Zein da ona? Eta txarra?

Irabazteko premia larria dute Gipuzkoa Basket eta Caja Laboralek, biak emaitza bolada txarrean murgilduta baitaude

Ricardo Uriz Gipuzkoa Basketeko jokalaria, baloiarekin, Alacanteren aurkako partidan. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Andoni Urbistondo.
Donostia
2011ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Bat ona da, eta besteak ona izan nahi du. Itxuraz, noski. Baieztapen horren erantzuna ez baita hain erraza gaur-gaurkoz. Zein da ona? Eta zein txarra? Eta biak txarrak balira? Biak emaitza bolada txarrean murgilduta daudelako. Baskoniarena serio samarra da. Azken bost partidetatik lau galdu ditu. Lagun Arorena ez hainbestekoa, baina arriskutsua. Donostiarrek azken bi partidak galdu dituzte. Eta, halere, sailkapeneko postu erosoen barruan daude bi taldeak. Boladak bolada, erregulartasunak ematen eta kentzen duelako zortzi hilabeteko lehiaketa luze batean. Baskonia hirugarren da, arabarren postu naturala haien azken hamarkadako bilakaera ikusita. Atzerago dago Lagun Aro, 11. postuan, baina nabarmen hobetu dezake postu hori garaipen pare bat lotzen badu.

Gaur du lehen aukera. Zaila da aurkaria, eta oso ona ez taldearen sasoia, baina etxean jokatuko du Lasoren taldeak, itxura polita erakutsiko duen kantxan. Etxekoak jakitun dira porrot batek Kopari agur esatea ekar dezakeela, eta larriagoa izan litekeena: hirugarren partida jarraian galtzea, eta halako urduritasuna sortzea jokalariengan. Partida indarrean hastea da egokiena, urduritasun hori saihesteko, Lasoren taldeak partida hasiera kaskarra egin baitzuen joan den igandean. Hotz kantxaratu ziren Alacanten aurka, eta garesti ordaindu zuten zabarkeria hori partida hondarrean. Zalantzarik ez, Baskoniaren aurka ere hotz kantxaratzen badira, partida berehala hauts daiteke arabarren aldera.

Baskonia ere bere lekua bilatu nahian dabil aspaldi. Bere joko eraginkorretik urrun, gorabehera askorekin, eta gasteiztarrengan hain ohikoa den izaera eta nortasun berezi hori galduta. Euroligako Top 16rako sailkatzeko ahalegin handia egin behar izan zuen Baskoniak abenduan, eta badirudi neke horri buelta emateko komeriak dituela. Dagoeneko bi aukera on alferrik galdu ditu Baskoniak sasoi puntu onena bilatzen hasteko, eta gaur hirugarren aukera du bide hori bilatzen hasteko.

Saiakera Esteban Batistarekin egingo du. Uruguaiarra ostegun arratsaldean iritsi zen Gasteizera, eta hiru lan saio egin ahal izan ditu taldearekin. Kontua da sasoi puntu bikainean dagoela, eta taldearen joko sistemak ikasteko tarte txikia izan badu ere, talentu handia duela Lagun Aroko pibotak zigortzeko.

Panko, Doblas eta Salgado

Pablo Lasok bere taldeko makulu diren jokalarien ekarpen handiagoa eskatu du. Panko, Doblas eta Salgado eskas aritu ziren Alacanten aurka, eta taldea kontrakarrean ibili zen partida osoan. Hirukote horrek antzera jarraitzen badu gaur, jai izango du Lagun Arok, baina pentsatzekoa da hirurek batera ez dutela hain partida txarrik errepikatuko berriro. Bi taldeek osasuntsu dituzte jokalari guztiak. Alfonso Sanchezek gainditu ditu aste erdian izandako belauneko arazoak. Baskoniari dagokionez, kantxaratzeko prest egongo da Bjelica, bizkarreko mina atzean utzi ostean.

LAGUN ARO-C. L. BASKONIA

Txapelketa. ACB ligako 15. jardunaldia.

Lagun Aro GBC. Ritxi Uriz, Salgado, Lasa, Baron, Alfonso Sanchez, Domen Lorbek, Panko, Tskitixvili, Miralles, Doblas eta Kone.

Caja Laborai Baskonia. Huertas, Logan, Ribas, Oleson, San Emeterio, Teletovic, Bjelica, Pape Sow, Batista eta Barac.

Sailkapena. Lagun Aro 11. postuan dago: 7-7 (+9); Baskonia 3. da: 9-5 (+ 115).

Tokia. Donostia Arena 2016 (10.000 ikusle).

Ordua. 12:30 (ETB 1).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.