Zaragozan ekingo dio Baskoniak, zalantzak uxatu nahian, saskipea umezurtz duela

Andoni Urbistondo.
2012ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Denboraldi-aurrean neurririk eman ez duten talde bi elkartuko dira gaur Zaragozako Felipe Printzea pabiloian (12:15, ETB). Caja Laboralek zortzi partida jokatu ditu, eta erdizka geratu: lau irabazi eta beste hainbeste galdu. Okerragoa da CAI Zaragozaren egoera, zazpi jokatu eta sei galdu baititu. Horietako gehienak, gainera, ACB ligako taldeen aurka, eta astindu handi samarrak hartuta, Joventut, Obradoiro, Obradoiro eta Real Madrilen aurka.

Azaltzen zaila da CAIren egoera, kanpotik begiratuta nahiko talde txukuna duela dirudielako. Pedro Llompart fitxatu dute gidaritza lanerako, eta Michael Roll eskolta estatubatuarra, Damian Rudez hegaleko kroaziarra, eta Henk Norel eta Joseph Jones pibote bikotea ere iritsi dira. Herbehereetakoa lehena, estatubatuarra bigarrena. Ebro ibaiaren ertzean geratu dira Sam Van Rossom, Jon Steffansson, Chad Toppert, Pablo Aguilar eta Albert Fontet.

Baskoniaren kasuan ere zalantza nagusi. Gescrapek astindu handi samarra eman zion astelehenean, Euskal Kopan, eta Dusko Ivanovicen taldearen gabeziak azaleratu. Larrienak, saskipekoak, Milko Bjelica eta Maciej Lampe lesionatuta daudelako. Joko antolatzailearen postuaren inguruan ere zer aipatua badago. Thomas Heurtelek ez zuelako taldean egon behar, Tylor Rochestiek belaunean arazoak dituelako, eta Carlos Cabezasek ez duelako fitxaketa garrantzitsu batengandik espero den neurririk eman.

Bitartean, nork bultzatu behar dio gurdiari? Fernando San Emeteriok, Andres Nocionik eta Nemanja Bjelicak. Espainiarra kapitaina delako. Argentinarra, proiektuko ikurra, eta serbiarra, berarekin egin zuten inbertsioa justifikatzen hasi behar duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.