Tolosa 23. Miarritze 19

Zapore garratzarekin

Miarritzek oso hurbil izan du garaipena Tolosaren aurka, baina defentsako puntua baino ez du lortu

Eneritz Zabaleta.
2011ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Tolosa. Poux (Human, 53. min.), Lacombe (Basualdo, 37. min.), Lecouls (Montes, 63. min.); Albacete, Millo-Chlusky; Bouillhou, Picamoles (Sowerby, 64. min.), Lamboley (Nicolas, 56. min.); Vergallo (Doussain, 68. min.), Michalak (Bezy, 51. min.); Delasau, Fritz, Lamerat, Caucaunibuca; eta Heymans.

Miarritze. Coetzee (Watremez, 68. min.), Terrain (August, 55. min.), Johnstone (Guinazu, 63. min.); Roidot, E. Lund; Lakafia (Lauret, 60. min.), Faure, Guyot; Lesgourgues, Peyrelongue; Ngwenya, Gimenez (Fior, 61. min.), Bosch, Balshaw (Bolakoro, 53. min.); eta Haylett-Petty.

Markagailua. 0-3, 0-10, 3-10, 10-10, 10-13, 13-13 (atsedenaldian); 13-16, 13-19, 20-19 eta 23-19.

Epailea. Jerome Garces.

Badira puntuak eta puntuak. Sailkapenean guztiek balio berdina baldin badute ere, batzuek besteek baino zapore garratzagoa uzten dute. Atzo Miarritzek Tolosan lortutako defentsako puntu gehigarriak garratzetik izanen du gehiago gozotik baino. Izan ere, Jean Mixel Gonzalezen jokalariak partida irabazteko kokatuta egon ziren, bikain hasitako lanari esker. Euria tira ahala ari zela, lapurtarrak Okzitaniakoak baino hobeki sartu ziren norgehiagokan. Julien Peyrelonguek hirugarren minutuan Dimitri Yachviliren oroitzapena ahaztarazi zuen, zigor kolpea lortuz: 0-3.

Hamar minutu geroago, Tolosak bere 22 metroetan galdutako baloi bat baliatu zuen Iain Balshawek entsegua sartzeko eta 0-10eko markagailua ezartzeko. Miarritzek ezin zion hobeki ekin Ernest Wallonen partidari. Tolosa hotz harrapatu zuen Miarritzek, baina etxeko taldeak ez zuen etsi. Harengan ohikoa den bezala, baloiak jokatu zituen, eta Miarritzek zangoz zelaia okupatzeko hautua egin zuen. Pixkanaka, partidan sartu zen berriz, eta atsedenaldia iristerako, partida berdindu egin zuen: 13-13.

Bazirudien Tolosa partidaren kontrola hartzen ari zela eta, hasierako kolpetik altxatu ondoren, garaipena urratsez urrats eraikiko zuela. Baina Miarritzek bere burua garesti saldu nahi zuen. Tolosaren petoak baliatuz, Peyrelonguek bi zigor kolpe sartu zituen, aitzina hartuz: 13-19. Partidako jokaldi esanguratsuena etorri zen ondoren. Tolosa erasoan zen, eta Bezyk ostikada jo zuen. Entsegu eremuan sekulako nahasmena sortu zen, eta entsegua sartzen iaioena Doussain sartu berria izan zen. Tolosak aitzina hartu zuen, eta Bezyk 23-19koa ezarri zuen.

Miarritzeri erasotzea tokatzen zitzaion. Azken bost minutuetan saiatu zen, baina Tolosak ez zuen barkatu, eta azkenean defentsako puntuarekin akort egon beharko du Miarritzek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.