Kopako Finala

Zalerik gabe jokatuko da Athletic-Reala finala

Espainiaiko Federazioak atzera egin du Cartujan 10.000 zale sartzeko asmoan. ETB1ek emango du finala.

ainara arratibel gascon
2021eko martxoaren 18a
13:27
Entzun

Espainiako Futbol Federazioak uko egin dio Realaren eta Athleticen arteko apirilaren 3ko Kopako finalean publikoa egoteari, eta hala berretsiko die arratsaldeko bileran bi klubei. Federazioak ohar bat kaleratu du, eta bertan dio edozein proposamen egiteko orduan beti hartu dituela kontuan indarrean dauden osasun neurriak eta osasun agintarien gomendioak.

Halaber, azken asteetan egin dituen urratsen berri eman du. Azaldu du hainbat bilera egin dituztela Andaluziako Osasun Sailarekin, Kopako finalean publikoa sar zitekeen aztertzeko. Han dauden datu epidemiologikoak izan dituzte mahai gainean, eta itxiera perimetrala tarteko soilik Andaluziako zaleak sartu ahal izango zirela Cartujan. Egoera aztertuta, zaleak sartzeak "neurrizko arriskua" ekarriko zuela ondorioztatu zuten.

Horren guztiaren berri eman zaie klubei, eta bai Athleticek, bai Realak adierazi dute federazioaren edozein erabaki errespetatzen dutela. Azkenean, Andaluziako Osasun Sailak eta federazioak erabaki dute finala publikorik gabe jokatzea.

Hala, bertan behera geratu da federazioak atzo zuen asmoa, Cartujan 10.000 zale sartu nahi baitzituen. Baina Carolina Darias Espainiako Osasun ministroak argi adierazi zuen atzo: "Ez da egokia, ezta gomendagarria ere". Antzera mintzatu zen Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailea: "Ez da garai ona zaleak estadioetara joan daitezen bultzatzeko". Iñigo Urkullu lehendakariak gaur goizean hitz egin du gaiaz. "Kopako partida baino garrantzitsuagoa da birusaren aurkako lehia. Kopako finala etxean jokatu behar dugu".

Athleticeko eta Realeko zale gehienek ere ez zuten ontzat jotzen zaleak estadioan sartzeko neurria, nahiz eta Andaluziako bi taldeen zaleen artean ilusioa sortu zuen hasieran aukera horrek. EITBk iragarri du finala zuzenean emango duela ETB1en.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.