Martzianoak bezala, txapelketan galdurik dabil Kamerun. Urrun, oso urrun besteen mailatik. Gaur ere, lehen egunean bezala, maila eskasa eman du. Eta Kroaziak astindua eman dio. Ia-ia, neke handirik gabe, gainera. Tokitan da Kamerun hau beste maila handiagoa eman zuen Kamerun hartatik. Eta ezin bururik altxatu urteen joanean.
Urrunetik gerturatzeko ahalegina eginez hasi du partida. Eskuin hegaletik betiere, arazo bat edo beste sortu dizkio Kroaziari. Aukeraren bat ere izan du aurretik jartzeko, baina Kamerun hau urrun dago, ez da etorri. Mugarri batzuk izan ditu partidak, eta bat horixe izan da: ondoen aritu denean, aukerak ez baliatzea golak sartzeko.
Beste mugarria, bigarrena, Kroaziak jarri du. Hasiera kaskarra egin eta gero, 11. minutuan, zelaiaren barrunbe ezkutetatik aterata bezala, gola sartu du. Futboleko betiko esaldi batek dioen bezala, "ezer egin gabe". Olic izan da golegilea. Hirugarren mugarria Kamerun gehiago urruntzeko izan da: Alexander Songek 'biribildu' egin du denboraldi eskasa (berea), eta bere burua kalera bota du, Mandzukici bizkarreko galanta emanez baloia beste nonbait zebilenean. Epaileak ikusi, eta kalera.
Mugarriak Kroaziaren aldekoak izan dira, eta mugarriak euskarri jarrita, lasai asko ibili da beraien gainean. Baloiaren jabetza Kameruni ematea zuen asmoa hasieran, eta hori egiteko pagotxa jarri zaio parean. Bigarren zatia hasi eta berehala, beste kolpe handi bat jaso du Afrikako selekzioak: bigarren gola Kroaziak. Bere gabeziak agerian berriz: Itandje atezainak Perisici eman dio baloia sake batean. 2-0.
Mandzukicek egin beharra zuen golarekikoa, halako aldearekin partida fabore jarri eta gero. Bi gol sartu ditu. Aurrenekoa 61 minutuan izan da, buruz, korner batean. Bigarrena 73. ean. Aurrelari golegileak golak sartzea oso ona da Kroaziarentzat. Berotu da behintzat gol sena barruan daraman jokalaria.
0-4, eta minutu mordoa joan-etorrirako. Kroaziak, baloia hartuta, lasai asko jokatu du, bai erasoan eta baita defentsan ere (hau kalterako, jakina). Eduki ditu aukerak gol gehiago sartzeko, eta jasotzeko arriskua ere bai. Baina Kamerun hau oso urrun dago. Ez da hemengoa. Etorri gabe joan da etxera. Kroazia, aldiz, hiru punturen jabe eginda, sailkatzeko moduan izango da azkeneko jardunaldian. Polita dator Kroazia-Mexiko hori...