Pilota

Zehaztuta geratu da binakako finala: Berasaluze II.a-Albisu, Irujo-Zabaletaren aurka

Berasaluze II.ak eta Albisuk, irabazteaz gain, bi tanto edo gehiagoko aldea behar zuten finalean sartzeko, eta Irujok eta Zabaletak, galduta ere, hamar tanto behar zituzten. Gaurko partida berbera izango da apirilaren 28ko finalean. 

unai zubeldia
2013ko apirilaren 13a
19:45
Entzun

Neurri handi batean Jon Ander Albisuk egindako partida ikusgarriari esker, gaurko partida berbera izango da binakako txapelketako finalean, apirilaren 28an. Berasaluze II.ak eta Albisuk 22-14 irabazi dute Iruñeko Labriten, Martinez de Irujo eta Zabaletaren aurka, eta, ondorioz, bi bikoteak sailkatu dira finalerako, hiru partida jokatu eta bi irabazita. Aukerarik gabe geratu dira Olaizola II.a-Ibai Zabala eta Bengoetxea VI.a-Beroiz bikoteak. Lau pilotariek jokatu dute partida handia, baina bi atzelariak harrigarri aritu dira, ataundarra bereziki. Lau tanto egin eta hiru besterik ez ditu galdu. Zabaletak ere hiru huts soilik pilatu ditu, eta bi tanto egin.

11-11ra arte, oso gogorra izan da finalerdietako ligaxkako hirugarren jardunaldiko lehen partida. 6-1 irabazten hasi dira Berasaluze II.a eta Albisu, baina Zabaleta gozatzen hastearekin batera, 6-8 eta 7-9 aurretik jarri dira urdinak. Beste tanto bat bakarrik behar zuten finalean sartzeko, eta Zabaletak lortu du tanto hori, atzean. Normala den bezala, Irujo eta Zabaleta lasaitu egin dira behin finalerako txartela lortuta, eta egurrean jarraitu dute Berasaluze II.ak eta Albisuk. Ataundarrak aspaldiko partidarik onena jokatu du, pilotakada argi bakarra bidali du txapapera, eta une oro jokaldiak amaitzeko aukera eskaini dio aurrelariari. 16-12, 17-13, 17-14... Tentsio handia nabari zen amaieran, baina Berasaluze II.ak eta Albisuk dotore asmatu dute azken bost tantoak egiten, eta merezita lortu dute finalerako txartela, 22-14. Ordubete eta lau minutuko partida izan da, 497 pilotakadakoa. 11 tanto egin (saketik, bi) eta bi galdu ditu Berasaluze II.ak; lau egin eta hiru huts egin Albisuk; zazpi egin (saketik, bat) eta lau huts egin Irujok; eta bi egin eta hiru huts egin Zabaletak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.