Reala 1-0 Rayo

Zaleekin batera iritsi dira lehen hiru puntuak

Realak denboraldiko lehen garaipena eskuratu du Rayoren aurka, Oiartzabalek penaltiz sartutako golari esker. 8.000 zale izan dira Anoetan.

Mikel Oiartzabal gola ospatzen, gaur, Aitor Zabaleta harmailari oihuka. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2021eko abuztuaren 22a
19:24
Entzun

Realak eskuratu du denboraldiko lehen garaipena. Lehen jardunaldian, Bartzelonatik esku hutsik itzuli zen Reala, eta Imanol Alguacilek argi utzi du astean zehar ez zela pozik geratu bere jokalarien lanarekin. Lan eta konpromiso gehiago eskatu zien: «Denbora da ez dudala Realeko jokalari bat kopeta odoletan duela, puntuak josita, zelaian ikusi», laburbildu zuen oriotarrak. Gaurkoan, ordea, lana gogor egitera behartu ditu Rayok txuri-urdinak.

Neurketaren hasieratik argi geratu da zein izango zen gidoia: baloiaren jabetza Realari utzi dio Espainiako taldeak, eta euren aukerak baliatu nahi izan dituzte kontraerasoan. Andoni Iraolaren taldea ondo itxi da atzean, eta neurketak erritmo bizia izan duen arren, ez du bi taldeetako batek ere aukera asko sortzeko paradarik izan.

Bigarren zatia bestelakoa izan da, eta Aritz Elustondok eman du lehen abisu serioa: bikain errematatu du Oiartzabalen erdiraketa bat, baina are eta hobea izan da Dimitrievski atezainaren erantzuna. Neurketako azken ordu erdian izan du lana Rayoko atezainak, eta, azkenerako, bere taldeko jokalaririk onena izan da gaurkoan.

Sinboloa

Gutxi geroago heldu da partida erabaki duen jokaldia. Balliuk area barruan eskuarekin geratu du jaurtiketa bat, eta epaileak zalantzarik egin gabe adierazi du penaltia. Ohikoa duen klasearekin bota du Oiartzabalek, eta azken urteetan ohikoa bilakatu den moduan ospatu du Realeko kapitainak, Aitor Zabaleta harmailetara gerturatuz eta zaleei begiratuz. Ez zegoen irudi egokiagorik gaur Anoetan 8.000 zale inguru izan direla ospatzeko. Udan ez du atsedenik izan Oiartzabalek, baina ez dela nekatzen dirudi.

Hortik aurrera, etxekoek izan dituzte aukerarik argienak, baina lan egitea ere tokatu zaie. Aldaketak egin ditu Iraolak, estutu du Rayok, baina ezin. Lehen hiru puntuak poltsikoan ditu Realak.

Reala: Remiro; Gorosabel, Aritz; Le Normand; Aihen (Pacheco, 87'); Zubimendi, Merino (Guridi, 80'), Silva (Januzaj, 76'); Barrenetxea (Portu, 80'), Oiartzabal eta Isak (Gebara, 87').

Rayo: Dimitrievski; Balliu, Saveljich, Catena, Fran Garcia; Valentin (Bebe, 73'), Comesaña (Qasmi, 86'), Trejo; Merquelanz (Isi, 62'), Alvaro Garcia (Ciss, 73') eta Andres Martin (Nteka, 73').

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.