Jose Luis Mendilibarren aginduetara atzo osatu zuen lehen entrenamendua Osasunak—asteartekoa aurkezpena izan zen—. Lasaia izan zen, ordu eta erdiz aritu baitziren jokalariak Taxoaren. Entrenamenduan, korrika eta baloiarekin hainbat ariketa egin zituzten jokalariek. Entrenamendua baino lehenago, analisiak eta pisu neurketa pasa behar izan zituzten Osasunako medikuaren aurrean. Guztiek ongi pasa zituzten froga horiek, eta Mendilibarren ustez, jokalariak ongi iritsi dira denboraldi-aurrera.
Entrenatzaile bizkaitarra pozik dago dituen jokalariekin. «Guztiek dute jokatzeko aukera, denek irabazi behar dute postua. Orain 28 jokalari ditut, baina sasoia 23 edo 24 jokalarirekin hastea gustatuko litzaidake». Horrenbestez, jokalariak saldu beharko ditu talde gorritxoak Mendilibarren nahia betetzeko.
Javier Camuñasen ustezko irteerari buruz ere hitz egin zuenentrenatzaile bizkaitarrak. «Joan behar badu, joango da, baina klubak ez du presarik, ez jokalariak saltzeko, ezta jokalariak fitxatzeko ere». Hala ere, ezker atzelari baten zain dago taldea, Natxo Monrealen ordezkoa izango dena.
Bestalde, kirol arlotik kanpo, oso pozik dago Mendilibar. Izan ere, zale kopurua igo egin da azken aldian, eta horiek nolabaiteko ilusioa dutela aitortu du. Hala ere, lasai dago. «Ez gara erotuko, badakigu gure helburua taldeak Lehen Mailari eustea dela».
Egutegiari dagokionez, hasiera gogorra dutela esan zuen, baina, era berean, denen aurka jokatu behar dutela aitortu zuen Mendilibarrek.
Txapelketa solidarioa Irunen
Iaz bezala, Osasunak aurten ere Irunen lagunarteko txapelketa bat jokatuko du denboraldi-aurrearen hasieran. Uztailaren 25ean izango da, Gal estadioan. Han lortzen den dirua, iazko Haitiko lurrikarraren kaltetuentzako izango da. Real Union eta Reala izan ziren iazko arerioak. Aurten, talde txuri-urdinaren ordez Betis ariko da.
Zaleen artean dagoen ilusioarekin pozik dago Jose Luis Mendilibar
Denboraldi-aurreko lehen entrenamendua egin du Osasunak Taxoaren, ohi baino jokalari gehiagorekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu