Arrauna. Kontxako Banderaren sailkatze estropada

Zazpi nota, nork joko

Kontxako Banderara sailkatzeko estropada jokatuko dute gaur 24 traineruk, eta aurreneko zazpiak sartuko diraSan Miguel ligako lehen zazpi sailkatuak dira txartela lortzeko hautagai sendoenak

Aitor Manterola Garate.
Donostia
2011ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Arraun munduko musika obrarik politena da Kontxako bandera. Arraunlari asko pieza horijotzeko gogor prestatzen dira urtean zehar. Zazpi nota daude pentagraman, eta musikariak behar dira nota horiek jotzeko datozen bi igandeetan. Nota bakoitzeko musikari bat. Hautagaiak ugari dira, eta parte hartzaileak, askoz gehiago: hogeita lau denera. Hamabi San Miguel ligan dabiltza, eta besteak KAE ligetan eta Galiziako Ligan. 18:00etan ekingo zaio lehiari, eta, erlojuaren aurka, banaka, aukera preziatuenaren bila jardungo dute arraunlariek. San Miguel ligakoak A multzoan daude, eta besteak B multzoan. Zein aterako den lehenago zozketak zehaztuko du.

Do nota jotzeko hautagai nagusia Kaiku da. Nagusi da San Miguel ligan, eta bereganatu egingo du erregulartasuna saritzen duen lehiaketa. Gaur ere aukera preziatua eskuratuko du, eta itsaso barea emanda dagoenez, ez harritu marka handiren bat egitea. Re notari astintzeko hautagaiak bat baino gehiago dira: Hondarribia, Tiran, San Juan eta Urdaibai. Nota hori jotzeko aukera lortu edo pentagramako hurrengoak jotzeko parada izan, laukote horrek Kontxako obra jotzen behar luke iraileko bi igandeetan. Bi nota jotzeko musikariak faltako lirateke: la eta si. Pedreña eta Astillero ondo kokatuta daude parte hartzaileen zerrendan. Ez dira ari pieza biribil-biribilak jotzen, baina aukeratuak ez izatea ezustea litzateke. Bien arteko parez parekoa egiten hasita, kanpoan geratzekotan Astillero geratuko litzateke, azken asteetako doinuak entzun eta gero; baina Pedreñak ere badaki desafinatzen, eta ez da kontu argirik bi horien artean.

Norbaitek kale egingo balu, San Miguel ligako zerrendan begiratzen segituz, San Pedro azaltzen da. Bereak eta bi egin beharko ditu gaur, eta erakutsi du gai dela estropada biribila osatzeko. Hala egiten badu, aurretik dauzkan horietakoren batek hortzak ederki estutu beharko lituzke. Zerrendan behera Castro datorkio atzetik, eta pentagrama ikusi ere ez luke egin behar hurrengo bi asteburuetan. Zumaiaz ere gauza bera esan daiteke. Horren pieza kutuna beste bat izan da, San Miguel ligan jarraitzeko aukeralotzea, eta ederki ziurtatu du. Camargo eta Orio, elkarren arteko lehia biziak sustatuta, txisparekin daudela ezin da ezkutatu, baina txispa baino zerbait gehiago beharko dute sailkatzeko.

Ezuste handirik ezean, hamabiko horretan egon behar luke zazpi musikarien multzoak. TKE liga 2003an sortu zenetik, behin bakarrik sailkatu izan da ligakoa ez den traineru bat: Tiran, 2007an.

Portugalete, denen hizpide

Gaurko estropada berezia da arrazoi askorengatik, eta horietako ezohiko ezaugarri bat da liga berdinean ari ez diren ontziak elkarren aurka lehiatzea. Aurretik, nekez egoten da aukera horretarako, txapelketetan ez bada. Horregatik, urteroko kontua izaten da hau: KAE 1 ligako indartsuenari sailkatzeko aukerak ematen zaizkio, baina gero, ez da sartzen.

Portugalete da aurtengo indartsua, eta bere izena bolo-bolo dabil; barruan ikusten duenik ere bada. Bera izango al da zazpi notetako bat joko duen musikaria? Ezin da erantzun argirik eman. Ez daude datuak, erreferentziak falta dira. Ematen du gertu ibil daitekeela eta San Miguel ligakoren bat edo beste gaindi dezakeela. Baina bosten aurretik sartu beharko luke, eta askotxo esatea da hori. Itsasoaren egoera ona aldeko izan dezake, barean eta ur lasaietan oso indartsua delako.

Galdera guztien erantzunak iluntzean jakingo dira. Zain daukate zazpi notako pentagrama, nork joko. Donostiarrak lagunak behar ditu urteko pieza zoragarriena jotzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.