Emakumezkoetan Karmele Gisasola Zelai III.a, eta gizonezkoetan Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a. Horiek dira Banakako Euskal Pentatloiko txapeldunak, atzo Azpeitiko (Gipuzkoa) zezenplazan erabakitakoak. Gisasola lehen emakume txapelduna da, eta Iruretagoiena, berriz, azken hiru ekitaldiak irabaziak zituen Xabier Zalduaren ondorengoa.
Gizonezkoetan, bi kanporaketen ostean, sei herri kirolari aritu ziren bart gauean Azpeitiko zezen plazan Banakako Pentatloiaren finalean. Zalduak irabazi zituen azken hiru ekitaldiak, baina ez zen aritu atzo, eta ikusmina zegoen txapeldun berria nor izango zen jakiteko. Hauek izan ziren sei hautagaiek egin behar izan zituzten lanak: ehun kiloko bola 25 aldiz altxatu; 400 kiloko harriarekin bi plaza egin (56 metro); hiru kana-erdiko moztu; 50 kiloko txingekin sei plaza egin (168 metro); eta plazari 30 buelta korrika (hiru kilometro).
Nagusitasunez gailendu zen Izeta VI.a, denbora bikaina eginda gainera, garai modernoko onena. Aurkariek, ordea, ez zioten erraz jarri, denbora onak egin baitzituzten haiek ere. Bigarren izan zenak, Joseba Otaegik, Iruretagoienak baino minutu bat eta 39 segundo gehiago behar izan zituen lanak amaitzeko, eta Julen Gabirondok, bi minutu eta hamahiru segundo gehiago.
Emakumezkoetan, berriz, hemeretzi minutu baino lehenago amaitu zituen lanak Gisasolak. Lucia Orbe izan zen bigarren, eta Garazi Arruti hirugarren.