Epailea: Del Cerro Grande. Txartel horiak Realeko Llorenteri, Illarramendiri, Cadamurori eta Ansotegiri; eta Espanyoleko Didaci. Bestelakoak: 23.702 ikusle Anoeta estadioan.
Sailkapenak dioen baino beltzagoa da kontua, larri baitago gaixoa, hobera egiteko zantzu argirik erakutsi gabe. Ez da irabazte hutsa, galtzearen eta irabaztearen gainetik dagoen zerbait baizik. Reala galduta dabil zelaian, nora ezean. Agintzen ari denean, markagailuan atzetik jartzeko aukerak ematen dizkio aurkariari, atzo Espanyolen aurkako partidaren lehen zatian ikusi moduan. Kontrarioaren menpe dagoenean, berriz, desegin egiten da, urtu, gabezia guztiak azaleratu. Horrela nekez eman liteke espero bezalako aurrerapausorik. Eta hori gertatzea nahitaezkoa da arnasa behingoz hartzeko. Arazo bat dauka Philippe Montanierrek esku artean, benetakoa.
Sei aldaketa egin zituen frantziarrak Vallecasekoaren aldean;gehienbat, atzeko aldean. Ansotegi, Mikel Gonzalez eta Cadamuro erabili zituen min hartutakoek utzitako hutsuneak betetzeko. Aldatzen hasita, joko sistema ere moldatu zuen, 4-2-3-1 marrazkiarekin: Illarramendi eta Mariga euskarri bikoitzean, hiru lagun sormen lerroan, Prieto, Vela eta Agirretxe, eta errematatzaile bat, Joseba Llorente. Hondarribiarra hasieratik jokatzen ikusteko irrikaz ziren zaleak, eta Montanierrek 12. partidan eman zion aukera. Nabaritu zen, bai, neurketaren lehen txanpan Llorenteren berezko gosea, irabazle izaera, ingurukoak kutsatzerainokoa. Atzoko albisterik onena, inondik ere.
Txukun ekin zion Realak partidari, bizi eta gogotsu. Lehen aukera Marigak sortu zuen, barneraldi indartsu baten bidez. Gorputz mugimendu eder batekin arean sartu, goleko pasea eman, Llorentek bultza zezan, eta orduan azaldu zen Hector Moreno atzelaria aurrenekoz. Geroago ere, Prietoren erdiraketa oztopatu zuen, ozta-ozta, aurrelaria ahoko zuloan buruz errematea egiteko prest zegoenean. Espanyol bakarrik gai ez, eta Realak lagundu zion erantzuna prestatzen. Aurrena, Weiss trebea erraz gailendu zitzaion Agirretxeri defentsa lanean ari zela, eta Ansotegik desbideratu zuen gol arrastoaren gainean —gehiago jokatzeko merituak egin zituen Berriatukoak—. Bigarren laguntza Marigaren oker bikoitzaren ondorioz heldu zen: batetik, pase erraz bat huts egin zuen zelai erdian, eta, gero, ez zuen behar bezala trabatu Thievyren korrikaldia. Banakako hutsek arrastaka dakartzate txuri-urdinek. Gutxigatik ez zuen atzeman baloia Alvarok bigarren zutoinean. Kenyarra ez dabil ondo, eta ibil daitekeenik inork ezin dezake ziurtatu. Etxekalte ari da, makal eta galduta. Zaleek estu hartu zuten.
Edozein moduz, Realak egin zuen markagailuan aurretik jartzeko lana. Lehena, Llorenteren bitartez: Velak sakonean emandako paseari jarraipena eman zion zetorkion bezala jaurtiz area barruan, baina Alvarez atezainak gelditua egin zuen, Pochettinok bazkari bat ordaintzeko modukoa. Beste bi aukeratan, Agirretxe izan zen protagonista; batik bat, bigarrenean. Illarramendik goleko baloia eman zion, eta aurrelariak ez zuen asmatu penalti puntuan: burukada pattala. Horrela amaitu zen lehen zatia. Irabaztea gertuago zuen Realak, galtzea baino. Irudipena baino ez zen, tamalez.
Nora ezean bigarren zatian
Bigarren zatian, panpina jantziak jarri zizkion Espanyolek Realari, hankapean ibili baitzuen 25 minutuz, Montanierrek bi euskarriak kentzeraino. Adierazgarria. Illarramendi onenak emanda zegoen, ordu arteko su gehienak berak bakarrik itzali zituelako. Gainera, belaun ingurua minduta dauka. Gaur egingo dizkiote proba sakonagoak lesiorik ba ote duen zehazteko. Marigaren azalpena emanda dago. Aranburu eta Pardorekin sikiera hautsia josi zuen. Espanyolek sekulako zuloak izan baitzituen nahi eran jokatzeko. Txuri-urdinen arrastorik ez. Aukerarik onena Gomez gazteak izan zuen, zutoinera bidalitako ezkerkada indartsu batekin. Kostako zaie kataluniarrei hain eroso aritzea etxetik kanpo aurrerantzean. Anoetan bildutako gehienen pazientzia bukatua dela esatea ez da gehiegikeria. Espanyol bisitari Anoetan, eta puntu bat. Eta eskerrak. Esaldi horrek bigarren zatiaren itxuragabekeria zehatz azaltzeko balio du.
Beheralditik ateratzea urrun du taldeak, gero eta zimelduago. Zortzi jardunalditan bi puntu, erasoan ahul eta baloirik gabe iparra galduta, oreka gutxirekin. Eskas eta nahastuta. Montanierrek amaiera azterketa izango du datorren igandean Betisen zelaian. Hainbesterainokoa da eta.
REALA 0. ESPANYOL 0
Zauriak larriak dira
Realak berdindu egin du Espanyolekin, eta Espanyol hobea izan daTxuri-urdinen bolada txarrak ez du etenik: bi puntu baino ez dituzte lortu jokoan izan diren azken 24 puntuetatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu