Azken denboraldietako unerik gozoenean da Osasuna, Ligako azken lau jardunaldietan hiru garaipen lortu baititu. Sailkapeneko estutasunek eragin gabe jokatu ahal dute aspaldiko partez Jose Antonio Camachoren mutilek, eta, badirudi, azken sasoietan bezainbeste sufritu gabe eutsi ahal izango diotela mailari sasoi honetan. Horregatik, liga hasi besterik ez da egin, eta Osasunak ezin du lo hartu. Miguel Flañok eta Josetxok -biak hasieratik ariko dira gaur atzealdearen erdian- abisatu zituzten taldekideak ostiralean. «Azken denboraldietan emaitza onak lortu orduko lasaitu egiten ginen, eta kale egiten genuen gero beti», esan zuen Flañok. Eta gehiegi lasaitzen direnean «talde baldarra» direla esan zuen Josetxok. Azken partidetan bezala jokatuz gero, punturen batekin itzuliko dira nafarrak Santandertik, baino indar apur bat galduz gero, esku hutsik itzuliko dira, eta hori ahazterik ez dute. Irteera aproposa dirudi, dena dela: etxean jokatu hiru partidak galdu egin ditu Racingek sasoi honetan.
Ez da norgehiagoka erraza izango nafarrentzat, baina estatistikek baikor izateko arrazoiak ematen dituzte kasu honetan, sasoia hasiz geroztik etxean jokatu hiru partidetan puntu bakar bat ere ez baitu lortu Racingek: El Sardineron 1-4 galdu zuten lehen jardunaldian Getaferen aurka, 1-4 galdu zuten Bartzelonaren aurka eta 0-1 Valentziaren aurka.
Osasunaren aurka bolada txar hori amaitu nahiko dute Santanderkoek, baina Racingen bolada txar horri jarraipena emateko asmoz zelairatuko dira gorritxoak. «Racing aurkari gogorra da, eta bere zelaian puntuak batzen hasi beharra daukatela sinetsita zelairatuko dira, gainera, gure aurkako lehian. Bi taldeentzat partida zaila izango da, baina 90 minutuetan arreta handiz jokatuz gero zerbait lortuko dugula sinetsita nago. Eta Santanderren irabaziz gero, sailkapenaren goiko aldera begira jarriko gara, goiko aldean lehiatuko gara», esan zuen atzo Camachok Taxoaren eskaini prentsaurrekoan. Osasunako entrenatzailea baikor zen, bere mutilak ondo entrenatu baitira aste honetan.
Iragan igandean Atletico Madrilen aurkako partidaren lehen zatian bezala jokatzen badute, argi dago garaipena gertu izango dutela gaur ere. Baina horixe da zalantza: etxean bezain ondo jokatzen asmatuko al du Osasunak etxetik at? Racingek emaitzak ikusita, santanderrekoek etxean jokatu ordez Iruñean jokatzea nahiago luketela ere ondoriozta daiteke (partidarik ez dute galdu etxetik kanpo, bat irabazi eta hiru berdindu), baina Osasuna ez da inoiz etxetik kanpo etxean bezain eroso sentitu. Partida ondo jokatu gabe irabazi zuten Valladoliden, eta azken irteeran, Getafen, ondo jokatu bazuten ere punturik batu gabe amaitu zuten norgehiagoka. Horregatik, Getafen bezala jokatuz gero gutxitan galduko dutela badaki Camachok, eta horri eutsi nahi izan zion atzo: «Etxetik kanpo etxean bezain ondo joka dezakegu, eta hori erakutsi dugu jada sasoi honetan, Getafen egin genuen. Baina futbolean golek agintzen dute azkenean, eta Getafen ez genituen aukerak baliatu. Joko berdina egin eta golak sartuz gero, jokalarien mentalitatea ere aldatu egiten da. Golaren bila aritzen gara beti, baina batzuetan ez da lortzen. Pandianik orain arteko aukerarik garbiena huts egin zuen Sevillaren aurka, esaterako, eta hurrengo partidan ia zelai erditik sartu zuen gola Valladoliden. Nire taldeak gola sartzeko aukerak sortzea da niri gustatzen zaidana», adierazi zuen atzo gorritxoen entrenatzaileak.
Azpilikueta, kili-kolo
Arazorik izan ezean, iragan asteburuan Atletico Madril 3-0 menderatu zuen hamaikakoaren aldeko apustua egingo du gaur ere Jose Antonio Camachok, baina atzoko entrenamendua amaitzerik ez zuen izan Cesar Azpilikuetak, eta ikusi egin beharko da bere orkatila nola dagoen gaur. Ez zuen ezer larririk, baina lehendik ere minduta zeukan eskuin hankako inguru hori hegaleko atzelariak, eta atzoko kolpearen ostean jokatzeko moduan dagoen ala ez ikusi beharko da gaur. Camachok deialdian sartu zuen, beraz, jokatzeko moduan izango da seguruenik, baina Oier Sanjurjok prest egon beharko du badaezpada, Azpilikuetak jokatzen ez badu berea izango baita eskuin hegaleko atzelariaren postua.
Epaile lanetan Iturralde Gonzalez bizkaitarra ariko da. Orain bi denboraldi Sevilla-Osasuna partida liskartsua zuzendu zuenetik bigarren aldiz gurutzatuko da Iturralde gorritxoen bidean, eta aurrekoan bezala oraingoan ere Nafarroako Erresumatik urrun izango da: iragan sasoian partida bakarra zuzendu zion epaile horrek Osasunari, El Sardineron, eta 1-1 amaitu zen norgehiagoka.
Zelai aproposa dirudi
Racingek galdu egin ditu denboraldi honetan etxean jokatu dituen hiru norgehiagokak, eta Osasunaren kontra jokatuko du gaur
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu