Ilusioa berreskuratu du Baskoniak. Saskibaloi onak piztu ohi duen ilusioa. Finalerdietan sartzeko pauso bakarrera dago, igandean Unicaja bigarrengoz menpean hartu ondoren (66-82). Nagusitasun osoz lortu zuen hori, eta bere mailaren berri eman. Orain dela hainbat denboralditako talde gupidagabearen itxura erakutsi du berriro, eta historikoki egin duen saskibaloia egin. Joko bizia, alaia, egin zuen hasieratik, Lauko Finalean erakutsi zuenaren guztiz kontrakoa. Unicaja ez dago sasoi betean, baina Tauren hobekuntza nabaria da.
Defentsa gogorra eta korrika egitea gustuko izan du Baskoniak azken hamarkadan. Horiek izan dira bere jokoaren ezaugarri nagusiak. Horiek eta kemena. Horren alde egin zuen igandean, eta Unicajaren gabezia guztiak agerian utzi zituen. Lehen unetik bertatik erabaki zuen Baskoniak final-laurdenetako kanporaketako bigarren partida. Lehen laurdeneko estatistikak oso adierazgarriak izan ziren. Zazpi puntu baino ez zituzten saskiratu malagarrek, Tauren defentsa gainditu ezinik jardun baitzuten. 24 puntu saskiratu zituen Baskoniak, eta, bide batez, partida bukaeraraino lasai jokatzeko aukera lortu zuen.
Unicajaren tentsio eskasa agerian gelditu zen berriro ere minutuek aurrera egin ahala. Scariolok lanak ditu entrenatzen dituen jokalarien tentsio egokiena lortzeko. Lauko Finalera heltzearekin denboraldia ontzat ematen dutela erakutsi dute kanporaketako lehen bi partidetan. Brown eta Rodriguezen eskutik ahalegin txikia egin zuten bigarren laurdenean. Hamar puntura gerturatu ziren une batean, 7-0 partzial bati esker, baina Baskoniak azkar zuzendu zuen egoera.
RAKOCEVICEN BI ALDEAK. Tauren talde lanak berebiziko garrantzia izan du bi partidetan. Defentsa da horren adibide garbiena. Unicajak 65 puntu saskiratu zituen lehen partidan, eta 66 bigarrenean. Dena den, talde lan horren barruan jokalari baatzuen lana azpimarratzekoa da. Rakocevic da lehena. Lehen parte-hartzea zuen ACBko kanporaketetan. Pamesan ezin izan zuen parte hartu, eta kanporaketen atarian lesionatu zen Real Madrilen zegoela. Denboraldi horietan pilatutako gogo guztiak agerian utzi ditu honetan. Onerako eta txarrerako.
ACBko kanporaketetako jokalari erabakigarriena dela erakutsi du orain arte. 66 puntu saskiratu ditu bi partidatan, eta, hori gutxi balitz bezala, ia ez du hutsik egin jaurti duenean. Hiruko hemeretzi jaurtiketa egin ditu, eta lau aldiz baino ez du huts egin. Ezohiko datua da hori, baina Tauko jokalariaren sasoiaren berri ematen du. «Edonondik jaurtita ere baloia saskiratuko nuela iruditzen zitzaidan», adierazi zuen lehen partidaren ostean. Igandeko partidan ere Rakocevicek garrantzi itzela izan zuen, partida hausten lagundu baitzuen. Igandean, ordea, bere alde txarra ere erakutsi zuen Rakocevicek. Malagako jarraitzaileek ez zioten barkatu kanporaketako lehen partidan aulkirako bidean zihoala egindako keinua. Partida osoan hainbat jarraitzaileren irainak entzun zituen, eta azken laurdenean modu txarrean erantzun zien. Zalaparta polita sortu zen keinu horien ondorioz, baina barkamena eskatu zien jarraitzaileei eta Unicajako kapitainari partida bukaeran.
Rakocevicek garrantzi handia bereganatu du, baina Lou Roeren lana ere azpimarratzekoa da. Lan eskerga egiten ari da saskipean, erasoan zein defentsan, eta kanporaketetan laguntza handia emango duela erakutsi du dagoeneko.
KANPORAKETA OREKATUAK. Tau lehen bi partidetan nagusitu da, baina Joventutek baino ez du hori egin beste hiru kanporaketetan. Real Madrilek eta Bartzelonak bigarren partidan galdu zuten, eta espero baino lan gehiago egin beharko dute aurrera egiteko. Akasvayuk eman zuen ezustekoa, Ivano- vicen taldeari aise gailendu zitzaion eta (85-70), askoz joko hobea erakutsi ondoren. Pesicen hegalekoek maila aparta erakutsi zuten partida osoan.
Pamesak ere ezustekoa eman zion Real Madrili. Lehen partidan ez bezala, azken segundoetan ez zuen barkatu. Avdalovicen hiruko batek aurretik jarri zuen Pamesa, eta Real Madrilek ez zuen erantzun (70-67).
Zapalgailuaren itxura du
Talde gupidagabearen itxura berreskuratu du Tauk, Unicajari bigarrenez irabazi eta finalerdien atarian sartuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu