EUSKAL SELEKZIOA

Zazpi jokalari ariko dira aurrenekoz Euskal Selekzioan

Athleticeko hamar jokalari, Realeko sei, Eibarreko bost eta Osasunako bat sartu dituzte igandeko deialdian.

2014ko abenduaren 23a
12:22
Entzun

Euskal Selekzioa eta Katalunia elkarrekin ariko dira datorren igandean futbolean, lagunarteko partidan, eta gaur jakinarazi dute deialdia Jose Mari Amorrortu eta Mikel Etxarri prestatzaileek.

Eibarren ari diren jokalariak izango dira berritasun nagusia; armaginek bost ordezkari izango dituzte igandean: Eneko Boveda, Mikel Arruabarrena, Xabier Iruretagoiena, Ander Capa eta Daniel Garcia.

Bestalde, Athletic izango da jokalari gehien izango dituen taldea; hamar deitu dituzte Euskal Selekzioarekin jokatzeko. Aritz Aduriz, Gorka Iraizoz, Markel Susaeta, Ander Iturraspe, Jon Aurtenetxe, Mikel Balentziaga, Beñat Etxebarria, Ibai Gomez, Mikel San Jose eta Xabier Etxeita dira.

Realetik, berriz, sei jokalari izango dira San Mamesen: Xabi Prieto, Yuri Berchiche, Iñigo Martinez, Carlos Martinez, Ion Ansotegi eta Markel Bergara. Roberto Torres izango da Osasunako jokalari bakarra.

Hala, Eibarko bostak, Yuri —iragan sasoian Eibarren ibilia— eta Etxeitak egingo dute debuta selekzioarekin.

Aurkari zaila

Katalunia izango du aurrean Euskal Selekzioak. Tartean dira Bartzelonako Gerard Pique, Xavi Hernandez, eta Jordi Alba. Alberto de la Bella Realeko atzelaria ere deialdian sartu du Gerard Lopez hautatzaileak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.