Caja Laboral Baskonia 71. Zalgiris Kaunas 77

Zalgirisek hilzorian utzi du Baskonia Euroligan

Arabarrek 13 errebote eman dituzte euren saskian, eta portzentaje kaskarra lortu dute hirukoetan: %27

Andoni Urbistondo.
2012ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Caja Laboral Baskonia. Heurtel (8), Oleson (3), Nemanja Bjelica (6), Lampe (2), Nocioni (13) —hasierako bostekoa—; Milko Bjelica (6), Cabezas (4), San Emeterio (9) eta Causeur.

Zalgiris Kaunas. Darden (17), Jankunas (7), Jaaber, Lafayette (12), Kaukenas (15), Lavrinovic —hasierako bostekoa—; Popovic (11), Darjus Lavrinovic (10), Juskevicius (3), Delas eta Kuzminskas (2).

Markagailua. 25-23, 35-40 (atsedenaldian); 51-57 eta 71-77.

Epaileak. Lottermoser, Sahin eta Mattioli. Ez zuten inor kanporatu.

Bestelakoak. 10.616 ikusle Buesa Arena pabiloian.

Etorkizun beltza dauka Baskoniak Euroligan. Jokatutako bi partidak galdu dituzte arabarrek, bat etxean aurkari zuzen baten aurka, eta larrutik ordain dezake bere sasoi puntu txarra. Zalgirisek merezita hartu zuen mendean Baskonia, une jakinetan asmatu egin zuten jokalariak dituelako. Kaukenasek, Darden eta Lafayette estatubatuarrek eta Darjus Lavrinovicek jaurtiketa garrantzitsuak saskiratu zituzten, hala egin behar zutenean, eta Baskonia, aldiz, kamuts aritu zen urrunetik. Lehen sei hirukoetatik lau saskiratu zituen, baina ondorengo estatistika txarra ez, txarra baino okerragoa da: hamasei saiakera, eta bi baino ez barrura. %27koa, portzentajea.

Zalgiris talde arriskutsua dela esan eta esan aritu da Ivanovic, eta zenbakiek hori erakusten dute. Bost jokalarik 10 puntuko langa gainditu zuten, eta Tremell Darden eta Kaukenas izan ziren onenak: 17 puntu lehenarentzat, 15 bigarrenarentzat. Baskonian Nocioni eta Oleson izan ziren saskiratzaile onenak 13 punturekin, baina ez ziren benetako mehatxua izan Zalgirisentzat. Nocioni erreboluzio gehitxorekin, eta Oleson itzalita, lehen laurdenean hiru hiruko saskiratuta.

Lampe bera ere berandu esnatu zen, eta Heurtel eta Cabezas bikoa nahi eta ezin aritu zen Marko Popovic joko antolatzailearekin eduki zuten deman. Aintzat hartzeko moduko beste datu bat: 13 errebote eman zituen defentsan Baskoniak. Geratzen zaizkion zortzi partidetatik bost edo sei irabazi beharko ditu orain, Top 16tik kanpo geratu nahi ez badu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.