Chelsea. Cech, Ivanovic, Terry, Cahill, Cole, Obi Mikel, Meireles, Lampard, Mata (Kalou, 73. min.), Drogba eta Ramires (Bosingwa, 88. min.).
Bartzelona. Valdes, Adriano, Mascherano, Puyol, Alves, Xavi (Cuenca, 86. min), Busquets, Iniesta, Cesc (Thiago, 78. min.), Messi eta Alexis (Pedro, 65. min.).
Golak. 1-0. Drogbak (47. min.).
Epaileak. Felix Brych (Alemania). Txartel horiak: Chelseako Ramiesi; eta Bartzelonako Pedro eta Alvesi.
Bestelakoak. 41.000 ikusle inguru Stamford Bridge estadioan, Txapeldunen Ligako finalerdietako joaneko partidan. Eurijasa handia bota zuen ia partida osoan.
Chelseak zekenkeriari gorazarre egin zion atzo, eta Cech atezaina heroi bilakatuta aldeko emaitzarekin abiatuko da Bartzelonara hurrengo astean. Roberto Di Matteok taldearen sustraietan aurkitu du sasoiko krisia bideratzeko modua, eta lan fisiko eta defentsa gogorrari esker bizirik jarraitzen du Txapeldunen Ligan. Bizirik da hitza, Bartzelonak gutxienez lau edo bost gol sartzeko merituak egin zituelako, baina kamuts aritu zen ate aurrean, eta etxean eman beharko dio buelta finalerdiari heldu den asteartean. Londresen bezala jokatuta iazko txapeldunak lortuko du ziurrenik.
Bartzelonak goitik behera dominatu zuen lehen zatian, eta gola sartzeko lauzpabost aukera on izan zituen. Chelseak atzean sartuta itxaron zion, baloiari muzin eginda, egurra banatzen, eta kontraerasoren bat edo beste ehizatzeko itxaropenarekin. Bi taldeek espero zitekeen bezala jokatu zuten, eta biak eroso zeudela zirudien. Baloia kanpokoek zuten, eta mugitzeko pazientzia. Zortzi minutu nahikoak izan zituen lehen aukera sortzeko. Iniestak pase bikaina eman zio area barruan Alexisi eta jaurtiketa loratuak langa jo zuen.
Chelsea grinatsu hasi zen, baina nekearen eragina sumatu hala Bartzelona erosoago jokatzen joan zen. Bilar mahai bailitzan, karanbolak egin zituzten Messik, Iniestak eta Cescek. Azken horrek izan zuen bigarren aukera ona (16. min.), baina ezkerrez gaizki eman zion baloiari area txikiaren ertzean.
Chelsea, tartean, ezinean ari zen. Beldurti. Didier Drogbaren eskarmentua agerian gelditu zen, eta atzelariek ukitu zuten aldi bakoitzean bere burua lurrera bota zuen taldeari arnasa emateko. Bospasei aldiz egin zuen partida guztian, lotsagarria. Hala eta guztiz Bartzelona aukerak izaten jarraitu zuen. Onena, berriz ere Cescek (42. min), Messirekin bat-bikoa egin eta area barruan baloia Cechen gainetik loratu zuen. Colek atepetik atera zuen. Etxekoak jota zeuden, atsedenaldia irits zedin desiatzen, baina ez hilik. Lehen zatia bukatzeko minutu erdi falta zenean Bartzelonak baloia galdu eta Chelseak kontraerasoa bideratu zuen. Ramiresen korrikaldia miresgarria izan zen, eta gero Drogba aurkitu zuen area barruan bakarrik (46. min). Gutxiago merezita ezin zen gehiago lortu. Etxekoen izan zuten gol aukera bakarra izan zen.
Golak Chelsea asebete zuen. Nahikoa zuen. Hori zen partida prestatzean buruan zuen eszenarioa eta bigarren zatian are gehiago sakondu zuen defentsa jokoaren aldeko apustua. Gidoia lehen zatikoaren antzekoa izan zen, eta Bartzelonak izan zuen baloia. Atzetik joan arren, ez zitzaion presarik sumatu, eta baloia ukituz jarraitu zuen. Jabetzaren eraginez aukera gehiago iritsi ziren. Adrianok izan zuen bigarren zatiko lehena (50. min.), eta Cechek geldiketa bikaina egin zuen. Sei minutu geroago Alexis izan zen jokaldi nahasia atetik oso gertu baliatzen asmatu ez zuena.
Partidako azken txanpan jokoa asko moteldu zen. Bartzelonaren ideiak ilundu egin ziren, begiak lausotu zitzaizkion, eta ez zuen hainbeste arriskatu. Chelseak berean jarraitu zuen, atzean sartuta eta zuloak estaltzen. Hala ere, azken bost minutuetan bi aukera oso garbi izan zituen. Lehenbizi Cechek Puyolen burukada gelditu zuen (86. min.) eta Alexisen jaurtiketak zutoina jo zuen gero (92. min). Stamford Bridgeko zaleak etxera pozik joan ziren, euren taldeak ikusi berri zuten partida nola irabazi zuen sinetsi ezinda. Txapeldunen Ligako finalerdietan emaitza ikuskizuna baino garrantzitsuagoa da.
Chelsea 1. Bartzelona 0
Zekenkeriaren gorazarrea
Bartzelona askoz hobea izan den arren, gaizki aritu da ate aurrean, eta Chelseak urrea lortu du kontraeraso batean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu