Lance Armstrong. Azken egun eta asteotan ez dago beste hizketa gairik. Txirrindularitzatik «bota» egin dute estatubatuarra, eta kendu egin dizkiote Tourreko zazpi garaipenak. «Iruzur egin digu». Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak (UCI) gogor salatu du Armstrongen jarrera. Tourreko antolatzaileek gaur erabakiko dute estatubatuarraren zazpi garaipenekin zer egin; hutsik uztea da euren nahia, baina gerta liteke UCIk haren atzetik sailkatu zirenak saritzea. Arazoa ez da Armstrongekin hasten eta bukatzen, ordea. Zazpi garaipen pilatu zituen estatubatuarrak, eta zazpi podium osatu ziren Parisen; hamar txirrindulariren artean, 21 koska. Gaur-gaurkoz, bakarra dago garbi: Fernando Escartin. Gainerakoak zigortuta edo dopin sareetan nahasita daude: Alex Zuelle, Jan Ullrich, Joseba Beloki, Raimondas Rumsas, Aleksandr Vinokurov, Andreas Kloeden, Ivan Basso eta Paco Mancebo. Arazoa Armstrongekin hasi eta amaitzen ez den seinale.
1999ko Tourra Armstrong, Zuelle, Escartin
Puy du Fouko zazpi kilometroko aitzin-etapa irabazita, maillot horiarekin ekin zion Lance Armstrongek (US Postal) 1999ko Tourrari, eta beste hiru garaipen pilatuta —bi erlojupeko luzeak eta Sestriereko etapa—, Alex Zuelle suitzarra (Banesto) eta Fernando Escartin (Kelme) espainiarra bi alboetan zituela igo zen, lehen aldiz, Parisko podiumera. Festina auzian nahasita egon zen Zuelle, 1998an, atxilotuta eduki zuten, eta gerora onartu zuen dopatu egiten zela. Escartinek, berriz, inoiz ez du eman positibo, eta haren izena inoiz ez da azaldu dopin sare batean. Hori bai, 1996tik 2000ra Eufemiano Fuentes Puerto auzian nahasita dagoen medikuaren esanetara aritu zen Kelmen. Laurent Dufaux suitzarra (Saeco), Angel Casero (Vitalicio), eta Abraham Olano (ONCE) sailkatu ziren Escartinen atzetik. Dufauxek gerora onartu zuen EPOa hartu izana, eta Casero Puerto auzian nahasita egon zen.
2000 eta 2001eko Tourrak Armstrong, Ullrich, Beloki
Javier Otxoaren (Kelme) Hautacameko garaipenak eta Armstrongen (US Postal) maillot horiak bat egin zuten 2000ko Tourreko 9. etapan. Egun hartan kolpea eman, eta estatubatuarrak Pariseraino ez zuen erantzi maillot horia. Jan Ullrich alemaniarra (Telekom) eta Joseba Beloki euskalduna (Festina) igo ziren podiumera. Puerto auzian nahasita egon ziren biak, nahiz eta Belokik ez duen zigorrik jaso; 2006an Madrilgo 31 zenbakidun instrukzio epaitegiak azaldu zuen ez zegoela bere kontrako akusaziorik. Christophe Moreau (Festina) eta Roberto Heras (Kelme) sailkatu ziren lazkaotarraren atzetik; dopin sareetan nahasita daude bi txirrindulari horiek.
2001ean ere Armstrong (US Postal), Ullrich (Telecom) eta Beloki (ONCE) igo ziren podiumera —urte hartan hiru etapa irabazi zituen estatubatuarrak—. Andrei Kivilev kazakhstandarra (Cofidis) sailkatu zen laugarren —2003ko martxoaren 12an hil zen, Paris-Nizako bigarren etapan erorita; aurretik Festina taldean egon zen, 1998an eta 1999an—, eta Igor Gonzalez de Galdeano gasteiztarra (ONCE) bosgarren. Puerto auzian nahasita egon zen arabarra, nahiz eta ez zuten zigortu.
2002ko Tourra Armstrong, Beloki, Rumsas
Luxenburgoko aitzin-etapa irabazita, maillot horiarekin ekin zion Armstrongek (US Postal) 2002ko Tourrari, eta halaxe amaitu zuen Parisen, 11. etapan La Mongien kolpea emanda. Igor Gonzalez de Galdeanok (ONCE) eraman zuen soinean, aurreko zazpi etapetan, maillot horia. Joseba Belokik (ONCE) beste pauso bat eman zuen, bigarren amaituta, eta Raimondas Rumsas lituaniarra (Lampre) igo zen podiumeko hirugarren koskara. Hainbat dopin saretan nahastuta egon zen Rumsas. 2002an dopatzeko substantziak aurkitu zituzten emaztearen autoan; 2003an positibo eman zuen, EPOarekin; eta 2006an zigortu egin zuten, emaztearekin batera, dopatzeko substantzien trafikoan ibiltzeagatik. Santiago Boterok (Kelme) amaitu zuen laugarren Tour hura, eta Gonzalez de Galdeanok bosgarren. Puerto auzian nahasita egon ziren biak.
2003ko Tourra Armstrong, Ullrich, Vinokurov
2000 eta 2001eko Tourrean gertatu bezala, Armstrong (US Postal) eta Ullrich (Bianchi) igo ziren 2003an Parisko podiumeko lehen bi kosketara. Etapa bana irabazi zuten biek, nahiz eta estatubatuarrak taldekako erlojupekoa ere irabazi zuen —uztailaren 14an, La Rochette mendatea jaisten ari zirela, Joseba Beloki (ONCE) erori egin zen bihurgune batean, eta oso gutxigatik ez zen joan hankaz gora Armstrong bera ere; izterrezurra, ukondoa eta eskuin eskumuturra hautsi zituen lazkaotarrak—. Aleksandr Vinokurovek (T-Mobile) amaitu zuen hirugarren Tour hura. Albiko erlojupekoa irabazi eta egun gutxira jakinarazi zuten positibo eman zuela, odol transfusio batekin; bi urteko zigorra bete ondoren itzuli zen. Tyler Hamilton (CSC) sailkatu zen laugarren, eta Haimar Zubeldia (Euskaltel) bosgarren. Hainbat dopin saretan nahasita egon zen estatubatuarra, eta bi aldiz eman zuen positibo. Zortzi urteko zigorra jarri zioten bigarren kasu horretan.
2004ko Tourra Armstrong, Kloeden, Basso
Aurreko bost garaipenekin alderatuta, desberdina izan zen 2004koa Armstrongentzat (US Postal). Ez gehiago edo gutxiago sufritu zuelako —6.19 minutura geratu zen bigarren sailkatua—. Zuelle, Ullrich eta Beloki izan zituen arerio indartsuenak aurreko urteetan, eta 2004an Andreas Kloedenek (T-Mobile) eta Ivan Bassok (CSC) estutu zuten gehien estatubatuarra. Positiborik eman ez arren, 2009an Friburgo auziak zipriztindu zuen alemaniarra; ikerketaren arabera, 2006ko Tourrean autotransfusio bat egin zuen Friburgoko klinikan, lehen etapa amaituta. Bassok, berriz, bi urteko zigorra bete behar izan zuen 2007an, Puerto auzian nahastuta zegoelako. Jan Ullrich (T-Mobile), Jose Azevedo (US Postal) eta Paco Mancebo (Illes Balears) sailkatu ziren atzetik.
2005eko Tourra Armstrong, Basso, Mancebo
Zazpi urteko ibilbide aparta amaitzeko, hamazazpi etapa egin zituen Armstrongek 2005eko Tourrean maillot horia jantzita —Discovery Channelek irabazitako taldekako erlojupekoaz gain, etapa bakarra eskuratu zuen estatubatuarrak—. Ivan Bassok (CSC) amaitu zuen Tour hura bigarren postuan, sei minutu pasatxora, eta Jan Ullrichek (T-Mobile) hirugarren, nahiz eta gerora kendu egin zioten alemaniarrari ohorezko postu hori. Pauso bat atzera eginda, Paco Mancebo espainiarrari (Illes Balears) eman zioten, azkenean, hirugarren postua. Bassoren moduan, Puerto auzian nahasita egon zen Mancebo ere. Aleksandr Vinokurovek (T-Mobile), Levi Leipheimerrek (Gerolsteiner) eta Michael Rasmussenek (Rabobank) amaitu zuten atzetik Tour hura, dopin sareetan nahasitako txirrindulariek.
Zazpi bider hiru: hogei arazo
Lance Armstrongek irabazitako zazpi Tourretan podiumera igotako txirrindularien artean bakarra dago dopin sareetatik salbu: Fernando Escartin. UCIk gaur erabakiko du estatubatuarraren garaipenekin zer egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu