Pilota. EPELen buruz buruko txapelketako finala

Zauria itxi baino gehiago

Xala sasoi betean dago, apendizitiseko ebakuntzaren ondoren erabat indarberritu da, eta bihar bere onena eman ahal izango du. Hala diote behintzat haren ingurukoek eta entrenamenduetako kideek.

Xala, Bilboko Bizkaia pilotalekuko kristalezko erreboteko paretaren kontra jarrita, herenegun eginiko pilota aukeraketan. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2011ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Artekariak urduri dabiltza biharko finalaribegira. Dirua nabarmen irtengo da Olaizola II.aren alde: 100-40ri, eta, hala ere, apustuak ixtea kostatzen ari zaie. Xalaren inguruko zalantzen eragina da. Ebakuntza baten ondoren jokatuko duela jakitea ez da konfiantza izateko modurik onena, eta egongo da lehen tantoak ikusi arte itxarongo duena trabesekin hasteko. Baina nola dago benetan Xala? Berak sasoi betean dagoela esan du, zer esan bestela? Baina zer diote albokoek? Bada, ongi ikusi dutela, eta haren sasoiak bainoago jokatu gabe eginiko denborak arduratzen dituela.

«Iragan astelehenean entrenamendu saio gogorra egin genuen Bilbon, ordubetetik gorakoa. Buruz buruko partida jokatu genuen, eta 22-14 edo halako zerbait irabazi zidan». Julen Retegi izan zen Xalak finalaren aurretik egin duen entrenamendu gogorrenenaren sparring-a.Txapelketa honetan Xalak Retegi kanporatu zuen (22-12), eta partida hartako maila bertsuan ikusi zuen. «Beti bezala dago. Ondo zegoela zioen, baina zer esango zuen, bada, final baten aurretik? Eta entrenamenduan oso ondo aritu zen, nik espero baino hobeto. Finalean bere maila ematen ez badu, ez da apendizitiseko ebakuntzarengatik izango». Bilbon jokatuko da finala, eta Retegi Bizkaia pilotalekuan entrenatu zen Xalarekin. Eratsungo gazteak dioenez, pilotaleku pisua da, eta horrek Xalaren jokoa baldintzatu egingo du. «Entrenamenduan oso ondo jokatu zuen, eta asko jo zuen sake-errematera. Ni botera errestatzen hasi nintzen, eta airez jarri behar izan nuen azkenean».

Aitor Zubieta Xalaren botillero, lagun eta konfesorea da. Polemikako une latzenetan alboan izan du, eta entrenatzera itzuli zenetik gertutik jarraitu du finalistaren jarduna. «Finala jokatuko zuela jakin eta lehen egunetan zurrunbilotik irten gabe zegoen oraindik. Berak 19an joka zezakeen, baina bi aste gehiago izatea primeran etorri zaio, zentratu egin delako. Duela bi aste fisikoki ondo zegoen, baina orain, sasoi betean dago». Horri dagokionez, Etxarriko pilotariak hauxe nabarmendu du: «Justo Lillok zerikusi handia du Yvesek kantxan eman duen mailarekin, lan saio gogor eta egokiak prestatu dizkio eta hobekuntza egunez egun nabaritzen zitzaion».

Aspeko prestatzaile fisikoak ez die kasu handirik egiten jasotako loreei. Duela hiru aste hasi ziren lan fisikoa egiten, eta ahaleginak bere emaitza izan du. Teknikariaren azalpena akademikoa da: «Nik diseinaturiko plangintza zuzen bete du, exijentzia maila eta kargekin. Ondo dago, sasoiko iritsi da finalera. Ebakuntzaren aitzakiarik ez dago behintzat». Egoera, baina, ez da normala izan, eta, Lilloren iritziz, polemikak Xala piztu egin du. Bere ustea arrazoitu du. «Gelditu egin behar izan dut. Aurretik ikusi gabeko Yves bat ikusi dut, gogo biziz entrenatu da sasoiko jartzeko. Oso motibatuta ikusten dut. Hori gehiegizko nahiaren eragina da, eta espero dut finalean nahi hori ondo kudeatzen asmatuko duela».

Jokin Etxaniz Aspeko kirol zuzendariak ere jarraitu du Xalaren bilakaera. Harrituta dago finalistak entrenamenduetan erakutsi duen grinarekin, «Niretzat askotan faltaizan duena ikusi diot Xalari». Eta haren ardura, orain, ez da ebakuntzaren ondorena. «Jokatu gabe daraman denborak arduratzen nau, partidako erritmoa desberdina delako. Arlo fisikoari dagokionez, beti bezala dago, ondo». Xalak maiatzaren 21ean jokatu zuen azken partida.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.