Zelai zaila helburua lortzeko

Osasunak maila ziurtatu nahi du bihar Ono Estadin, baina Mallorcak sasoi honetan han jokatutako 15 partidetatik 13 irabazi ditu

Iruñea
2010eko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Azken jardunaldian, jaisteko postuetan dauden hiru taldeek bi puntuko aldea jan zioten Osasunari. Postu horietatik 11 puntura zeuden nafarrak sei jardunaldi falta zirela, eta orain bederatzi puntura dituzte, partida bat gutxiago falta dela. Alde polita du Iruñeko taldeak, baina oraindik ez du matematikoki ziurtatu mailari eutsiko diola, eta puntuak batzen jarraitu beharra du. Bihar iluntzean Ono Estadin ahaleginduko dira aldeak areagotzen, baina ez dirudi zelairik aproposena. Gregorio Manzanok zuzendutako taldeak egundoko sendotasuna erakutsi du denboraldi honetan bere zelaian: hamabost partidatik hamahiru irabazi ditu, eta bi galdu, Sevilla eta Bartzelonaren aurka. Ustekabetzat ere jo liteke Osasunak bihar irabaztea, baina horixe da, hain zuzen ere, gorritxoen helburua.

«Ia salbatuta egoteak ezer gutxirako balio du; matematikoki salbatuta egotea nahi dut nik», gogoratu zuen herenegun Miguel Flañok. Eta Osasunako atzelariari ez zaio arrazoirik falta. Sailkapeneko 11. postuan daude nafarrak, eta atzetik dituzten talde guztiek azken txanpan gorritxoei aurrea hartzea zaila izango dela argi dago, baina matematikoki mailari eutsi artean Osasunako jokalariak ezin dira lasaitu. Lanean jarraitu beharra dago, eta aurkariek kale egiteko zain egon gabe, puntuak batzen jarraitu.

Oso helburu ezberdina lortzeko lehiatzen ari da Mallorca. Herrialde Katalanetako taldea sailkapeneko laugarren postuan da,eta Sevilla gertu izan arren -puntu batera-, Txapeldunen Liga jokatzeko aukera ematen duen postuari nola edo hala eutsi egin nahi diote Aouatek, Nunesek, Borjak, Castrok, Adurizek, Webok eta enparauek. Zelai zaila da Ono Estadi. Gauzak ondo egin beharko ditu Osasunak Iruñera puntuekin itzuli ahal izateko. Baina gorritxoek ez dute itxaropena galdu nahi: «Hamabost partidatik hamahiru irabazi ditu Mallorcak etxean, eta hori lorpen handia da. Baina bi partida galdu ditu, eta gure maila onenean arituz gero, han irabazten duen hirugarren taldea izan gaitezke», esan zuen atzo Krizstian Vadoczek.

Lehenbailehen ziurtatu nahi dute gorritxoek salbazioa, eta puntuak batzeko aukerak alferrik galtzea ez da komeni.

Hori bai, kanpoan jokatutako azken partidetan baino gehiago asmatu beharko dute gorritxoek Mallorcan ez galtzeko. Nafarrek etxetik at urtarrilaren 31n irabazi zuten azken aldiz, Vila-realen zelaian. Harrezkero bost partida jokatu ditu Jose Antonio Camachok zuzendutako taldeak Nafarroako Erresumatik kanpo, eta bost partida horiek galdu egin ditu: 1-0 Sanchez Pizjuanen, 3-2 Molinonen, 1-0 Vicente Calderonen, 2-0 Nou Campen eta 3-0 Mestallan. Beste datu bat: gol bakarra sartu du. Eta horrela ezin da irabazi.

Nekunam ez da osatu

Sergio erdiko atzelariak partida bateko zigorra bete beharko du, Malagaren aurka txartel gorria atera baitzioten, eta Miguel Flañok hartuko du haren tokia, horrek bete baitu jada partida bateko zigorra. Seguruenik, horixe izango da Camachok hamaikakoan egingo duen aldaketa bakarra, Ruperrek ere hasieratik jokatzeko aukera baduen arren. Nekunamek minez jarraitzen du Zaragozaren aurka eskuin orkatila bihurritu zuenetik, eta Camachok deialdia gaur ezagutaraziko du eta euskarri irandarra ez da izango aukeratutakoen zerrendan. Gorritxoek Nafarroako Erresuman egingo dute gaur asteko azken lan saioa, eta bihar goizean hartuko dute Mallorcarako hegaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.