Granada 1-0 Athletic

Zapuztu da, eta zapuztu dio

Athleticek galdu egin du Granadan, eta ikaragarri zailduko zaio Europarako aukera, bihar Vila-realek eta Realak irabazten badute. Karankaren taldearen jokoak txiki utzi du Marcelinoren jokalariena

Granadako jokalariak Colladok sarturiko gola ospatzen, Athleticekoen harridura keinuen aurrean, atzo, Los Carmenes estadioan. MIGUEL ANGEL MOLINA / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2022ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Colladok (35 min.) Epailea. Sanchez Martinez. Txartel gorria: Vesgari ( 85. min.).

Galderez josita dago Athletic eta ingurua. Hauteskundeen atariko bisajea. Hau bai, hori ez, hura agian. Beste zalantza batzuk utzi zituen taldeak atzo Granadan erakutsitakoak. Edo ez erakutsitakoak. Marcelinok ere izango du zer erantzun. Kale egin zuten zuri-gorriek kale egin ezin den garaian, eta lehen ere aurkarien mende bazegoen Europara sartu ahal izateko, orain gehiago. Betis ezin du harrapatu, atzo irabazi egin zuelako, eta bihar Vila-realek eta Realak garaipena lortzen badute, lau puntura eta seira egingo diote ihes, bi partida faltako direnean.

Horregatik zituen Athleticek beharrezkoak atzoko hiru puntuak, eta horregatik da ulertzen zaila taldeak erakutsi zuen jokoa. Eta jokoaren aurretik, Marcelinok egindako hautuek behar dute azalpena. Lesioak tarteko, txandakatzeak bitarteko, ez zuen hamaikakorik onena atera Espainiako entrenatzaileak. Galdera bat: nola liteke Iñaki Williams aulkian uztea hain partida garrantzitsuan? Golak sartzen ez da trebea izango, baina aurkarien defentsak nekatzen eta zoratzen abilenetakoa da, bere abiadurarekin.

Ez da kontu mehea. Granadak jan egin zuen Athletic une askotan, baloia goian galdu eta presio itogarria eginez. Gauza bera egin zuen bigarren baloietan. Etxeko atzelariak oso gertu ziren erdilariengandik, horiei presioan laguntzeko. Itsasargirik ez zeukan aurrean, eta baloia berreskuratu eta atzera jokatu zuen askotan, etxekoen presioa erraztuz. Lehen zatian, bizpahiru aldiz soilik atera zen kontraerasoan Marcelinoren taldea, beste Williamsen bitartez, eskuin hegaletik.

Beste galdera bat: zelai-erdia jan zion etxeko taldeak atzo kanpotarra zenari. Karankak hiru jokalari jarri zituen hor, bi Marcelinok, ohi duen moduan, ez baitu sekula santa marrazkia aldatzen. Baina aldatu gabe ere, ñabarduraren bat, zerbait, partida alde batera bideratzen hasi zen egoera aldatzeko. Ezer ez. Entrenatzailea kopeta beltz egon zen atzo ia partida osoan, ikusten ari zenarekin haserre, bere buruarekin saminduta, edo jarraitu behar ez duelako minduta.

Gola, opari zabarra

Hori guztia gutxi ez, eta gola oparitu zion Athleticek Granadari. Baloia atzetik jokatuta atera behar, etekina hutsaren hurrengoa zenean, etxekoek majo estutzen zutelako. Bada, Dani Garciak bizkarrez area barruan egin behar ez dena egin, eta Colladok lapurtu zion. Gola. Bigarren zatian Williams zaharra zelairatuta ere, alferrik.

Vesgak hamarrekin utzi zuen taldea 85.ean. Zarragari balizko penaltia 95.ean, kontraerasoan gola Luis Suarezek, baliorik gabea jokoz kanpokoagatik, eta azken jokaldian, Raul Garciak zutoinera. Pozarren Karanka. Athleticen estiloan irabazi zion Athletici. Zergatik ez Karanka San Mamesen datorren denboraldian?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.