Zaleen ilusioa dago jokoan

Osasunak Bayer Leverkuseni egingo dio bisita gaur, UEFA Kopako final-laurdenetako joaneko partidan

2007ko apirilaren 5a
00:00
Entzun


Osasunak Bayer Leverkuseni egingo dio bisita gaur, UEFA Kopako final-laurdenetako joaneko partidan
asier legarda-ereÑo

Iruñea

Euren taldeak UEFA Kopan egindako lanagatik gogoratuko dute osasunazaleek 2006-2007 denboraldia hurrengo urteetan. Glasgow Rangers kanporatu zuten egunetik dakite hori Osasunako jokalariek, historian lehendabiziko aldiz UEFA Kopako final-laurdenak jokatzeko txartela lortu baitzuten Eskoziako taldearen aurkako partidan. Espainiako Ligan sailkapeneko hamahirugarren postuan da Jose Angel Zigandak zuzentzen duen taldea, 35 punturekin, jaitsiera postuetatik bederatzi puntura, baina UEFA Kopako postuetara iristeko aukera gutxirekin. Osasunak iragan denboraldiko Liga laugarren postuan amaitu zutela aintzat hartuta, argi dago 2006-2007 denboraldia ez dutela Ligako ibilbideagatik gogoratuko zaleek. UEFA Koparen sasoia da hau. Eta ametsari sinesgarritasuna ematen jarraitu nahi dute gorritxoek. Leverkusenen (Alemanian) dute gaur hitzordua, Bay Arena estadioan.

Finalerdietarako txartela astebete barru Nafarroako Erresuman lortzeko itxaropena dutenez, joaneko partidan Alemanian emaitza ona lortzera behartuta daude gaurko lehian nafarrak. Eta hasieratik amaiera arte defendatzeko helburu bakarrarekin ezin daitezkeela aritu esan nahi du horrek. «Kanporaketa gainditzeko aukerak izan nahi baditugu, gure zelai zatian soilik ezin dugu jokatu. Bayer Leverkusenek beti erasora jokatzeko joera dauka, eta guk ere erasoan Bayer Leverkuseni min egitea ezinbestekoa izango da. 90 minutu defendatzen igaroz gero, gaizki pasatuko dugu», adierazi zuen herenegun Zigandak. Garaipen zerrendak aintzat hartuz gero, Alemaniako taldea da faborito aurrera egiteko: 2002an Txapeldunen Ligako finala jokatu zuen, Real Madrilen aurka, eta 1988an UEFA Kopa irabazi zuen, Javier Clementeren Espanyol menderatuta. Nolanahi ere, Osasunako kideek badakite garaipen zerrendak ez duela garaipena ziurtatzen.

Bordeleko Girondins eta Glasgowko Rangers ere ospe eta sona handiko taldeak dira. Talde gutxik daukate eskoziarrek baino garaipen zerrenda hobea, baina Girondins eta Rangers bidean utzi ditu Osasunak. Orain, hirugarren ustekabea eman nahi du jarraian. «Europan eskarmentugutxi dute jokalari gehienek, eta aurreko kanporaketetan zenbait konplexu gainditu ahal izan ditugula uste dut. Hori ona da guretzat», onartu zuen Osasunako entrenatzaileak Alemaniara abiatu aurretik. Eta bai, UEFA Kopan aurrera jarraitu nahi badute, lotsarik gabe jokatzera behartuta daude nafarrak. Aurrekontuagatik, garaipen zerrendagatik, ospeagatik... horregatik guztiagatik Bayer Leverkusenek gainditu beharko luke kanporaketa. Baina futbolean epaileak txistua jo orduko orekatzen dira gabezia historiko guztiak. Umil, baina lotsarik gabe zelairatu behar du Iruñeko taldeak gaur Bay Arena estadioan.

«Une gozoan dago Bayer Leverkusen. Bolada onean da eta irabazi besterik ez du egin aspaldian. Euren selekzioekin jokatzen dute Bayer Leverkusen taldeko jokalari gehienek, eta seguru nago ongi jokatuko duela. Hala eta guztiz ere, guk daukagun ilusioarekin, astindu gogorra eman beharko digute UEFA Kopatik kanpo utzi nahi bagaituzte». Azkenean Bayer Leverkusen sailkatzen bada ere, izerdia gogotik bota beharko dute alemaniarrek. Hori da Zigandaren nahia behinik behin.



ZAZPI JOKALARI, ARRISKUAN. Denboraldi hasieran ez zen inoren burutik pasatzen UEFA Kopako finala jokatzea, baina helmugatik lau partida eskasera egonik, Osasunako jokalariek nekez emango dute amore orain, ametsa hain gertu dutenean. «Geure merituengatik sailkatu gara final-laurdenetarako, eta orain gozatzen jarraitu nahi dugu. Aukera historikoa da eta ezin dugu orain UEFA Kopa oparitu», esan du Raul Garciak aste honetan, esaterako.

Barruan duen guztia emango du Raul Garciak gaur ere Leverkusenen. Hargatik, Osasunako erdilariak kontuz ibili beharra dauka. Bay Arenan txartel hori bat ateraz gero ez lukeelako itzuliko partida jokatzerik izango, eta gutxienez Puñal eta Nekunam osatu bitartean ezinbestekoa da Raul Garcia Osasunan. Zoritxarrez, Raul Garcia ez da txartel horia ateraz gero zigorra jasoko duen Osasunako jokalari bakarra. Javier Flaño, David Lopez, Valdo, Soldado, Webo eta Corrales ere egoera berean daude. Josetxo ere bai, baina lesio batetik osatzen ari da eta erdiko atzelaria ez da gaur Leverkusenen izango.



Osasunak ez du inoiz galduAlemaniako taldeen aurka

1991-1992 denboraldian neurtu zituen indarrak Osasunak lehendabiziko aldiz Alemaniako talde baten aurka. VfB Stuttgart taldearen aurka jokatzea egokitu zitzaien nafarrei UEFA Kopako final-hamaseirenetan. Pedro Mari Zabalzak zuzentzen zuen taldea Immel, Buchwald, Mathias Sammer, Gaudino, Fritz Walter eta enparauak gainditzeko gai izan zen. Joaneko partidan, Sadarren, hutsean amaitu zen norgehiagoka. Itzuliko partidan, 0-3 aurreratu zen Roberto, Larraintzar, Bustingorri, Martin Gonzalez, Urban eta enparauen Osasuna. Partida amaierako 2-3ko emaitzak hurrengo kanporaketarako txartela eman zien nafarrei.

Denboraldi honetan ere neurtu dituzte indarrak gorritxoek Bundesligako talde baten aurka. Txapeldunen Ligako atarikoan izan zen, Hanburgoren aurka. Eta azken emaitza Stuttgarten aurkakoa baino garratzagoa izan zen. Osasunak ez zuen partidarik galdu Hanburgoko taldearen aurka: 0-0 joanekoan, AOL Arenan, eta 1-1 itzulikoan, Nafarroako Erresuman. Kanporaketa berdinduta amaituz gero etxetik kanpo lortutako golek duten balio bikoitzagatik Hanburgo sailkatu zen ligaxkarako. Bayer Leverkusenek, berriz, Espainiako Ligako taldeen aurka jokatutako 17 partidetatik sei irabazi ditu, hiru berdindu eta zortzi galdu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.