Zelai zaila, beldurrik ez

Atletico Madril sendo dagoela onartu du Zigandak, baina eurek konfiantza berreskuratu dutela dio

2007ko irailaren 30a
00:00
Entzun


Atletico Madril sendo dagoela onartu du Zigandak, baina eurek konfiantza berreskuratu dutela dio
asier legarda-ereño

Iruñea

Erronka zaila bezain erakargarria dauka gaur arratsaldean Osasunak Vicente Calderon futbol zelaian. Osasuna entrenatu zuen azken gizonak zuzentzen duen taldearen aurka ariko da Jose Angel Zigandaren taldea, eta aurreko sasoian lortu ez zuena lortu nahiko dute: Javier Aguirre mendean hartzea, alegia. Aurreko denboraldian 1-0 nagusitu zen Atletico Madril Vicente Calderonen, partida gogor eta zikin batean, eta Ligako azken jardunaldian 1-2 irabazi zuten madrildarrek Iruñean. Javier Aguirrez gain, Nacho Ambriz laguntzailea, Juan Iribarren prestatzaile fisikoa eta Raul Garcia erdilaria ere ondo baino hobeto ezagutzen dituzte Iruñean. Madrilen zorte ona opa arren, gaur arratsaldean laurei atsekabe bat eman nahi diete nafarrek.

Eta erronka zaila izan arren -lau aldiz soilik irabazi dute nafarrek Madrilen jokatutako Lehen Mailako 27 partidetan-, Levanteren aurkako garaipenak emandako konfiantza denboraldiko bigarren garaipena eskuratzeko baliatu nahi dute gorritxoek. «Konfiantza oso gauza garrantzitsua da futbolean, eta Levanteren aurkako garaipenak lasaitasun apur bat eman digu. Baina lasaitasuna, ez lasaikeria. Jokalariek gozatu egin zuten Levanteren aurka bigarren zatian, eta partida hasteko irrikan daude, gozatzen jarraitu ahal izateko», ziurtatu zuen atzo Zigandak.

Hori bai, Atletico Madrilentzat loreak besterik ez zituen izan, azken denboraldietako talderik sendoena osatu baitu Madrilgo klubak Zigandaren ustez: «Atletico Madrilek oso talde ona dauka. Beste urteetan beti zerbait falta ohi zitzaien, baina sasoi honetan gauza asko dute. Entrenatzaile berarekin jarraitzen dute, eta entrenatzaileak atzealdeko jokalari guztiak ondo ezagutzen ditu, baita Raul Garcia ere. Eta aurrealdean gol askoko jokalariak fitxatu dituzte. Hegaletatik eta bi aurrelariekin min handia egin dezakete. Txapeldunen Liga soilik dute hizpide, eta urte ona egiteko osagai guztiak dituzte».

Gaur arratsaldeko partida norbaitentzat norgehiagoka berezia bada, Raul Garciarentzat da. Iruñean jaio, Irurtzunen hazi eta Noainen finkatutako jokalaria gaur ariko da lehendabiziko aldiz bere bizitza guztiko taldearen aurka. Raul Garciak hiru denboraldi besterik ez zuen egin Osasunako lehen taldean, baina gorritxoen harrobian hezi eta hazitako jokalaria da. Gainera, lehen taldean egin hiru denboraldietan bere maila bikaina askotan erakutsi zuen zelai erdian, eta udan 13 milioi euro ordaindu zizkion Atletico Madrilek Osasunari erdilaria fitxatzeko.



RAUL GARCIARENTZAT HITZ GOZOAK. «Bai, zenbait taldekide ohirekin hitz egin dut aste honetan, beti legez. Zalantzarik ez da, niretzat oso partida berezia da, eta, era berean, partida arraroa ere bada, esate baterako herenegun arte klub horretako kidea bainintzen eta oso ondo ezagutzen dudan jendearen aurka jokatzea tokatuko baitzait igandean. Gola sartuz gero, ez dut ospatuko. Lortzen badut, poztu egingo naiz, nire eginbeharra da, baina Osasunari begirunea zor diot eman eta erakutsi dizkidaten gauza guztiengatik», esan zuen Raul Garciak herenegun.

Javier Aguirrek ere badaki Raul Garciarentzat norgehiagoka berezia dela, baina bere profesionaltasuna ere ondo ezagutzen du: «Gauza asko igaroko zaizkio burutik. Raulek esker ona besterik ez dio Osasunari, eta hori badakigu denok. Baina gaur egun Atletico Madrileko jokalaria dela ere badaki, eta, bere taldekideak bezalaxe, irabaztera zelairatuko da, seguru. Zelaian bezala zelaitik at erakutsi duen jarrerarekin denok konbentzitu gaitu».

Zigandak ere hitz egin zuen atzo Raul Garciari buruz, eta hitz gozoak besterik ez zituen esan. Gazte mailetako taldea zuzentzeko ardura hartu zutenean Goikoetxea eta Zigandaren aurrean azaldu zen harribitxi hura ez du ahaztu Larraintzarkoak: «Badakit Madrilen ondo dagoela, eta asko pozten nau horrek. Oraindik gogoan dut Andonik eta biok Taxoaren Raul ezagutu genuen eguna. Hamasei urte zituen, eta gazte mailetako jokalaria zen. Berehala ohartu ginen noraino irits zitekeen mutiko hura. Oraindik izena egin behar du, eta futbolari gisa hazten jarraitzen du, baina etorkizun ezin oparoagoa dauka, zalantzarik gabe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.