Zaurian gatza bota nahi du

Kopako finala galduta jasotako kolpea baliatu nahi du Osasunak bihar Bartzelonaren zelaian ezustekoa emateko

Iruñea
2011ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Azken hiru partidak galdu ostean, puntuak batzen hasi beharra dauka Osasunak. Jaitsiera postuak bi puntura soilik ditu, eta jarraian laugarren partida galduz gero, jaitsiera postuetan amai dezake jardunaldia. Biharko partidaren ostean, bost partida soilik jokatuko ditu Iruñeko taldeak Liga amaitu bitartean, eta argi dago puntu premia larrian direla gorritxoak. Hiru puntuak behar dituzte, eta asmo horrekin zelairatuko dira bihar iluntzean.

Hargatik, ez dago ahazterik zein zelaitan ariko diren: Camp Noun jokatuko dute, Bartzelonaren aurka. Eta puntu premian izanagatik, argi dago lan nekeza izango dela liderraren zelaian irabaztea. Hori bai, Liga txapelketa ia-ia ziurtatuta dauka Bartzelonak, eta herenegun Real Madrilen aurka Espainiako Kopako finala galdu ostean, datorren astean jokatu beharreko Txapeldunen Ligako finalerdietako joanekoan jarrita dauka arreta guztia Pep Guardiolak zuzentzen duen taldeak. Hori da gorritxoen itxaropena: Real Madrilen aurkako kanporaketa da orain gauzarik garrantzitsuena Bartzelonarentzat, ez Osasunaren aurka jokatu beharreko Ligako partida. Ezustekoa eman ahal izateko aukera ona dirudi, ezohiko jokalariekin aritu arren Bartzelonari bere zelaian irabaztea erronka zaila baldin bada ere.

«Irabazteko aukera txiki bat izan dezakegu, Bartzelonako jokalariak jota geratuko ziren Real Madrilen aurka Kopako finala galdu ostean, eta ezin dute ahaztuTxapeldunen Ligako partida dutela hiru egun barru. Liga ia-ia irabazita daukate, eta haientzat Txapeldunen Liga da orain garrantzitsuena; baina, halere, partida zaila izango dugu. Bi partida jarraian galtzerik ez du nahiko Guardiolak, Bartzelona B-ko jokalariak ere maila handikoak dira, eta erraztasunak izanagatik ez da lehia samurra izango», esan zuen atzo Jose Luis Mendilibarrek, Bartzelonak garaipena ez diela oparituko sinetsita.

Halere, Mendilibarrek ez du baztertzen ezustea ematea: «Athleticen aurkako derbian jasotako porrotak jota utzi gintuen, baina ondo ikusi ditut lanean mutilak aste honetan. Badakigu zer izango dugun aurrean Camp Noun, badakigu ez dela erraza izango, baina irabaztera irtengo gara».

David Timorren aukera

Hasierako hamaikakoan aldaketa bat baino gehiago egitera behartuta da Mendilibar, Sergio eta Puñal zigortuta baitaude, baita ere. Soriano ere bai. Beraz, defentsan zein zelai erdian berritasun bat baino gehiago izango dira. Nekunam eta Vadocz dira jokatzeko moduan diren euskarri bakarrak, esaterako. Eta, horrexegatik, bigarren taldeko David Timor erdilaria deialdian izango da, ia seguru. Iazko udan Valentziaren harrobitik iritsi ostean, lehen taldearekin estreinakoz aukera izango du Timorrek. Ezkerra da, teknikoki osoa da, eta urruneko jaurtiketa ona dauka. Hasierako hamaikakoan ere izan dezake tokia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.