ziren denak, eta, ETAri gorazarre egitea eta amaieran auto batzuk txikitzea leporatuta, bakoitzari 9.000 euroko isuna ezarri diote; 506.000 euro guztira. Leporatzen dizkieten delitu guztiak gezurtatzeaz gain, Indar Gorrikoek Osasunazale guztien babesa eskatu zuten atzo Nafarroako Erresuma zelaiko atarian. «Presidentearengandik hasi eta azken bazkidera arte, jokalariak tarteko, denok elkar hartu behar dugu bidegabekeria hau geratzeko», esan zuten atzo Indar Gorrikoek. Euren ustez, Osasunaren aurkako erasoa da, eta ez da kasualitatea halako jazarpena Osasuna egoera zailean denean gertatzea. Gaur, 16:00etan, beste protesta kontzentrazio bat egingo dute Nafarroako Erresumaren inguruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.