Zeberio II.ak Kutxa Torneoaren finala jokatuko du

Elduaingoak 30-26 irabazi dio Ezkurrari, merezita, eta Urriza edo San Miguel izango du arerio finalean

jon eskudero
Donostia
2012ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Patxi Zeberio da Kutxa Torneoaren lehenengo finalista. Elduaingoak 30-26 irabazi zion atzo Koteto Ezkurrari, gogoan hartzeko moduko partida batean. Lehiak denetik izan zuen, bi erremontistek zeukaten guztia eman zuten irabazi ahal izateko, baina Zeberio gehiago izan zen azken txanpan, eta merezita ariko da finalean, Urrizaren edota San Miguelen aurka.

Apustuak 100-40ri irten ziren Ezkurra iazko garailearen alde, baina hasieratik ikusi zen edonork irabaz zezakeela. Nor gehiago aritu ziren, eta inork ez zuen amore eman tanto bakar batean ere. Tanto bakoitzean hauspoa utzi zuten, eta norgehiagokak 200 pilotakada baino gehiago izan zituen.

Lehenengo tantoetan Ezkurrak alde txiki bat hartu zuen. Dena den, garaiz esnatu zen Zeberio II.a, eta 11-13 aurreratu zen. Hori ikusita, kale edo bale jokatzeari ekin zion nafarrak, eta ongi atera zitzaion erabakia. Zazpi tanto egin zituen jarraian, baina gehiago ez. Elduaingoak berriz partida berdintzea lortu zuen, eta hortik aurrera oreka izan zen nagusi. Oreka eta gogortasuna.

Frontisean jartzea ezinezkoa ziruditen pilotak harrapatu zituzten biek ala biek, eta fisikoki ere ongi heldu ziren amaierara. Galarretan bildutako ikusleek aspaldian ez bezala gozatu zuten. 25-24 aurreratu zen Ezkurra, eta Zeberio II.ak orduan asmatu zuen gehien. Erreakzio apartak eman zion finalerako aukera.

Bost tanto egin zituen jarraian (25-29), eta garaipenetik oso gertu jarri zen. Berriz ere Ezkurrak itxaropenaren tantoa egin zuen, baina bere horretan geratu zen. Azken tantoa bera ere bikain amaitu zuen Elduaingoak, eta merezita altxatu zituen bi besoak neurketa amaieran. Irribarretsu erretiratu zen aldageletara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.