Zazpi Iturri, pilotari iturri oparoa

Zazpi Iturrik aise irabazi du IX. BERRIA Txapelketako finala Aurrera Saiazen aurka, kadeteen eta gazteen mailan nagusituta. Altunak, Iribarriak eta Tolosak etorkizun handiko pilotariak direla erakutsi dute

Zazpi Iturriko pilotariak, txapelak jantzita, sari banaketan parte hartu zutenekin, atzo, Hernaniko pilotalekuan. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
Hernani
2012ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Zertarako utzi gerorako orain egin daitezkeen lanak? Halaxe dio esaera zaharrak, eta Amezketako Zazpi Iturrik ongi daki horren berri. Izan ere, hirugarren partidari itxaron gabe, nahikoa izan zituen lehen biak atzo IX. BERRIA Txapelketaren jabe egiteko, Hernaniko pilotalekuan. 2-1 hartu zuen mendean Bidaniko Aurrera Saiaz, eta, beraz, hirugarrenez jantzi du txapel preziatua. Bigarren urtez jarraian, gainera. Hala, bera da titulu gehien irabazi duen pilota elkartea.

Jende andana bildu zen harmailetan, egun dauden pilotari amateur onenak gertutik ikusteko asmoz. Gehienek penaz hartuko zuten etxerako bidea, emozio gehiago eskertuko zutelako, baina dena den, gauza on asko ikusi ahal izan ziren. Gazteetan, Altunak erakustaldia eman zuen, eta etorkizunean izar handi bat izan daitekeela erakutsi. Gazteetan, gauza bera esan daiteke Iribarriari eta Tolosari buruz. Aurkariek partida ona jokatu zuten, eta, halere, nagusi izan ziren Zazpi Iturrikoak. Eta azkenik, nagusien mailako partidan, Urbietak jokatu zuen hobekien. Hori bai, ez zen lehia gogoangarria izan. Aurrera Saiazekoek merezita eskuratu zuten ohorezko puntua.

KADETEAK

Altuna-Eratsun 22. Chiapuso-Aburuza 7

Emaitzak bestelakoa pentsarazten badu ere, partida gogorra izan zen kadeteen artekoa —50 minutu iraun zuen—. Tanto orekatuak eta politak jokatu zituzten, baina gehienak gorrien aldera erori ziren. Eta hori ez da kasualitatea. Ezta gutxiago ere. Altunak beste guztien gainetik dagoela erakutsi zuen. Beste behin. Izugarria da Amezketako pilotariak daukan jokoa. Ausarta da, eta Eratsun bezalako atzelari sendo batekin kantxaratuz gero, ia ezinezkoa da bikote hori mendean hartzea. Chiapuso eta Aburuza gogotik saiatu ziren, baina alferrik.

Hasiera-hasieratik hartu zuten aurrea Zazpi Iturriko pilotariek, eta ondoren ongi jakin izan zuten aldea gobernatzen. Altunak aginte makila hartu, eta mota guztietako tantoak egin zituen. Saketik min handia egin zion Aburuzari, guztira sei tanto eskuratu baitzituen. Ordea, ezker aireari eta dejadari esker ere txalo zaparrada ugari jaso zituen. Guztira hamasei tanto egin zituen. Nabarmentzekoa da Eratsunen lanerako grina ere. Huts bakar bat egin zuen, eta aukera izan zuenean urruti jarri zuen pilota.

Chiapusok eta Aburuzak maila aparta dute, baina zorte txarra egokitu zaie Altuna euren adinekoa izateagatik. Final guztietan etsai berarekin egiten dute topo. Halere, lanean jarraituz gero, lorpen politak eskuratzeko gai dira Aurrera Saiazekoak.

GAZTEAK

Iribarria-Tolosa 22. Labaka-Elustondo 10

Jaialdiko lehen partidan Altuna nabarmendu baldin bazen, bigarrenean Iribarriak eta Tolosak eman zuten erakustaldia. Aurrelaria ezkerra da, eta atzelaria eskuina, baina biek ezaugarri bera dute: kolpe freskoa. Pilota bizitasun ikaragarriarekin ateratzen zaie eskutik, eta aurkariei ez diete ezertarako aukerarik ematen. Tolosa profesional mailara igotzeko moduan dagoela entzun izan zen harmailetan. Eta ez dute arrazoirik falta. Hiru errebote garbi jo zituen, eta pilota asko sartu ezker horman. Jotzaileaz gain, langilea eta sendoa da.

Halere, Iribarriak egin zituen partidako tantorik ikusgarrienak, ezker bolea baliatuta. Labaka saiatu zen aurre egiten, baina uneoro defentsan aritu zen, eta horrela zaila da aukerei etekina ateratzen. Elustondok goi mailako lana egin zuen aurkari bien pilotakadei eusten. Ordea, seinale txarra izaten da defentsan aritzea.

NAGUSIAK

Olaetxea-Santxez 11. Urbieta II.a-Telletxea 22

Guztia erabakita zegoela heldu zen nagusien norgehiagoka, eta Aurrera Saizek lotsarenak egitea lortu zuen. Presio eza baliatuta, bi aurrelariek tanto politak eskaini zituzten. Urbieta II.ak gaitasun ederra dauka aurrean jokatzeko, eta apur bat zailtzea lortzen badu, zeresan handia emango du. Olaetxeari buruz ere gauza bera esan daiteke. Ezker ikusgarria dauka lizartzarrak. Bere mailatik urrun aritu zena Santxez izan zen, gozakaitz. Telletxeak, berriz, ederki kunplitu zuen.

Beste behin ere, etorkizun oparoko pilotariek hartu dute parte BERRIA Txapelketan. Etorkizuna ziurtatuta dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.