Zazpigarrena, etxean

Urdaibaik zazpigarren aldiz irabazi du Eusko Label liga, herrian bigarren egin baitu. Oriok astindu du Bermeoko bandera, eta aurtengo bigarrena du

Eneko Bilbao Urdaibaiko patroia besoak altxatuta, taldekideen aurrean Eusko Label ligako liderraren elastikoa erakusten. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2018ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Bandera irabaztea bakarrik falta izan zitzaion atzo Urdaibairi festa biribiltzeko. Izan ere, Eusko Label ligako txapeldun da atzotik, baina herriko estropadan bigarren egin zuen. Ginga jartzeko Bermeon, etxean, bandera astindu nahi zuten Urdaibaikoek, baina beste traineru batek hartu zien aurrea: Oriok, aurtengo bigarren bandera astinduz.

Bi garaile izan zituen, hortaz, atzoko estropadak. Bermeotarrek hirugarren urtez jarraian eskuratu dute arraun munduko liga nagusia, eta gainontzeko laurak hauek dira: 2004koa, 2007koa, 2008ko eta 2010ekoa. Hamaseigarren aldia du aurtengoa Traineruen Kluben Elkartearen ligak, eta ia erdietan Bou Bizkaia trainerua izan du garaile. Marka handia da gero.

Politagoa izango zen haientzat etxean ikurrina astinduz liga ospatzea, baina zorte txarrak eta aurkari handi batek ez zien utzi. Zortearenak azalpen bat dauka: lehen ziabogan, arraun txikia hautsi zitzaion IƱaki Goikoetxea aurrekalariari, azken txandako estropada buruan zela Urdaibai. Beste bi ziaboga falta, eta bietan galdu zuen denbora etxeko taldeak, nahiz eta txapela kentzeko lana egin zuen Eneko Bilbao patroiak, trainerua biratuz aurrekaliaren laguntzarik gabe.

Bigarren luzean, Orio jarri zen estropada buru, baina bi segundora zuen Urdaibai, bostera Hondarribia eta hamarrera Zierbena, lehen luzetik bertatik lehiatik kanpo, aurreneko kaletik.

Hirugarren luzean, parean joan ziren Urdaibai eta Orio, eta halaxe eman zuten azkeneko ziaboga ere. Hondarribia lehian zen oraindik, bost segundora. Oriotarrek azken luzearen lehen erdian hautsi zuten estropada, eremua ederki ezagutzen duen Gorka Aranberri patroiaren maisulana baliatuz. Alboko olatu bihurriari etekina ateraz, sei bat segundo goitik jarri zen San Nikolas trainerua. Azken metroetan, istriborretik ababor aldera jarri zuen ontzia patroiak, eta Urdaibaik kontrakoa egin zuen pixka bat, biak alboko kaleetan zirela. Olatu on baten gainean, gutxi behar izan zuen Urdaibaik Orio harrapatzeko, baina 1,52 segundo falta.

Gaur, azkena, Portugaleten

Hondarribiak egin zuen hirugarren, 15 segundora, eta Zierbena 22ra sartu zen. Lehen txandako garaile izan zen Cabori [atzo laugarren] 0,30 segundo baino ez zizkion atera Ama Guadalupekoa ontziak. Aurreneko txanda horretan, galiziarren atzetik, Donostiarra, Santurtzi eta Ondarroa sartu ziren. Bitxikeri bezala, Santurtzik eta Zierbenak denbora bera egin zuten, eta biak izan ziren seigarren estropadan. Ondarroa sailkatu zen azkena, zortzigarren. Gaur du azkena ligak, Portugaleten (12:30, ETB 1).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.