Osasunak Sevillahartuko du gaur Nafarroako Erresuman,eta Valentzia larunbatean
asier legarda-ereño
Iruñea
Antonio Puertaren heriotzaren ondorioz atzeratu egin behar izan zuten Osasunak eta Sevillak denboraldiko bigarren jardunaldian Nafarroako Erresuman jokatu beharreko partida. Eta iritsi da atzeratutako partida jokatzeko eguna. Hiru puntu besterik ez daude jokoan gaur, baina Osasunak eta Sevillak ez dute oso ondo hasi Liga, eta garaipenak bederatzigarren postura jauzi egitea ahalbidetuko dio gaurko irabazleari. Hamabosna puntu dituzte egun sailkapenean Osasunak eta Sevillak. Hemezortzirekin, ordea, une honetan sailkapenean aurretik dituzten bost talderi aurre hartuko liokete Osasunak zein Sevillak. Txapeldunen Ligako final-zortzirenetan da Espainiako taldea. Azken bi denboraldietan UEFA Kopako txapelduna izan da, eta Europako Superkopa, Espainiako Kopaeta Espainiako Superkopa ere irabazi ditu. Jaitsiera postuak bi puntura soilik izanik, ordea, argi gorria piztu da jada Sevillan (Espainia). Zaurituta dator Sevilla Iruñera, eta gaur bertan ikasi nahi du Osasunak zauritutako talde handiei aurre egiten. Igandean ere gorritxoek antzeko aurkaria izango baitute berriz ere etxean, Athleticek kili-kolo utzi berri duen Ronald Koemanen Valentzia, hain zuzen ere.
SEVILLAREN TXAKALALDIA. Puertaren heriotza, Juande Ramos entrenatzailearen ihesa eta beste arrazoi ugari egon daitezke Sevillaren beherakadaren atzean. Baina zenbakiak argiak dira: azken urteetan gol gutxien jaso duen atezainetako bat izan da beti Palop, eta sasoi honetan gol gehien jaso duen taldeetako bat da Sevilla. Gaur, gainera, Alves, Dragutinovic, Escude, Javi Navarro eta Bouhlarouz faltako ditu Sevillak atzealdean -Kanoute, Kerzhakov eta Chevanton aurrelariak ere ez dira ariko-.
Agian horrexegatik, Jose Angel Zigandak erasokor jokatu nahi du. Defentsan sufri dezala Sevillak. «Aurkaria zaurituta dator, eta ez da samurra izango, baina Coruñan hasitako bidetik jarraitu nahi dugu. Aurkariaren zelaian jokatzea da gure asmoa, ez dugu Sevillaren zain geratzeko asmorik, baina horretarako aurkariak baino argiago eta sendoago jokatu beharko dugu. Ea partida hau final bat bezala hartzeko gai garen, gure etorkizuna ikusteko era guztiz alda baitezake garaipen batek. Azken boladan, etxean kale egin izanaren zama dugu gainean, eta ezin dugu berriz huts egin, jarraian bi partida irabazi eta geure burua sailkapenaren erdialdean ikustea oso garrantzitsua izango bailitzateke».
Cesar azpilikueta Osasunako jokalaria
«Ezin dugu jarraitu etxean partidakobi gol jasotzen»
a. legarda-ereñoIruñea
Osasunako eskuin hegaleko atzelariak Jose Izquierdo eta Javier Flaño dira, baina Cesar Azpilikuetak aurre hartu die biei azken boladan (Iruñea, 1989).
Jada postua eskuratu duzula dirudi.
Bai, partidak jokatzen ari zarenean pozik egon ohi zara, eta azken bi partidak hasieratik jokatu ostean oso pozik nago, denboraldia hasi zenetik ez nituelako bi partida jarraian jokatu.
Beteranoek egin ohi dituzten gauzak ere egin zenituen Deportivoren aurka.
Partidak jokatu ahala, gauza berriak ikasten dituzu, eta taldekideek ere egoerei aurre nola egin behar zaien erakusten dizute. Partidak jokatu ahala, gero eta hobeto egongo naizela argi dago.
San Mamesen zelai erdian ezkerretik jokatzen hasi zinen, eskuinetik ere aritu izan zara, eta orain eskuinean baina atzelari lanetan jarri zaitu Zigandak. Hor finkatzeko prest?
Bai, San Mamesekoa lehen partida zen, eta taldea osatu gabe zegoen oraindik, Jaroslav Plasil, esaterako, oraindik iristeke zegoen. Betisen zelaian eskuinetik aritu nintzen zelai erdian, eta orain atzealdean ari naiz. Niretzat ez da postu ezezaguna, iragan sasoian bigarren taldearekin partida asko jokatu bainituen eskuin hegaleko atzelari gisa. Egunetik egunera, hobeto sentitzen naiz atzelari lanetan.
Badirudi klubak eskuin hegalerako inorfitxatu beharrik ez duela izango sasoi amaieran ere.
Klubak beretzat onena zer den aurkitu behar du une oro. Eta nik lanean jarraitu behar dut. Postu honetan finkatzen banaiz, askoz hobeto, baina bestela lanean jarraitzea beste aukerarik ez dut izango.
Aukeratzeko moduan izango bazina, zein postutan gozatzen duzu gehien futbolean?
Erasoan jokatzea ederra da, aurkariaren atetik zenbat eta gertuago jokatu, jokoan ere gehiago sartzen zara, eta gol paseak eta golak egitea politagoa izan daiteke agian. Halere, atzelari gisa ere goza daiteke, aurkariak eraso egin nahi dizula ikusi eta zu ezin zaituela gainditu ikustea ere ederra da. Gainera, defentsako lanaz gain, gora egin eta erdiraketak egiteko parada ere izan ohi du hegaleko atzelariak. Zelai guztia duzu zuretzat, eta hori ere polita da.
Deportivok jokalari arriskutsuak zituen ezker hegalean, baina ondo eutsi zenien. Zeu ere harritu al zara defentsarako erakutsi duzun gaitasunarekin?
Ez, ez, gazte mailetan ere behin baino gehiagotan jokatu izan dut postu horretan, eta badakit ondo defendatzeko gai naizela. Riki oso jokalari indartsua da, Rieraren antzekoa, eta bigarren zatian Guardado zaindu behar izan nuen. Mexikarra bestelako jokalaria da, eta zailtasun gehiago izan nituen, baina ondo eutsi nion.
Sevillari irabaztea da orain gakoa.
Bai, Coruñan partida irabazi genuelako ezin dugu dena eginda dagoela pentsatu. Azken asteetan, aurkariek baino partida bat gutxiago jokatu genuela gogoratzen jardun dugu, baina heldu da partida hori jokatzeko ordua, eta hiru puntuak batzen ahalegindu beharra daukagu. Ezin dugu aukera hori desaprobetxatu.
Aste honetan, bi talde handi hartuko dituzue etxean, eta biak egoera larrian iritsiko dira Iruñera.
Bai, Sevilla zaurituta dator, azken boladan partida dezente galdu du, eta Almerian azken unean ihes egin zioten puntuek. Talde ikaragarria dauka, eta Txapeldunen Ligako final-zortzirenetan dago. Baina Sevilla puntuak batzera behartuta baldin badago, are gehiago gu. Etxean jokatzen dugu, eta ezin dugu azken boladan bezala partidako bi gol jasotzen jarraitu.
Deportivoren aurka jokatu aurretik Coruñan irabaziz gero Sevilla jan egingo zenutela esan zuen Krutxagak. Zu hain baikor al zara?
Ez da hain erraza, baina Deportivori irabazi izanak konfiantza itzela eman digula egia da.