Europako Ligarekin amets egin aurrena, eta mailari eusteko sufritu orain. Horretara eraman du ahultasunak Reala. Denboraldi guztian izan ditu taldeak arazoak defentsan, baina azken boladan nabarmen areagotu dira: bederatzi norgehiagokatan, hogei gol sartu dizkiote, batez beste bi baino gehiago. Logikoa denez, behin baino ez dute irabazi tarte horretan, une honetan Realak ez daukan ahalmena behar baita erasoan zama hori orekatu eta aurrera egiteko. Lehenbailehen jarri beharko dio konponbidea, baina ez da erraza izango, gol gehien sartzen duten lehen eta hirugarren taldeak baitira hurrengo bi aurkariak: Bartzelona eta Valentzia.
Realaren jomuga bera dute sailkapenean azpitik dituen zortzi taldeek. Sendotasun falta ohiko ezaugarria izan ohi da halakoetan, baina azken bederatzi jardunaldietan ez dago Reala bezain gaizki aritu denik: Almeria azken sailkatuari 18 gol sartu dizkiote; Racingi 16; Getaferi 15... Gainerakoak txukunago aritu dira, eta batzuk ofizioagatik nabarmendu dira, erasoan sufritu arren. Deportivori, esaterako, zazpi gol baino ez dizkiote sartu, eta Zaragozari, zortzi. Osasuna (11), Hercules (12) eta Malaga (13) paretsu dabiltza. Andaluziarren kasuan, 13 goletatik zazpi partida bakarrean sartu zizkion Real Madrilek.
Batzuk hortzak estutzen ari dira, baina Realak okerrera egin du. Denboraldi guztia kontuan hartuta, defentsako talderik eskasenetan hirugarrena da, Malaga eta Almeriaren atzetik. Denbora dezente darama postu beltz horretan, baina azkenaldiko emaitzen ondoren, asko gerturatu da azken bien kopuruetara: 57 gol sartu dizkiote jada, Almeriari baino bat gutxiago, eta Malagari baino sei gutxiago. Bigarren itzuliaren hasieran erakutsitako seriotasuna iragana da jada, eta aurkariek oso gutxi behar dute Realaren aurka etekina ateratzeko. Athleticek San Mamesen sartutako bi golak ikusi besterik ez dago.
Azken hamarkadan behin baino gehiagotan izan du Realak defentsa gurutzebide. 2000-2001eko denboraldian, 33. jardunaldi jokatu ondoren, une honetan bezala, Ligako talderik ahulena zen: 64 gol zeramatzan kontra, orain baino zazpi gehiago. Sailkapenean, berriz, jaitsiera postuetan zegoen, orain baino bost puntu gutxiagorekin. Hala ere, jardunaldi baten faltan eutsi zion mailari, San Mamesen irabazi ondoren. Lau jardunalditan hiru garaipen eta berdinketa bat pilatu zituen. Azken jardunaldian, Osasunaren aurka galdu zuen Anoetan (0-1); zeresan ugari eman zuen partida hark.
2005-2006ko sasoian bizitako egoerak ere oraingoa gogorarazten du. Orduan ere gol andana jasotzen ari zen Reala —orain baino bat gehiago, 58—. Sailkapenean ere nahiko larri zebilen, 35 punturekin, jaitsiera postuak bira zituela. Bost puntu gehiago batuta eutsi zion mailari, 40rekin: Vila-reali bere zelaian irabazi, eta Cadiz eta Celtaren aurka berdindu zuen.
50 goleko langatik behera
Gainerako denboraldietan, ordea, askoz ere txukunago aritu da Reala. Bigarren Mailan diziplinagatik eta seriotasunagatik nabarmendu zen gehienbat: 29, 26 eta 30 gol baino ez zizkioten sartu azken hiru denboraldietan 33 jardunalditan. Baina Lehen Mailan ere, aipatutako bi salbuespenak kenduta, behin ere ez zuen gainditu 50 goleko langa: 40, 2006-2007an; 47, 2004-2005ean; 45, 2003-2004an; 41, 2002-2003an; eta 48, 2001-2002an. Deigarria bada ere, jaitsieraren sasoian aritu zen sendoen. Txapeldunorde geratu zenean baino gol bat gutxiago zeraman, Lotina aulkian zela. Erasoa izan zuen orduan galbide.
Inor gutxik espero zuen sasoi honetan Realaren buruhauste nagusia golak saihestea izango zela. Baina Lehen Maila beste kontu bat da. Bidegabea litzateke erantzukizun guztia atzeko lerroari leporatzea. Egia da erdiko atzelariak eta hegalekoak gorabeheratsu aritu direla eta aurkarien kalitateak gabeziak biluztu dituela sarritan. Baina, funtsean, talde gisa mugitzea eta defenditzea eta oparirik ez egitea da Realari falta zaiona. Ez du erakutsi taktikoki behar beste landuta dagoenik.
Hala ere, bederatzi aldiz lortu du atea hutsean uztea, eta puntu uzta oparoa bildu du horri esker. Horietatik sei, ordea, lehen itzulian izan ziren, eta beste hirurak bigarren itzuliaren hasieran. Dagoeneko bederatzi jardunaldi daramatza taldeak hori lortu gabe, tartean ustez aproposak ziruditen zenbait norgehiagoka jokatu arren. Denboraldia bukatu bitarteko partida guztietan Bravok baloia sareetatik jasotzeko makurtu behar izatea oso seinale txarra litzateke. Zama astunegia, akaso.
Zama astunegia, gauza onerako
Azken bederatzi partidetan hogei gol sartu dizkiote Realari, beste inori baino gehiagoTxuri-urdinek bederatzi aldiz lortu dute euren atea hutsean uztea, baina kasu horietatik sei lehen itzulian izan ziren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu